Ba al dakite etxeko txikiek nor izan zen Juan Crisostomo Arriaga? Bada, Arriaga (Bilbo, 1806 - Paris, 1826) musika klasikoko konpositorea zen, eta batzuek Wolfgang Amadeus Mozartekin alderatu izan dute, Euskal Herriko Mozart izenpean. Edonola ere, haren inguruko zalantza guztiak argitzeko aukera izango dute bihar Donostiako Kursaalen: Arriaga bizi da ikuskizuna emango dute, 18:00etan, Ganbera aretoan. Gasteizera ere helduko da etzi. Felix Petite antzokian emango dute, ordu eta egitarau berean.
Berrehun urte igaro dira konpositorea hil zenetik, eta urteurrena gogoan eduki nahi izan du Mikel Cañadak, berea izan baita bai obraren ideia, bai gidoia, bai zuzendaritza. Besteak beste, Larraitz Oiartzabal (biolina), Ana Belen Garcia (pianoa), eta Luken Mungira (tenorea) izan ditu lagun sorkuntza prozesuan, eta bihar ikuskizunean bertan izango dira haiek ere. Kursaal Eszenako Musika Familian zikloaren barruan ondu dute lana, Euskadiko Orkestrarekin batera, eta zuzeneko musika eta adimen artifiziala ditu oinarrian. 6 eta 10 urte bitarteko haurrentzat prestatu dute, eta 50 minutuko iraupena izango du.
Emanaldia bi plano ezberdinetan egin dutela adierazi dute sortzaileek ohar baten bitartez: «Planoetako batean, adimen artifizialarekin egindako sei eszenak atzekoz aurrera kontatutako istorio baten bidez berpiztuko dute konpositore bilbotarra». Hau da, 19 urte zituela Parisen bizitakotik hasi, eta haurra zeneko kontuetaraino. Funtsean, Arriaga bera izango da istorioko protagonista, eta haren bizitza kontatuko du ikuskizunak. Bigarren planoan, berriz, haren iloba Emiliano izango da protagonista —Mungirak jarri dio ahotsa—. Hark konpositorearen istorioak kontatuko ditu, baita kantatu ere. Hala, Arriagaren zenbait partitura ere ezagutaraziko ditu.
Sentsibilizazio tailerra
Egongo da tarterik bestelako jardueretarako ere. Donostiako emanaldiaren aurretik, esaterako, sentsibilizazio tailer bat egingo dute, 16:45ean. Osagarria eta aukerakoa izango dela azaldu dute: «Interakzio eta esperimentazio bidez kontzerturako prestatzeko balioko du». Doakoa izango da emanaldirako sarrera duenarentzat, baina derrigorrezkoa izango da aurrez izena ematea.
Biharko ikuskizunerako sarrerak salgai daude kursaal.eus webgunean, bai eta Kursaaleko leihatilan ere.
soka bones taldea miramonen
Airean marrazten izenburupean, zortzi interpretek osatutako Soka Bones taldeak kontzertua emango du bihar, 11:00etan, Miramonen. Euskadiko Orkestraren ganbera-musika zikloaren barruan antolatu dute saioa, eta bertako kide dira taldeko zazpi musikari: Raquel Cortinas (biolina), Irene Etxebeste (biolina), Delphine Dupuy (biola), Karmele Castillo (biolontxeloa), Mehmet Sonmez (kontrabaxua), Sergio Manteiga (tronboia) eta Christophe Sanchez (tronboia). Itxaso Sainz de la Mazak (pianoa) osatuko du zortzikoa.
Robert Schumannen Fantasiestücke pieza joz abiatuko dute kontzertua. Ondoren, Astor Piazzollaren Oblivion eta Serie del Ángel joko dituzte. Jarraian, Michel Colombierren Emmanuel obra laburra joko dute, baita Carl Maria Weberren Romance ere. Erik Satieren Gnossienne nº1 abestiaren txanda izango da gero, eta kontenplazio eta misterio une bat irudikatuko du. Azken zatian, berriz, Enrique Cresporen Fogo da Mulata eta Johannes Brahmsen Ballades and Romances obrak entzungo dira.