Idazkeran ikustekorik gutxi dute Elizabeth Bishop eta Juan Gelman poetek; «kasik antagonikotzat» ere jo litezke, Maialen Berasategi Catalan BERRIAko euskara taldeko kide eta Munduko Poesia Kaierak bildumako editorearen aburuz: «Lehena gauzen poetatzat jo genezake; harriduraz, jakin-minez eta oso begirada zoliz erreparatzen die gauzei, gai unibertsaletara iristeko. Eta bigarrena jendearen poeta da; jende arruntaren egunerokoa islatzen du, baita herriaren alde sozialagoa ere». Halere, erraz aurkitu du bi poetek zer luketen antzeko, hala nola «erritmo bizia» eta «musikaltasuna». Bego Montoriok euskaratu du Gelmanen antologia, eta Leire Vargasek Bishopena. Susa argitaletxeak plazaratzen duen poesia bildumako 58. eta 59. zenbakiak osatu dituzte, horrenbestez.
Poema bilduma zabal baten jabe da Juan Gelman (Buenos Aires, 1930 - Mexiko Hiria, 2014). 61 urtean 1.300 orrialde baino gehiago eman zituen argitara. Ukrainatik Argentinara migratutako familia judu batean sortu zen, eta, gurasoek bezala, erbestean eman zituen bere bizialdiko urterik gehienak; hasieran, Argentinako estatu kolpeak horretara behartuta, eta, azkenerako, bere borondatez. Montoriok haren militantzia nabarmendu du idazle izateko grinarekin batera: «Poeta engaiatua zen, eta haren militantzia politikoa ere ezaguna zen. Montoneros erakundeko kide izan zen, eta, inskripzio politikorik gabe bada ere, bizitza osoa eman zuen giza eskubideen alde».
«Gelmanek, jaso nahi duen errealitatea jasotzeko, hizkuntza bera behartu, apurtu, bilatu behar du, bestela ezin dituelako esan gauza horiek»
BEGO MONTORIO Itzultzailea
Argentinako estatu kolpeak bezala, «gizonezkoa, heterosexuala eta zuria» izateak ere errotik markatu zuen Gelman, Montorioren arabera: «Emakume bat denean edo transexual bat denean, esan egiten da. Bada, kasu honetan ere aipatzekoa da. Bere gorputzetik, bere bizipenetatik eta inguruan jasotakotik idazten zuen». Hizkuntzaren aldetik, berriz, «etengabeko bilaketak» eman dio arreta itzultzaileari: «Gelmanek zioen hizkuntzak infinituak direla. Bere hizkuntza poetikoa gaztelania zen, eta iturri guztietatik behatzen zuen».
Poemen aukeraketa izan du langintzarik zailena Montoriok: «Ia dena gelditu da kanpoan». Alde horretatik, «antologia apetatsu bat» egin duela aitortu du. «Baina saiatu naiz nire zaletasunak eta interesak gainditzen eta kronologikoki bere lan osoaren isla bat jasotzen», zehaztu du, halere. Liburura batu duen lehen poema 1950eko hamarkadakoa da, eta azkenekoa, 2010ekoa.
Hizkuntzaren hausketa ere nabarmentzekoa iruditu zaio Montoriori: «Gelmanentzat, hori ez da esperimentatze ariketa formal hutsa. Berak jaso nahi duen errealitatea jasotzeko, hizkuntza bera behartu, apurtu, bilatu behar du, bestela ezin dituelako esan gauza horiek». Errealitate gordinari umorea, absurdoa eta fantasia gehitzen dizkiola nabarmendu du bestalde, bai eta haren idazkera «gertukoa» ere: «Irakurleari tokia uzten dio, idatzita ez dagoena osa dezan». Baina itzultzailea gehien liluratu duena irudiak eta metaforak sortzeko gaitasuna izan da. Adibide bat jarri du: «Greba esateko, hau dio: Aldamioaren gainean zutik dago isiltasuna». Berasategik ere «hitzen eta egitura linguistikoen sorkuntzan daukan asmamena eta irudimena» txalotu dizkio Gelmani.
Deskribapen zehatzak
Elizabeth Bishop (Massachusetts, AEB, 1911 - 1979) euskal poeta baten ahotsean heldu zitzaion lehendabizikoz Vargasi: «Lagun dudan Elena Olabek Keinura itzuli liburuan egin zion omenaldiarengatik ezagutu nuen». Hain zuzen, hark hala eskatuta itzuli zuen Vargasek Bishopen lehen poema, 2022an. Halaxe definitu du poeta: «Bidaiaria izan zen eta bidaiariak dira haren poemak ere; xehe eta zehatz margotutako paisaietara bidaiatu zuen, baina baita ahots poetikoaren edo agian norbere barnera ere, eta, azkenik, lotzen gaituzten bizipen kolektiboen barnera».
Baina Bishopen lehen bidaiak ez ziren hautatuak izan. Hura jaio eta hilabete gutxira galdu zuen aita, eta, 5 urte eskas zituela, ama zentro psikiatriko batean sartu zuten eta ez zuen berriro ikusi. Kanadara aldatu zen amaren aldeko aitona-amonekin. Handik urte gutxira, aitaren familiak hartu zuen hura hezteko ardura, eta Massachusettsera aldatu zen atzera. Frantzian hainbat urte eman zituen gerora, eta Hego Amerika ere ederki ezagutu zuen, bereziki Brasil.
«Ezagutu zutenek ziotenez, Bishopek urteak eman zitzakeen poema baterako hitz perfektuaren bila»
LEIRE VARGAS Itzultzailea
101 poema idatzi zituen guztira Bishopek. Vargas: «Poema bakoitza biribiltzeari behar beste denbora eskaintzen tematzen zen, esku fin eta begi zorrotzez. Ezagutu zutenek ziotenez, urteak eman zitzakeen poema baterako hitz perfektuaren bila». Haren perfekzioaren eta aberastasunaren adierazgarri, poema lerro bakoitzeko ageri diren «hamaika geruzak» aipatu ditu: «Xehetasunez beteak daude testuok, halako moduz non posible den irakurleak adar berriak topatzea haietara itzultzen den bakoitzean. Irakurketa horietako ahal beste ekartzen saiatu gara euskarazko bertsioetan ere». Bestalde, herri kantuekiko zaletasun eta ezagutza zabala nabarmendu du itzultzaileak: «Hortik zetozkion poemetan zaindutako erritmoa eta musikaltasuna». Piano klaseak ere hartu omen zituen Bishopek, baina azkenerako ingeles ikasketak hobetsi zituen, jendaurrekoaren beldurrez.
Bishopen poesian ezinbesteko elementua da paisaia. Pinturazalea zen, eta diziplina horretan egindako praktikak, noizbehinkakoa izanik ere, arrastoa utzi zuten haren idazkeran. Gauzen poeta zela ere nabarmendu du euskaratzaileak: «Paisaiak, lakuak, landa errepideak, hiriak, barrualdeak, itxarongelak, gasolindegiak... margotzen dizkigu eta bertan kokatzen gaitu, pintzelkada batean irudikatutako gizakiren batekin beharbada, edo maizago, animaliekin: altzeekin, txakurrekin, arrainekin, txoriekin, ardiekin». Zehaztasun handiko deskribapen horietan, gauza guztien arteko loturak nabarmentzen dira bereziki, Vargasen hitzetan: «Ni bat gu batean, eta gu bat paisaia oso baten parte».