Literatura

Juan Mari Agirreurretak irabazi du Zubikarai saria, bizitzako azken urratsak era «sakon, kontziente eta duinean» eman nahi dituen gaixo bati buruzko nobela batekin

Aurrez zenbait itzulpen lan dauzka argitaratuta, eta 'Leiho bat gehiago' izenekoa izango du sorkuntzazko lehen literatura lana. 8.000 euro jasoko ditu horretarako, eta urtebeteko epea izango du lana bukatzeko. Elkar argitaletxeak kaleratuko du

Juan Mari Agirreurreta itzultzaile eta idazlea. ELKARREK UTZIA
Juan Mari Agirreurreta itzultzaile eta idazlea. ELKARREK UTZIA
Inigo Astiz
2026ko azaroaren 2a
12:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Orain artean, itzultzaile gisa ibilbide esanguratsua egin du Juan Mari Agirreurretak (Pasai Donibane, Gipuzkoa, 1977), eta sorkuntzazko bere lehen literatur lana idatziko du orain. Jean Paul Sartreri buruzko doktore tesia idatzi zuen euskaraz, eta haren Begirada liburua ere euskaratu zuen 2017an (Jakin). Horrez gainera, Victor Hugoren Kondenatu baten azken eguna ere itzuli zuen (Elkar, 2010), bai eta Tomas Transtromer poeta nobeldunaren Bizientzat eta hilentzat lana ere. Jokin Zaitegi itzulpen sariari esker egin zuen azken lan hori —Literaturako Nobel saria jaso duten egileak itzultzeko sortu zuten sari hori—, eta Elkar argitaletxeak eman zuen argitara, 2012an. Fikzioan egingo du proba oraingoan, nobela batekin. Leiho bat gehiago deituko da, eta hura idazteko proiektuari esker eskuratu du Zubikarai saria. 8.000 euro jasoko ditu horri esker; urtebeteko epea izango du lana burutzeko, eta Elkar argitaletxearekin kaleratuko du hurrengo urtean.

Joseba izango da nobelako protagonista. Aski gaztea izan arren, endekapenezko gaixotasun bat diagnostikatu diote, eta, beraz, badaki heriotza hurbiltzen ari zaiola. Baina etsipenean erori ordez, bere bizitzako azken fasea «modu sakon, kontziente eta duinean» bizitzea erabaki du. Elkar argitaletxeak sariaren berri emateko bidalitako oharraren arabera, hain zuzen, pertsonaiak bi seme ere baditu, eta, horregatik, bere heriotza ez ezik, haiei utziko dizkien oroitzapenak eta aztarnak ere kezkabide ditu protagonistak.

Egitura jolastia

Hiru kide izan ditu epaimahaiak: Leire Bilbao, Xabier Mendiguren eta Ana Urkiza. Haiek hautatu dute Agirreurretaren proiektua, eta, gaiak «kutsu dramatikoa» izan arren, lanari darizkion «umorea eta goxotasuna» nabarmendu dituzte. Idazkera «dotorea» eta testuak duen «hausnarketarako aldartea» ere aipatu dituzte, bai eta proiektuaren kultur erreferentzien ugaritasun eta egokitasuna, narratzaileen arteko ahots kontrastea eta argumentuan proposatutako egitura jolastia ere.

Elkar argitaletxeak eta Ondarroako Udalak (Bizkaia) antolatzen dute lehiaketa; hasieran, nobela laburrak idazteko beka bat izan zen, baina 2010ean formatuz aldatu, eta nobelak sortzeko beka bilakatu zuten. Hala bada, orain arteko irabazle zerrendako hamazazpigarrena da Agirreurreta.

Azaroaren 5ean emango diote saria egileari, Ondarroako Kofradia Zaharrean. Horrekin batera, iazko sariketako irabazle Ekaitz Herrera idazlearen Neguberria lana ere aurkeztuko dute.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA