«Gaitza aurrera doa eta neu ere aldatu naiz. Agur esateko garaia iritsi dela iruditzen zait, eta aurtengo kontzertuak podiumetik zuzenduko ditudan azkenak izango dira». Halaxe eman du bere erabakiaren berri Juanjo Mena orkestra zuzendariak (Gasteiz, 1965). Alzheimer gaitzak jota dagoela gauza jakina zen, baina eszenatokiak behin betiko uzteko deliberoa hartu du orain, gaitzak gero eta gogorrago erasaten diolako.
Duela urtebete azaldu zuen bere osasun arazoa Menak. Proba batzuen bidez jakin zuen Alzheimerren gaitzaren lehen sintomak agertzen hasiak zitzaizkiola, eta une hartaz ere mintzatu da orain, bere erabakiaren berri eman duen agirian: «Ordurako susmatzen hasita nengoen inoizko partiturarik zailena interpretatzea egokituko zitzaidala». Une hartan sentitzen zuenarekin alderatu du gaurko egoera: «Baldintzak aldatu dira, eta egoera berri honek erabaki garrantzitsuak hartzera eraman nau. Partiturak amaiera dauka, eta azken konpasak idatzita daude». Erabaki zaila eta, era berean, «sakon hausnartua» izan dela ere azaldu du orkestra zuzendariak.
«Gaitza aurrera doa eta neu ere aldatu naiz. Agur esateko garaia iritsi dela iruditzen zait»
JUANJO MENA Orkestra zuzendaria
Azken kontzertuak «ospakizun» bilakatu nahi lituzke Menak: «Berrogei urteko karrerak esker oneko nota askotarako ematen du. Hasteko eta behin, nire familiari eskaini nahiko nizkieke, etengabeko laguntzagatik eta amaitzen ez den pazientzia erakusteagatik. Bigarrenik, zale guztiei, orkestra guztiei eta lankide izan ditudan musikariei: ikaragarri gozatu dugu eta musika on asko egin dugu». Mesede bat eskatuz amaitu du agiria: «Entzuleen eta musikarien arteko joan-etorriko korronte misteriotsu bat da musika; energia truke bat. Datozen kontzertuak izan daitezela ospakizun kate bat, non protagonista musika izango den, eta argumentua jendearen elkarretaratze solidario eta lagunkoia».
Kontzertuak
Hartutako erabakiaren ondorioz, aurten nazioartean hitzartuta zeuzkan kontzertu guztiak bertan behera gelditu dira, eta apenas izango den aukerarik hura zuzendari gisa ikusi ahal izateko. Datorren astean, 21ean eta 22an, Bartzelonan arituko da; ekainaren 4an eta 5ean Malagan (Espainia); abuztuan Donostiako Musika Hamabostaldian, eta irailean Bilbon, BOSekin.
Nazioarteko orkestra zuzendarien artean estimatuenetako bat da Mena. Bilboko Orkestra Sinfonikoan egin zituen lehen urratsak zuzendari artistiko gisa, 1999an. 2011n zuzendari titular postua hartu zuen BBC Philarmonic orkestran, eta zazpi denboraldiz aritu zen bertan. Aspaldi honetan Cincinnatiko (AEB) May Festival jaialdiko zuzendari gisa aritu da. Europako orkestra batzuk ere zuzendu ditu, besteak beste Berlingo Orkestra Filarmonikoa, Bavierako Irratiko Orkestra, Leipzigeko Gewandhaus Orkestra eta Londresko Orkestra Filarmonikoa.