Julio Iglesias abeslaria salatu dute harentzat lan egindako bi emakumek, sexu gehiegikeria egotzita

Espainiako Auzitegi Nazionalean jarri dute salaketa, eta, sexu erasoak ez ezik, pertsonen salerosketa, jazarpen sexuala eta lesioak egitea eta gehiegikeriazko lan baldintzak ezartzea ere egozten diote.

Julio Iglesias abeslaria, Espainian emandako kontzertu batean. DENIZ TOPRAK / EFE
Julio Iglesias abeslaria, Espainian emandako kontzertu batean. DENIZ TOPRAK / EFE
Oihana Elduaien Uranga.
2026ko urtarrilaren 13a
22:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

ElDiario.es eta Univison hedabideek zabaldu dute albistea: bi emakumezkok Julio Iglesias abeslari espainiarraren kontrako salaketa jarri dute Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskaltzan. Abeslariarentzat lan egindakoak dira salaketa jarri duten bi emakumezkoak, eta hark Dominikar Errepublikan eta Bahametan dituen etxeetan gertatutakoetan oinarrituta jarri dute salaketa. Sexu erasoak egitea egozten diote, baita gizakien salerosketa delituak, jazarpen sexuala eta lesioak egitea eta gehiegikeriazko lan baldintzak ezartzea ere. Hedabideak jakinarazi duenez,  Women's Link Worldwide nazioarteko elkartearen laguntzarekin jarri dute salaketa, eta abeslaria espainiarra izateak Espainian epaitzeko bidea irekitzen duelako jarri dute salaketa han.

2021eko urtarriletik urrira bitartean gertatu ziren hainbat ekintza «pertsonen salerosketa» delitua direla esan dute salaketa jarri dutenek, eta «lanera behartzeko eta morrontzarako» egiten zuela hori, lan baldintza gehiegizkoak jartzen zituela, eta, horrekin batera, «jazarpen sexuala eta sexu erasoak» ere egiten zituela.

Salaketak Iglesias du jopuntuan, baina bi etxe horien arduradun ziren bi emakume ere kolaboratzailetzat jo dituzte. Hiruren artean «talde kriminala» osatzen zutela dio, gainera, Women's Link Worldwide abokatuen elkarteak.

Bi hedabide horiek egindako ikerketaren ondorioa izan da salaketa. Salatzaileen testigantzak ere bildu dituzte, eta, haietan diotenez, presioa egiten zieten sexu harremanak izateko, eta, harreman behartuak ez ezik, zaplaztekoak eta irainak ere jasaten zituzten. Beraiei gertatutakoa salatu nahi dute, baina baita etxe horietan lanean aritu izan diren besteei gertatutakoa ere. «Egiten duena egiten ez jarraitzea ere bada helburua», jaso du hedabideak, salatzaileen hitzetan.

Salaketa jartzearekin batera, nor diren ezkutuan gordetzeko ere eskatu dute salatzaileen abokatuek, eta, salatua nor den kontuan izanda, baita salatzaileak babesteko neurriak hartzeko ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.