Lutxo Egia.
Idazlea

Kafe Antzokiak 30 urte

2025eko azaroaren 23a
04:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ahotsenea. 2014ko urria. Urtea doi oroitzen dut, Berri Txarrak-ek Denbora da poligrafo bakarra diskoa kaleratu behar baitzuen. Artean eszenatoki bakarra genuen; koadrantea, beraz, arin-arin betetzen zitzaigun. Urte hartan, bestalde, inoiz baino musikari gehiago gelditu ziren kanpoan. Zirt edo zart egin genuen: heldua zen beste eszenatoki bat ezartzeko unea. Azoka, baina, ate-joka zegoen. Gaizki gogoratzen ez badut, hura ipintzeko 12.000 euro lortu behar genituen bi astean. Nork emanda, ordea? Ez dut gogoan komunikabideetan zabaldu genuen. Kontuak kontu, berria Kafe Antzokikoei iritsi zitzaien. Bilera batera deitu ziguten, ea zenbat jarri behar zuten; zati bat jartzeko prest zeuden trukean deus ere jaso gabe. Kulturarako estrategiko zeritzoten Ahotseneari, kito, ez izenik, ez publizitaterik, ezer ere ez ordainetan.

Ez dakit aurrekoa konta nezakeen. Baina kontatzekotan, 30. urtemugan kontatu behar nuen. Ez da izan, gainera, niri neuri gertatu zaidan aldi bakarra. Urte hauetan guztiotan hainbat bider jaso ditut Antzokikoen telefono-deiak. Denetan, jakina, ez da tartean diru-konturik izan, baina «behar duzuna», «hemen gaude», «gurekin kontatu» eta gisakoak behin baino gehiagotan aletu dizkidate. Azkena joan den urrian, Mikel Arredondo joan zitzaigunean.

Egitasmo zabalari esaten diogu guk Antzokia: Zenbat Gara elkartea, Gabriel Aresti euskaltegia, Bilbo Hiria Irratia, Kurkuluxetan Umegunea, Algara konpartsa, Kafe Antzokia bera eta beste ekimen batzuk ere. «Antzokikoek deitu dute». Eta beharbada Zenbat Gara-tik deitu dizute. «Antzokiko txosnara goaz». Eta Algarara zoaz. Eta Antzoki zabal horretan hona ekarriko ez ditudan hamaika izen-deitura egon dira eta daude, hamaika, zein baino zein. Komunitatea identifikatzen dugu. Ulertuko duzue, bada, izen propiorik ez aipatzea. 

30 urtean Antzokikoek aise hauteman daitekeen egiteko modu bat ageri dute. Estilo bat. Hurbileko jendea zaintzeko era bat. Eta, zer duda egin, modu hori estuki lotua dago egitasmoaren sorrerari berari. Aitor eta Pedro Zuberogoitia anaiek Bertan Bilbo liburuan jaso zituzten haien esanak: «Hasieratik izan dugu kultura munduko jendeari aterpe bat eskaintzeko borondatea, bilgune bat». Lehen lan-deialdiaren iragarkia ere ekarri zuten liburuko orrietara: 100 LANPOSTU BERRITARAKO DEIALDIA. Zenbat Gara kultur-elkarteko partaideek eta Gabriel Aresti euskaltegiko ikasleek lehentasuna izango dute. Ezinbestekotzat hartuko dira: euskara jakitea eta lanbidea ezagutzea. Kontuan hartuko dira: frantsesa eta espainola menperatzea, eta intsumisoa izatea. Ez dago zertan azaldurik.

30 urtean Antzokikoek aise hauteman daitekeen egiteko modu bat ageri dute. Estilo bat. Hurbileko jendea zaintzeko era bat. Eta, zer duda egin, modu hori estuki lotua dago egitasmoaren sorrerari berari

Zabaldu orduko, Antzokiak astindu egin zuen bilbotarron bizitza, hala euskaldunona nola erdaldunena. Jada ezer ez zen berdin. Erdigunean jarri zituen euskara eta euskaraz sortutako kultura, non eta Abandon. Gainera, beharbada lehendabizikoz euskarazko proiektu batek gaina hartu zien espainolezkoei. Prestigioa eman zien hizkuntzari eta hiztun komunitateari ordura arte hirian inor gutxik eman ez bezala. 

30 urte joan dira ordudanik. Testu hau idatzi bitartean, inaugurazio-eguneko argazki bati erreparatzen ari natzaio. Serio xamar ageri naiz, adi azalpen batzuei; nonbait fede gutxi aitortzen nion ideia zoroari, auskalo, ez dut akorduan. Orain dela hamar urte, aldiz, BERRIAk hogeigarren urtemugaz galdetu zidan eta hauxe erantzun nuen: «Bilboko Kafe Antzokiak jakin du hiria kulturaz zipriztintzen eta gu geu blaitzen; asmatu du sarelana eta elkarlana bultzatzen, amaraun bihurtzen eta hariak sendotzen; asmatu du, era berean, bere burua indar zentripeto bilakatzen, urtez urte proiektua egokituz herritarrak xurgatzen, erdaldunak ere erakartzen; jakin du euskaratik eta euskaraz zentralitateari eusten, kultura prestigiatzen eta arriskuak hartzen; jakin du xume izaten eta abegi egiten; eta, hori guztia gutxi balitz bezala, asmatu du irauten». 

BILBOKO KAFE ANTZOKIA
Bilboko Kafe Antzokiaren ataria. MARISOL RAMIREZ / FOKU

Ez zait damutu. Hamar urte geroago hitz bakoitza defenditzen dut. 30 urtean Bilbon ez da Antzokiarena bezalako egitasmorik sortu euskararen eta kulturaren inguruan. Garrantzia aitortu nahi diet, hortaz, bidegile haien ausardiari, gogo alimalekoari, adoreari, senari eta intuizioari, konpromisoari, eskuzabaltasunari, unea interpretatzeko dohainari eta, zergatik ez, xalotasun-, lotsagabetasun- eta erokeria-puntuari. Hiria eta gure bizitzak etengabe eta azkar aldatzen ari diren honetan, ezaugarri horien guztien beharrean gaude; premia larrian, beharrean baino areago. Ez dut, hala ere, Antzokia idealizatzeko asmorik. Hark ere izango ditu bere buruari kritikatzekoak, aldatzekoak, hobetzekoak, arteztu beharrekoak eta, are, damutzekoak ere. Zorionez, bestalde, azken urteetan beste era bateko egitasmoak ere jarri dira martxan; urrun gabe, Karmelak berak hamar urte bete berri ditu. Baina, zernahi ere den, Antzokiak bide bat proposatu zigun eta gu geu bide horretan barrena ibili gara luzaro, bide horretan gabiltza gaur egun eta, ondo bidean, aurrerantzean ere irrikan egongo gara bide berean ibiltzen jarraitzeko. Urte askoan! Biba Pellot eta biba festa! 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.