Beste bi poetaren obrak batu dira Susa argitaletxearen Munduko Poesia Kaierak sailera. Hizkuntza ez ezik, bizi ibilbide eta poesia molde oso ezberdinak izan zituzten bi poetaren obrak. Antonia Pozzi eta Nazim Hikmet idazleei antologia bana euskaratu diete Joannes Jauregik eta Gotzon Barandiaranek, hurrenez hurren. Bildumako 56. eta 57. zenbakiak dira, eta sailaren arduradun Isabel Etxeberriak eta Maialen Berasategik lagunduta aurkeztu dituzte bi kaierak itzultzaileek.
Italian, Milanen sortu zen Pozzi, 1912an; eta artean Otomandar Inperioaren menpe zegoen Tesalonika hirian Hikmet, 1901ean. Italieraz idazten zuen batak, turkieraz besteak. Eta biak ala biak goi klaseko familietan sortu baziren ere, hortik aurrerako bizi ibilbideak eta poesia moldeak oso ezberdinak izan zirela azaldu du Etxeberriak. 26 urte baino ez zituela hil zen Pozzi, bere buruaz beste eginda, eta bitarte horretan asko idatzi bazuen ere, bizirik zela ez zuen deus argitaratu. Hil ostean ezagutu zen haren poesia lana; haren aita arduratu zen argitaratzeaz, eta, dirudienez, «haren esku hartzea poemetan dezentekoa» izan zen. Hikmet, berriz, 62 urterekin hil zen, Errusian erbesteratuta zegoela, eta helduaroaren erdia Turkiako kartzeletan nahiz deserrian igaro ostean. Haren obra, beraz, atzerriko edizioen eta itzulpenen bitartez zabaldu zen, «nahiko modu desordenatuan». Horraino bi egileak lotzen dituen hari ia bakarra. Izan ere, Hikmetek «bere konpromiso politikoarekin, komunismoarekin bat eginda» landu zuen bere poesia, aldarrikapena xede hartuta nagusiki; Pozziren poemek, berriz, naturaren eta mendi inguruaren behaketa dute oinarri, «begirada existentzialista batetik» betiere.
Bere bizitza laburreko hamar urte eman zituen Pozzik poemak idazten. Jauregik nabarmendu du haren familia suizidioaren bertsioa ezkutatzen saiatu zela, eta aitak, haren testamentua suntsitu ez ezik, argitaratu gabeko poemak editatu ere egin zituela, eta ezin dela jakin noraino eraldatu zuen alabaren ahotsa. «Antonia Pozziren memoria porrokatu bat iritsi zaigu, eta, aldi berean, memoria porrokatu hori eta aitaren interbentzio hori gorabehera, ahots propio oso berezia etorri zaigu, argitaratu eta gerora oso estimatua izan zena».
Poeta ez ezik, argazkilaria ere izan zen Pozzi, itzultzaileak kontatu duenez. Eta mendiak haren poesian duen pisua nabarmendu du; baina ez irudi huts gisa: «Gauzen barrura iritsi nahi bat dago Pozziren begirada poetikoan».Â
Konpromisoa eta mina
Gabriel Arestik Hikmeten hainbat poema euskaratu zituen Lau gartzelak (Lur, 1971) lanean, eta liburuari Arantxa Urretabizkaiak egindako hitzaurrea ekarri du gogora Barandiaranek lehenik eta behin, oraindik ere oso argigarria delakoan. Hala dio Urretabizkaiak pasarte batean: «[...] Nazimen historia konpromiso baten historia da. Nazimen literatura gizon konprometatu eta kontsekuente baten ekintza». Eta hala beste batean: «Nazim Hikmetek Alderdi Komunistaren menpeko aitortu zuen sarritan bere luma. Idazle militante bat zen beraz, herriari mintzatzea helburutzat zuen militantea, zehazkiago, herria kontzientziatzea».
Barandiaranen ustez, «Hikmeti gertatzen zaion tragediarik handiena da gehien maite duen horretatik oso urruti idatzi behar izan zuela». Itzultzaileak gogorarazi du haren poemetan behin eta berriz agertzen den Turkiako herri xehea oso urrun izan zuela bere bizitzaren parterik handienetan, kartzelagatik eta deserriagatik. «Bere helburua zen ordura arteko Persiako poesia klasiko hori hautsi eta beste era batera idaztea, herriari eta irakurtzen ez zekiten horiei idazteko, baina oso urruti dago horretatik». Horregatik, haren poemetan «izugarrizko mina, ezintasuna» nabari dela uste du Barandiaranek.Â
Itzultzailearen ustez, maitasuna hautatu zuen poetak «min horren ukendutzat». Eta, hala, tonu aldarrikatzailea duten poemak ez ezik, «oso samur, oso maitasunetik idatzitako poemak» ere bildu dituzte kaierean.Â