Irakurleari Kaiolan liburuko azalak berak emango dio barruan aurkituko duenaren lehen zantzua: «Jokaleku itogarri batean, iraganaren ezusteko agerpenak», dio bertan ageri den esaldietako batek. Izan ere, estu eta larri ibiliko dira liburu horretako protagonistak: lau lagun dira, ihes gela batera doazenak. Baina ihes gelako proba guztiak bete ondoren, ateratzea lortu ordez, irten ezinda geratuko dira. Horixe da Arrate Egaña idazlearen lan berriaren abiapuntua; Erein argitaletxearekin kaleratu du.
Lau fantastikoak deitzen diete protagonistei, baina, ihes gelan harrapatuta geratu bezain pronto, ikus daiteke haien arteko harremana ez dela hain perfektua ere. «Ihes gelaren barruan tentsio handiko momentuak biziko dituzte. Proba asko egongo dira, eta sekretuak agerian geratuko dira», azaldu du egileak. Batez ere irakurle gazteengan pentsatuta idatzi duela gaineratu du, baina ez dio idatzitakoari baliorik kendu nahi izan: «Prosa landua da, hala ere». Laguntasuna, maitasuna, sexua eta eskola jazarpena dira liburuan aipatzen diren gaietako batzuk.
Uxue Razkin Ereineko editorearen ustetan, gazteek bizi duten egoerak berak harrapatuko du irakurlea: «Espazio txiki batek arrakalak sortuko ditu harremanetan». Hori dela eta, protagonistek zenbait galderari aurre egin beharko diete; adibidez: «Zenbateraino ezagutzen ditugu ingurukoak?». Egañak erabilitako «estilo arin eta zuzena» azpimarratu du batez ere editoreak, liburuko tentsioa arintzen laguntzen duela argudiatuta.
Egileak onartu du liburua «intentsoa» dela, baina, hala ere, «ez da didaktista, ezta moralista ere». Zenbait dinamikarekin kritikoa izaten saiatu dela ere aipatu du.
Egañak berak aitortu du eroso sentitzen den eremutik irten behar izan duela Kaiolan ontzeko: «Albo batera utzi ditut ipuinak». Razkinek eman zion liburua idazteko amua, eta, proposamena «lanez lepo» zegoen garai batean iritsi bazitzaion ere, aurrera egitea erabaki zuen. Orain, pozik da emaitzarekin.