Kalapitxixak, diskotik hormetara

Piztiak taldearen azken diskoko kantuak artelan bihurtu eta erakusketa batean jarri ditu ikusgai Josu Aranbarrik

Ainhoa Sarasola.
Donostia
2011ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Gabeko kalapitxixak diskoa 2009. urte amaieran aurkeztu zuen Piztiak talde ondarroarrak. Proiektu zabalago baten «lehen atala» baino ez zen, hari lotuta erakusketa bat, bideoklip bat eta prozesua erakutsiko zuen dokumental bat egiteko asmoa iragarri baitzuen taldeak. Asmo horiek gauzatu ditu Josu Aranbarri Aramaio baxu jotzaile eta artistak. Ondarroan (Bizkaia) eta Bilbon erakutsi ostean, diskoaren izen bera daraman erakusketa ikusgai jarri du Donostian, Koldo Mitxelena Kulturuneko Ganbara aretoan.

Diskoa grabatzen ari zirela hasi zen lanak sortzen Aranbarri, zerbait egiteko asmoarekin. «Nekatuta nengoen betiko proposamen txikiarekin, CDko irudi guztiak txikian egin beharraz. Diskoaren espiritua askatasuna eta barruak eskatzen dizuna egitea zenez, niri barruak hori eskatu zidan, gauza handiak egin eta jendeari erakustea». CDan kantuen hitzak eta lau marrazki baino ez zituzten sartu, nahita. «Azkenean, erakusketak diskoaren libreto gisa funtzionatzea zen asmoa».

Erakusketaren barruan daude diskoa sortzeko prozesua erakusten duen ordu erdiko dokumentala eta Ereizten gaztana ein bideoklipa. Ikus-entzunezko bi elementu horien inguruan, Aranbarriksortutako gainerako lanak daude. Diskoko kantu bakoitzarekin obra bat osatu du, eta abestiaren izen bera jarri dio, baita kantuaren hitzak ere, aldamenean. «Diskoa oso eklektikoa denez —abesti batetik bestera salto handiak daude estilo zein instrumentalizazio aldetik—, abesti bakoitza planteamendu berri batetik hartu dut. Ez nuen erakusketa homogeneo bat egin nahi, baizik eta diskoa den hori lanetan islatu». Horregatik baliatu ditu askotariko materialak eta teknikak; badira bideo instalazioak, margolanak, argazkiak eta paperean arkatzez egindako marrazkiak, besteak beste.

Teknika eta material horiek elkarren artean nahasten dira lan askotan. Hodeiak obran, argazkien barruan argazkiak azaltzen dira. Lo (...grise eta zurixe) lanean, egunkari bateko orrialdeen gainean margotu ditu irudiak, eta gainetik hegazti lumak erantsi dizkie. Bafor bat hodeizinttan, margoz, argazki zatiz eta hostoz osatutako collage moduko bat da.

Nahasketa hori ez da halabeharrezkoa, «hizkuntzen arteko jolas bat» planteatu baitu, adierazpide bakoitzaren mugak non dauden zalantza mahai gainean jartzeko. Bi ikuspegitatik egin du: batetik, hizkuntza plastikoekin, «marrazkiekin sortutako margolanen bidez, edo margolanetan argazkiak elementu piktoriko gisa agertuz»; eta, bestetik, «hiztunon hizkuntzekin ere badago halako jolas bat». Hiru hizkuntzatan —euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez— daude kantu guztien hitzak, eta akats ortografikoekin ere jolastu du, «euskaraz buruhauste batzuk ekartzen dizkiguten s eta z horiekin», esaterako. My little porn star da horren adibide bat: hizki larriz margotu du bezala hitza, eta z-ren gainean s bat, besala hitza sortuz.

Erakusketa beste hainbat lekutan izan bada ere, haietan erakutsi gabeko hiru obra jarri ditu artistak Donostian. Tunezen da bat, hiru margolanez osatutako lana; harrizko paisaiak eta zeru argiak irudikatu ditu haietan. Ez negarrik egin da beste lanetako bat, argazkiekin aretoko horma batean osatutako muntaketa. Ilargia naiz (ez naiz ezer II) da orain arte erakutsi gabeko beste obra, artistarentzat «oso berezia». Izan ere, Piztiak-ek kantu horretan Xabier Leteren Ni naiz abestiari erreferentzia egiten dio, eta Aranbarri obrak sortzen ari zela hil zen idazle eta abeslari oiartzuarra. Hari eginiko «omenaldi txiki bat» gehitu dio margoz eta argazkiz osatutako piezari.

Ikuslea, parte hartzaile

Aretora sartu orduko, mahai baten gainean hainbat elementu topatuko ditu bisitariak. Igeltsuzko hainbat esku zuri daude; falta zaizkien hatzak mahai azpian barreiatuta jarri ditu artistak. Aldamenean, Piztiak-eko kideen argazkiak ageri dira, kristalezko potoen barruan edo orratzez kutxa bati lotuta, tximeletak edo, Ondarroan esaten dieten moduan, kalapitxixak balira bezala. «Kirmen [Uribe] falta da, batetik bestera baitabil, eta zaila baita tximeleta hori harrapatzea», azaldu du artistak, irribarrez. Halere, idazleak 14 urte zituela ondutako Pornographiaz olerkia da obretako baten ardatza, Aranbarrik arkatzez egindako marrazkiek lagunduta.

Koaderno bat da bisitariak topatuko duen beste elementu bat. Haren alboan, idazluma bat, tinta, kola, eta paper zatietan hiru hizkuntzatan idatzitako hitzak daude, hiru kutxatan banatuta. Materialekin koadernoan nahi duena sortzeko aukera eskaintzen dio artistak bisitariari. Aurreko erakusketetan bat baino gehiago animatu dira.

Proiektuaren osagai guztiak areto berean ikus daitezkeen lehen aldia da. Hala ere, erakusketa ibiltariari oraindik ere azken zati bat gehitu nahi diotela argitu du artistak, egitasmoari lotuta film labur bat sortzen ari baita Josu Eizagirre taldekidea.

Erakusketa ekainaren 18a arte egongo da zabalik. Horren harira, Piztiak-ek kontzertua eskainiko du ekainaren 9an, Koldo Mitxelena Kulturuneko areto nagusian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.