Duela hemezortzi urte jarri zuten abian lehenengoz Leioako Umore Azoka jaialdia, eta erreferentziazko bilakatu da urteekin Euskal Herriko eta kanpoko kale artistentzat. Hiriburu moduko bat, alor jakin horretan. Eta aurtengo aldia da horren froga. Guztira, Euskal Herriko eta munduko beste hamaika txokotako 50 konpainiatako 200 artista baino gehiago batuko ditu maiatzaren 18tik 21era Leioan (Bizkaia), eta erabateko 21 estreinaldi ikusi ahal izango dira. Horrez gainera, Euskal Herrian aurrez eskaini gabeko bederatzi lan, lehendik aretoetan estreinatutako bi piezaren kaleko bertsioaren estreinaldia, eta work in progress bat ere programatu dituzte. 150 emanaldi izango dira, orotara, lau egunez. Guztiak kalean, eta guztiak doan ikusteko moduan.
Adin nagusitasunera heldu da jaialdia, eta haren garrantzia azpimarratu du Mari Carmen Urbieta Leioako alkateak. «Konpainiek Leioan egoteko duten interesak eta gora doan publikoaren presentziak erakusten dute merezi duela urtero egiten dugun esfortzu ekonomikoak». Zehazki, 280.000 eurotik gorakoa da aurtengo aldiak izango duen aurrekontua.
Eskaintzaren kalitatea nabarmendu du Ana Lopez Asensio jaialdiko zuzendari artistikoak. Zehaztu duenez, 500 proposamen baino gehiago jaso dituzte aurten, eta haietariko 50 aukeratu dituzte. Kaleko arte ikuskizunetan ohikoa izaten denez, diziplinartekotasuna izango da nagusi Leioan izango den eskaintzan ere, eta musika, bertsolaritza, magia, clowna, piroteknia, txotxongiloak, automatak eta fakir saioak eskainiko dituzte artistek kalean. «Kaleidoskopikoa» eta «trinkoa» da programa, zuzendariak azaldu duenez.
Euskal Herriko konpainien presentzia ere nabarmendu du Lopez Asensiok. Orotara, 22 euskal konpainia izango dira Umore Azokan, eta datua ez da debaldekoa, zuzendariaren hitzetan. «Euskal Herri osoko artista eta profesionalek gorriz markatuta daukate Leioako Umore Azoka». Izan ere, sektoreko profesional asko biltzen da herrian jaialdirako, eta horrek aukera ematen die artistei beren lanak beste herrialde batzuetako jaialdietako programatzaileen aurrean erakusteko.
Hip hop aireko Kukai
Kukai Dantza konpainia da bere lana aurkezteko Leioa hautatu duten taldeetariko bat. Aurrez, Donostiako dFeria jaialdian egin zuen Kataluniako Brodas Bros taldearekin batera sortutako Topa izeneko ikuskizunaren jendaurreko entsegua, eta Leioan estreinatuko du orain. Hip hopa eta euskal dantzak uztartzen ditu emanaldiak, eta bi konpainien artean elkarlanean sortu dute pieza. Bi mundu koreografikotako lau dantzari, elkarrekin. Oloteko Sismograf jaialdiarekin elkarlanean ekoitzi du lana Umore Azokak.
Horrez gainera, Lekittoko Deabruak taldeak sortutako Anabasa lanaren estreinaldia ere nabarmendu dute antolatzaileek. Piezak Mediterraneoko correfoc izeneko zezensuzkoak ditu inspirazio iturri, eta musika eta piroteknia uztartzen ditu. Kataluniak ere presentzia handia izango du, gainera, jaialdian, hango bederatzi konpainiak hartuko baitute parte, eta, horrez gainera, Espainiako bederatzi konpainia, Frantziako lau, Hungariako bat, Herbehereetako bat eta Suitzako bat ere izango dira Leioan. Pudding Theatre Frantziako konpainia nabarmendu dute antolatzaileek, esate baterako. Izan ere, hamazazpi urte daramatza taldeak kale artea sortzen, eta izen ezaguna da nazioarteko jaialdi sarean.
Bertakoak ere izango pisurik, halere. Eutsi egingo diote aurten ere Leioako bertako sortzaileei eskainitako espazio bereziari. Iaz abiatu zuten herriko kale artistentzako espresuki sortutako Bertako eszena izeneko atala, eta, izan zuen harrera ona ikusirik, aurten ere egitarauan jartzea erabaki dute antolatzaileek.
Azoka eta merkatu
Leioakoa, ordea, ez da jaialdi hutsa. Izenean bertan zehazten denez, azoka bat ere bada, eta, hain zuzen ere, hori nabarmendu du Lopez Asensio zuzendariak. «Gurea azoka da, artistentzako eta programatzaileentzako topalekua, bertan esperientziak partekatzeko eta joera berriak ezagutzeko aukera izan dezaten. Baina batez ere merkatu bat da, Leioan euren programazioetarako ikuskizunak aukeratu, akordioak itxi eta kontratuak sinatuko dituzten ehun profesional baino gehiago elkartuko baitira». Bilkurak, tailerrak eta topaketak ere izaten dira, horregatik, jaialdiak irauten duen bitartean. Biltzarrak antolatu dituzte, esaterako, Euskal Herriko Antzokien Sarea elkarteak, eta baita kale arteetako profesionalen PATEA elkarteak ere.
Jaialdia hasi aurretik ere, Arteen sukaldaritza izeneko jardunaldiak antolatu dituzte profesionalentzat. Atzo hasi ziren, eta gaur jarraituko dute saioek. Besteak beste, han arituko dira hizlari Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Maria Velasco irakaslea, ESMUC Kataluniako Musika Goi Eskolako Xavier Fina irakaslea eta Aida Pallares kazetaria.
Kale arteentzako hiriburu bat
50 konpainia bilduko ditu Leioako Umore Azokak maiatzaren 18tik 21era bitarte, eta 21 erabateko estreinaldi izango dira. Euskal Herriko 22 konpainia egongo dira tartean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu