Irakurri hemen serie honetako artikulu guztiak
Beti ez, baina, askotan, begiak itxita jotzen du tronboia Amets Aznarezek (Iruñea, 2001). «Zerbeza dastaketa bat egiteko begiak ixten dituzunean bezala, beste zentzumenak zorrotzago izateko edo». Jotzean begiak ixten baditu, samurragoa omen zaio arreta horretan bakarrik jartzea. Hori bai, baldintza bat ezinbestekoa izaten da betazalak jaistea erabaki dezan: seguru sentitu behar du toki horretan. Eta oraingo honetan bai, hala izan dela ematen du, begiak emeki itxiak zituela inprobisatu baititu nota batzuk argazkilariaren aitzinean. Gero aitortu duenez, bere barrenera bildua zelarik, errekaren doinuarekin jostatzen ere saiatu da, notak uraren soinuaren gainean teilakatuta. «Utopikoa da igual, e?», onartu du, irribarrez.
Biltzeko motiboa tronboiari buruzko solasaldi bat egitea zela jakitun, Aznarezek propio eskatu zuen elkarrizketa Arga ibaiaren ertzean izan zedila. Behin argazkiak aterata aitortu du zergatik: «Iruñea Nola kolektiboa Ibai Ertzean izeneko festibala antolatzen hasi zen 2015-2016 urteen bueltan, eta horrekin lotu nahi nuen». Jaialdi hori martxan jarri zutenean, Aznarez oraindik ez zen haren antolakuntzan bete-betean sartua, baina postaz jasotzen zituen bileretako aktak-eta, eta kariñoz oroitzen ditu haietako zenbaitetan irakurritako ideia batzuk. Besteak beste, ibaiaren funtzioez eta kulturarekin loturik gordetzen dituen esanahiez mintzo ziren ideiok, eta, haiek xaxatuta, musikariak sarri izan du gai hori bera gogoetagai; horregatik aukeratu du eszenatokitzat. «Ibaia betidanik izan da topaleku komunitarioa, eta ez hori bakarrik: baita errituen kokaleku eta kondaira askoren sorleku ere. Transmisioarekin ere lotzen dut nolabait, badelako gure hiriaren eta lurraren narratzaile, eta, zer esanik ez, sorkuntzarako iturri».
Aznarezek amarengandik jaso zuen musikarekiko lilura batez ere, baina, ohartarazi duenez, bere istorioak ez du guztiz bat egiten ama musikariaren eta haren oinordeko izan den alabaren «kontakizun tipikoarekin». Zarrakaztelukoa (Nafarroa) du familia Aznarezek, eta ama heldutan hasi zen musika jotzen —lehenbizi, gaita—, herrian euskararen normalizaziorako eta euskal kulturarekiko atxikimendua sustatzeko dantza talde bat sortu zutelako, eta azkenean ikusi zutelako hobe izanen zela musika ere haiexek jotzea.
Aznarezek sarri ikusten zituen ama eta izeba han-hemenka gaita jotzen, eta kutsatu zitzaion zerbait. Ohartzerako, behatzekin «taka-taka» mahaian kolpeka aritzeari utzi, danborra astintzen hasi zen. Halaxe aritu zen amarekin eta izebarekin Euskal Herriko plaza mordoan barrena. Aznarez: «Dena oso natural hasi zen, talde baten beharrei erantzuteko eginkizun bat bezala».
«Txikitatik, dozenaka plazatan nuen ikusia [tronboia], eta halere ez nuen ongi ulertzen nola funtzionatzen zuen. Nioen: 'Zera hori gora eta behera... non daude notak?»
Baina tronboia iritsi zen gero, 7-8 urte zituela, Joaquin Maia musika eskolan izena eman eta tresna hori aukeratutakoan; eta hura du ordutik bidelagun nagusia. Are gehiago, bizitzaren «hezurdura» gisara ere definitu ohi du instrumentua Aznarezek. «Hark zehaztu ditu nire bizitzan hartu ditudan erabaki gehienak». Gaur egun, finko ari da Broken Brothers Brass Band taldean eta Joseba Tapiarekin, eta, gainera, zenbaitetan, honako beste hauetan ere jotzen du: Balkan Paradise Orchestran, Fermin Muguruzaren bandan, Las Testarudesen eta Kinbonbo Brass Banden. Besteak beste, Raimundo el Canasteron eta Iruñeko Bronce peña laguntzen duen Gazte Txarangarekin ibilitakoa ere bada —txarangatik aparteago dabil oraintsu, baina sanferminetan bi aldiz atera zen haiekin, gogotsu—.
Baina zergatik tronboia? «Txikitatik, dozenaka plazatan nuen ikusia, eta halere ez nuen ongi ulertzen nola funtzionatzen zuen. 'Zera hori gora eta behera... non daude notak?', pentsatzen nuen». Hortaz, jakin-min hori ere izan zuen kontuan musika eskolan izena emateko. Hiru musika tresna aukeratzeko eskea egiten zuten halakoetan, lehentasunaren arabera ordenatzeko. «Lehenengo postuan gitarra jarri nuen, garai hartan Ken Zazpirekin obsesionatua nengoelako!», aitortu du umoretsu. Aldiz, tronboia bigarrenean jarri zuen, eta horretan hartu zuten azkenerako. «Eta eskerrak!».

Musika eskolan zikloa bukatu, eta Pablo Sarasate kontserbatoriora egin zuen jauzi Aznarezek. Klasikoa ikasi zuen —«beste aukerarik ez zegoelako»—, eta aurrez ezaguna zuen oso bestelako iruditeria batekin egin zuen topo orduan.
Oroitu duenez, kontserbatorioan aski tematuak ziren musikariek «perfekzioa» erdietsi beharrarekin, eta musikariaren maila neurtzeko irizpideekin ez zen oso ados —metronomoa etengabe azeleratu beharra eta obra bereziki luzeak guziz akasgabe interpretatzeko obligazioa aipatu ditu, adibidez—. «Nik ulertzen nuen diziplina eta pasioa behar zirela, lehendik ere banekien, baina ez nuen ulertzen haien filosofia», zehaztu du. Musikarekiko «haustura nahiko handia» sentitu izana du gogoan garai hartatik.
Zorionez, orduko aho zapore hori zertxobait hobetzea lortu zuen gerora Bartzelonako ESMUC Kataluniako Musikako Goi Eskolan emandako aldian. Zehazki, han jazza eta musika modernoa ikasitakoa da Aznarez. «Oraindik ere baziren gauza oso akademiko, nahiko elitista eta niretzat ulertezinak, baina desberdina izan zen, kritikak kritika».
Berdin jazz, reggae edo ska
Instrumentuari buruz gehien gustatzen zaizkion gauzetako bat da, dioenez, «tronboiarekin ia-ia dena» egin daitekeela. «Askotan, ez du ematen, eta iruditzen zaigu gitarra batekin askoz posibleago dela, baina ez da horrela. Tronboiarekin berdin aritu zaitezke mexikana batean, txaranga batean edo brass band batean. Edo Joseba Tapiaren estiloan, edo skan eta reggaean». Gainera, tresnaren soinua eta jotzeko manera ere maite ditu bereziki, trikimailu ugari egiteko modua ematen duelakoan —«irristailuarekin eta...»—. Glissando-ak dira horren adibide.
Eta ez hori bakarrik: metalezko gainerako haize instrumentuen aldean, abantaila bat nabarmendu dio Aznarezek tronboiari: «Talde batean, tronpetarentzat oso zaila da beste tresnei ez gailentzea. Normalean soinu zolikoa da, eta oso-oso zaila da suabe jotzea. Tronboiarekin, izan zaitezke lied-a; adibidez, saltsa batean. Baina jo dezakezu blues bat edo balada bat ere, suabe-suabe, goxo-goxo».
«Tronpeta batentzat oso zaila da beste tresnei ez gailentzea. Normalean soinu zolikoa da, eta oso-oso zaila da suabe jotzea. Tronboiarekin, izan zaitezke lied-a; adibidez, saltsa batean. Baina jo dezakezu blues bat edo balada bat ere, suabe-suabe, goxo-goxo»
Gaur egun, partitura zurrunetatik eta setlist hertsietatik aparteko emanaldiak disfrutatzen ditu gehien Aznarezek; aitortu du ezen bolo itxiek, «diskoan aditu daitekeen gauza bera diren horiek», nahiko aspertua dutela dagoeneko. «Gustatzen zait ez jakitea zer joko dugun, eta inprobisatzea, edo inprobisazioak zentralitate askoz handiagoa izatea behintzat». Dioenez, alderdi hori garatzeko biziki garrantzitsua egin zitzaion 2020aren inguruan Hots Mintegian parte hartu izana. Hainbat hilabetez, kasik astero biltzen ziren hainbat musikari, elkarri ariketak proposatzeko eta elkarrekin gogoetatzeko adierazpen kulturalen funtzioaz. Ordura arte esploratu gabe zituen bide batzuk ere ezagutarazi zizkion esperientzia horrek, gainera. «Ordura arte, ibilbide akademikoan, tronboiarekin notak bakarrik jotzen nituen, eta hor ikasi nuen beste soinu edo zarata batzuk ere badirela musika». Adibidez? «Adibidez, tronboiaren ahokoa behatzarekin tak-tak jotzea».
Urteen joanarekin, musikaren molde «karratuetatik» kanpo aritzeko tentazioa gero eta handiagoa izan zaio Aznarezi. Eta, horri erreparatuta, ez da kasualitatea New Orleanseko musikaren eta oro har musika beltzaren eta inguruko mugimendu kulturalen inguruan sentitzen duen lilura. Oro har, halakoek komunitatearekin duten lotura estuak nabarmen erakartzen dute instituzio akademikoek baino gehiago, iradoki duenez. Erreferenteetan ere suma dakioke hori: Bartzelonako Raval Sant Andreu Jazz Band aipatu du ziztuan; «jazzaren inguruan eta akademiatik oso urrun sortutako banda», zehaztu du. «Rita Payes, Andrea Motis, Magali Datzira, Alba Armengou...». Airean eten puntuak idatzita utzi nahiko balitu bezala intonatu du izen zerrenda, miresmena begietan.
lehenbizikoari fidel
Aznarezek hiru tronboi ditu osotara, baina eskuratu zuen lehenbizikoarekin azaldu da elkarrizketara. Zorro beltz eta zurrun batean darama batetik bestera —«Zorroa aurten erosi dut, Muguruzaren Latinoamerikako biran seguruago eramateko»—, eta Aroztegiko auzipetuen aldeko zapi horia ere sartua du barrenean, instrumentuari pega-pega eginda. Tronboia musika eskolan hasi eta gutxira erosi zioten, 8 bat urte zituenean, eta, preseski, horixe bera da gaur egun ere gehien jotzen duena. «Jazza eta musika modernoa tronboi txikiagoekin jotzen baita normalean, dela mikrofonoekin aritzen garelako edo kalean ibiltzen garelako», argudiatu du. Hain zuzen ere, beste batzuen kontrastean, tronboi nahiko txikia da harena. Eta tenorra, Yamaha markakoa. «Honekin autoekin bezala gertatzen da. Badago jendea ahal balu hilabetero aldatuko lukeena autoa, ez-dakit-zein Audi probatzeko-eta; bada, tronboiekin berdin. Niri, berriz, ez zait asko inporta. Inoiz, okurritu zait tronboi zahar bat erostea, garai bateko jazzaren soinu berezi hori lortuko dudalakoan… baina…». Baina, aitortu duenez, azkenerako beti baztertzen du tresna ordezkatzeko aukera. «Irristailua nahiko koskatua dago, banuke aldatzea… baina ongi jotzen dut! Eta ilusioa ere egiten dit; nire lehenbiziko aldi guztien tronboi bera dut nirekin».
Beste bi ere baditu, dena dela. Bata erdi mailako gradua ikasten hasi zenean eskuratu zuen: Yamaha markakoa da hori ere, baina handixeagoa, «klasikoan aritzeko egokiagoa», eta transpositorea du —irristailua urruneko posizioetara mugitu beharrik gabe zenbait nota jotzen laguntzeko gailua—. Gainera, plastikozko tronboi bat ere badu, «morea», zehaztu duenez. «Izebek erosi zidaten, opari». Oroitu duenez, Alesbesko kintoetan jotzera joana zela eta festa horretan asko zikintzeko ohitura zegoela kontatu ondotik oparitu zioten, halako izu kolpe batek bultzatuta bezala, ez zekion instrumentua izorratu.
