Kritika. Antzerkia

Kalean aurkituko gaituzu

2025eko ekainaren 25a
04:00
Entzun 00:00:0000:00:00

'Azkena eta bagoaz'

Trapu Zaharrak konpainiako azken antzezlanaren tituluak dioena egia borobila dela ziurtatu digu soinua teknikariak. Taldeak erretiroa hartuko duela eta datorren denboraldiaren ostean merezitako atsedenaldiaz gozatuko dutela aitortuz, kale antzerkian berrogei urtean ibiliak direla diosku. Trapu Zaharrak konpainiak, beraz, agur esaten du Azkena eta bagoaz ikusgarriarekin. Hartara, hilabete batzuk badituzue talde honi zuen errespetua adierazteko. 

Ez da, nire ustez, muntatu duten lan ez landuena ez biribilena baina berdin zait; nik agur ofizial bat eman nahi nien oparitu dizkiguten momentu zoriontsuengatik. 

Azkena eta bagoaz piezaren aitzakia argumentala sinplea da: kaleko aktore pare batek (Mikel Laskurain eta Lierni Fresnedo) kale antzerkia egiteari utzi, eta areto aktore bihurtu nahi dute, obra berri bat eratuz. Horretarako, crowdfunding bat antolatu beharko luketela azaldu ondoren, ikuskizun hori izango denaren lagina antzeztu digute. Ekitaldietan garatuko duten Bost ordu Mario gabe izeneko zatiak eskainiko dituzte eta horien artean varieté moduko entretenimenduak. Katxondeoan eta publikoaren gobernantzan maisu-maistrak dira trapero hauek. Jendearen konplizitatea beti-beti bilatzen dute, betiere, algara zein barrearen bila. Umoreak, dena den, badu bere puntu gazia ironiari tira egiten diolako askotan. Berdin du ikuslearen adinak: umeak barre, helduak barre; finean, kaleak barre. 

Eta teatroaren historian ez da kontu hutsala izan kalean edo areto baten barruan aritzea. Horra botere zein klase kontuak eta azken bi mendeetako teatroaren engaiamendu politiko esplizitua. Horra hor, komediante hauen hautua alderrai ibiltzea izan dela Errenazimentuko komikoak lez. Orain gurdia erabili beharrean, furgoneta dute garraio eta aldagela. Egia esan, ez dute gauza handirik behar kontatu nahi dutena irudikatzeko, ez dute ezta karpa edota aterpe baten beharrik ere. 

Akordura etorri zaizkit Laskurain eta Fresnedo ez diren gainontzeko beste trapero batzuk: Txubio Fernandez de Jauregi, Mila Espiga, Xabier Barandiaran, Santi Ugalde… Buruan darabilzkit urteetan zehar ikusitako hainbat emanaldi: El pisito (Pisutxoa), La Conga, Camping Renove, Turistreando, besteak beste. 

Trapu zaharrak taldeak antzerki biluztasuna erabili du teatro jakinduriaz jantzita. Herriz herri, plazaz plaza, kalerik kale. Zuei topa!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.