'URTEBETETZE ZALAPARTATSUA'
Idazlea: Paddy Rekalde. Ilustratzailea: Jokin Mitxelena. Argitaletxea: Ibaizabal.
Badira jada hiru urte Zirimiri bilduma martxan jarri zenetik. Ordudanik zazpi titulu eskuratu ahal izan ditugu, itzulpenak erdiak, euskaraz sortutakoak gainerakoak.
Irakurle hasiberriari begira sortutako bilduma dela dirudi, bertako liburuek dituzten ezaugarriak ikusita. Meharrak dira eta orrialde kopuru neurritsukoak (24 orr.). Eskuan arin hartzen dira, eta aldi berean handi xamar sentitzen (23x21cm). Ezaugarri formal hauek letra tamaina handia ahalbideratzen dute, bai eta ilustrazio lan koloretsu eta begi-asegarriak ere. Irakurle hasiberriarekin bildumak duen lotura azpimarratzeko izan dezakeen ezaugarri garrantzitsuena album ilustratuaren tankera izatea da. Irudien presentzia nabarmena da bilduma —oraingoz— osatzen duten zazpi zenbakietan, eta berebiziko ekarpena egiten diote irakurketari.
Zazpigarren zenbaki hau bi euskal egileren eskutik dator, Paddy Rekalde idazlearen eta Jokin Mitxelena ilustratzailearen eskutik. Lehenaren obra ez da oso zabala haur literaturari dagokionez —zortzi argitalpen, zehazki—, baina titulu esanguratsuak argitaratu ditu —Lapatza narrazio labur ekologista, esaterako—; kontrara, Jokin Mitxelenaren ekarpena euskal haur literaturan ehunka liburukoa da, eta ikaragarria haien artean topa daitekeen kalitatea. Esaterako, Ibaizabal argitaletxean bertan aurki daitezke Lapurrak zooan, Oker bilduma mitikoaren barruan, eta misterio-izu giroan murgiltzen gaituen Tomasen belarritakoa.
Gatozen, baina, esku artean dugun Urtebetetze zalapartatsua liburura. Narrazio arina eskaintzen zaigu bertan, familiako kideez osatutako protagonista talde batekin, denak Anartz deritzon haurraren inguruan bilduta. Izenburuak garbi esaten du zein izango den kontakizunaren aitzakia eta motorra, barruan aurkituko dugunaren sintesi perfektuarena eginez. Gidoiari dagokionez, Rekalde bere aurreko liburuetan markatu duen ildoari fidel agertzen zaigu, atsegin literarioa beste gainerako asmoen gainetik jarritako proposamen honekin, asmo hezitzaileak agertu beharrean testuinguru eredugarriak proposatzen baititu oraingoan ere.
Azaleko ilustrazioak (aurreko eta atzeko azalak ilustrazio bat eta bera dira) istorioaren muinari egiten dio erreferentzia, beste askotan bezala, hain agerikoa ez den kontua. Marra hautsiz osatzen diren irudien bidez, Mitxelenak testuari konpainia egitea baino gehiago eskaintzen digu, ildo narratibo propioa eraikitzen baitu, testuarekin bat, kontraesanik sortu gabe. Baiki, koloretan asetako irudiek testuari testuingurua eskaintzeaz gain, ilustrazioek esan gabeko —hau da, idatzi gabeko— informazioa eskaintzen digute, hamazazpigarren orrialdetik aurrera bereziki. Bertan Anartz mutikoaren irudimenak fantasiaz betetako eremuetara eramaten du irakurlea, testuak testuinguru errealean mantentzen gaituen bitartean.
Laburbilduz, irakurleak balio handiko obra bat topatuko du liburuxka honetan, orekatua eta kalitatez betea.