Artea

Kalteberatasuna gerezi loreetan

'Gereziondoa' izeneko erakusketa jarri dute Iruñeko Geltoki gunean. I. Z. ezizeneko sortzailearen artelanak daude bilduta: 35 argazki, film labur bat eta audioan erregistratutako narrazio bat. Kontenplazioaren gorazarrea da, batik bat.

I. Z. artistaren 'Gereziondoa' erakusketako argazkietako bat —'Udaberria' atalekoa da hau—. BERRIA
I. Z. artistaren 'Gereziondoa' erakusketako argazkietako bat —'Udaberria' atalekoa da hau—. BERRIA
Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2025eko abuztuaren 13a
04:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Babes premian izan zen hartan, adinkideari begira aurkitu zuen sosegua I. Z. artistak (Iruñea, 2000). Adinkidearen adar eta loreen gerizpean. Aitak, semea jaiotzear zelarik, gereziondo bat landatu zuen Zubirin (Nafarroa), eta sortzaileak arbola horixe du, hain zuzen, «lagun min» oraindik ere. Hari kontatu dizkio urteotako buruhauste eta oinazeak, eta hari helarazi dizkio bidera ateratako zientoka zalantza ere. Ordu luzez behatu dio, argazki mordoa atera, eta hitz bat edo beste idatzi. Eta bizipen horien guztien emaitza Gereziondoa erakusketan jaso du orain. Abuztuaren 29ra artean, Iruñeko Geltoki gunean da ikusgai. 

Zehazki, Geltokiko Villavesa aretoan ikus daiteke mostra. Metro karratu gutxiko espazioa da, eta, hala eta guztiz, hiru arte adierazpidetako obrak bistaratu ditu sortzaileak bertan, baina batere saturaziorik eragin gabe orobat. 35 argazki, bost minutu inguruko film bat eta prosan idatzitako poesia bat ondu ditu.

Hainbat faktorek bat egiteak sorrarazi zuen proiektua. Batetik, artistak 2022aren bueltan formatu analogikoaren inguruan zeukan interes handiak; bestetik, txikitatik gereziondoarekin zuen harreman estuak; eta, bestalde, sortzaileak halako batean sentitutako emozio zurrunbiloak ere izan zuen eraginik hastapenetan. 

«Ohartzerako, eguneroko moduko bat idazten hasia nintzen, eta, horretan, gereziondoari kontatzen nion zer sentitzen nuen, eta, batez ere, azaltzen nion ez nuela ongi ulertzen zergatik nengoen horrela»

I. Z. Artista

«Garai berezi bat bizi nuen, arraroa. Bereziki, pertsona bat idealizatzen hasi nintzelako», oroitu du I.Z.-k. 2023ko udaberriaren hasierako garaiaz ari da. «Ohartzerako, eguneroko moduko bat idazten hasia nintzen, eta, horretan, gereziondoari kontatzen nion zer sentitzen nuen, eta, batez ere, azaltzen nion ez nuela ongi ulertzen zergatik nengoen horrela». Kontaketa horrek eboluzioa izan zuen azkenerako. Izan ere, zehaztu duenez, hasieran gereziondoaren beraren aldaketei erreparatzen zien gehienbat; gero, gereziondoa ispilu gisa baliatuz bezala, bere barne aldaketen narrazio bat osatzen hasi zen; eta, azkenean, guztiz pertsonifikatu zuen arbola. «Idealizatua nuen pertsona horri ariko banintzaio bezala idazten nion gereziondoari».

Apurka-apurka paperera ekarritako hitzok poema bilakatu zituen azkenik, eta audio formatura moldatu ditu erakusketarako. Lagun batek errezitatu dizkio —gaztelaniaz—, eta 15 bat minutuko audioa da emaitza. 

Biluzi edo loretan

Bideoa eta argazkiak, bi-biak daude formatu analogikoan eginak, «emeki eta errespetuz»: argazkiak 35 mm-ko formatuko kamera batekin daude aterata; bideoa, 16 milimetrotan. Eta, poeman kontatzen denarekin bat eginda, kontenplazio ariketa baten arrastoak antzeman daitezke kamerarekin eginiko pieza guztietan ere. Esate baterako, argazkietan gereziondoa eta haren ingurua dira protagonista. Edo haren fruituak, edo itzalak. 

(ID_17541399250415) I Z artistaren Gereziondoa erakusketaren irudietako bat.
Gereziondoaren adarrak nola biluzten eta lorez nola betetzen diren ikus daiteke irudietan. BERRIA

Besteak beste, arbolak urtaroaren arabera izaten dituen aldaketak xeheki daude erregistratuta irudietan, eta baita nolabait datatuta ere. Udaberria, Negua, Udazkena eta gisa horretako beste etiketa batzuekin batera paratuta daude argazkiak aretoaren hormetan. Ezinbestean, bakoitza zer garaitakoa den, diferentea da arbolaren itxura eta transmititzen duen airea. Gereziondoari adar biluziak ikus dakizkion irudiek duten aire nostalgikoaren aldean, bizitzaren martxa alaiago bat iradokitzen dute beste batzuek. Adibidez, hori transmititzen du zuhaitzaren aurrealdean esekitoki bat ikus daitekeen irudiak: koloretako arropa dago hedatuta, eta eguzki argia da nagusi. 

Filmak bost minutu eskas irauten du, zuri-beltza da, eta bi bobinatako irudiak ikus daitezke. Hori bai: bi horietako bat ez zen egotekoa, berez. «Beste bobina bat nuen grabatua, baina bidean galdu zen», kontatu du artistak. Alegia, istripua eta guzti izan zuen prozesuak, eta, galera hori konpentsatzeko, hirugarren bobina bat erosi, eta galdutako horretan erregistratuta zegoena berriz harrapatzen ahalegindu zen, «plano guztiak ordena berean kokatuta, gainera». I.Z.: «Orain, izan ziren baina dagoeneko izango ez diren irudiok berpizteko ahalegina dago film honetan». 

Mostraren aurkezpenean, hiru arte adierazpideak jorratzeko eginiko prozesuaz gogoetatu du artistak. Azaldu duenez, elementu bakoitzari «berea» ematen saiatu da, batik bat. Hiru bide bereizi balira bezala landu ditu bideoa, argazkiak eta narrazio poetikoa. «Bereizita jorratu ditut, bestela irudipena baitut beti gailentzen dela bat. Adibidez, uste dut hori gerta daitekeela film labur batean irudia eta soinua elkarrekin daudenean; bata besteari gailentzen zaio», nabarmendu du. Eta tesi horrekin koherente izan da Gereziondoa-n, bistan denez: filma mutua da. 

Harrizko geruzarik ez

Eginiko lanaz «harro» azaldu da I. Z., baina argitu du bestelako sentipenak ere pizten zaizkiola erakusketa ikusten duen aldiro. «Oso zaurgarri sentitzen naiz, eta badut gehiegi erakutsi izanaren beldur gazi-gozo hori. Halere, hau egiteak arindu egin dit zama bat, eta, neurri handi batean, bada zeure buruari harrizko geruza bat erantzi izanarekin konparatu daitekeen sentimendu bat. Hori lortu dut behintzat». 

Abuztuaren 29ra arte, erakusketa astelehenetik ostiralera bisitatzen ahalko da Geltoki gunean, 10:00etatik 17:00etara. Irailean, berriz, Elizondoko (Nafarroa) Arizkunenea Jauregian izanen da ikusgai: hilaren 5etik 27ra. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.