EHAZErekin batera sortutako Ganbila bilduman eman ditu argitara Susa argitaletxeak Kamikaz kolektiboaren Fikziraultzaileak eta Maite Aizpuruaren eta Infinitudramaren Herrenaren promesak liburuak, bildumako 30. eta 31. zenbaki gisa, hurrenez hurren. Liburu batean zein bestean, artean oholtza gainean ikus litezkeen antzezlanak batu dituzte, eta aparteko testuez osatu. Fikziraultzaileak izenburupean, Kamikaz kolektiboak sortutako Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi eta Renata aurkituko ditu irakurleak, biak ere arrakastaz taularatutakoak. Herrenaren promesak liburuan, berriz, Erresistentzia arazo fisikoa da, Promesa berdina egin diegu lagun guztiei eta Promesarik txikiena. Azkena formatu handiko lana da, eta joan den astean estreinatu zuten Leitzan (Nafarroa).
«Egungo oholtzetan idazketa kolektiboa ulertzeko bi modu garaikideren adierazle dira». Halaxe definitu ditu Ganbila bildumako arduradun Oier Guillanek bi liburuetan batutako antzezlanak. Izan ere, aurrez idatzitako testu literario bat hartu eta hura oholtzaratu beharrean, taldekide guztiek elkarrekin eta arian-arian garatu dituzte antzezlanak, inprobisazioari behar beste toki eginez.
Antzezlanak nola, liburuak hala
Bi liburu horien osaketa prozesuak ere antzerki taldeen lan kolektibo hori nabarmendu baino ez du egin. Oinarrizko gidoi literario hertsirik ezean, testuak oholtzan egindako saioen grabazioetatik berreskuratu dituzte, eta kolaborazioen bidez osatu, ordura arte egindako bidea hobeki ulertzeko. Bestela esanda, liburua osatzeak atzekoz aurrerako prozesu batera eraman ditu bi kolektiboetako kideak.
Alderantzirako prozesu horretan egin beharrekoa ez da beti eta baitezpada begi bistakoa izaten. Maite Aizpuruak, esate batera, zalantzak agertu ditu: «Zeri egin uko, zer jarri akotazioetan... hori guztia sakon lantzeko denbora behar izaten da, baina edizioak agintzen du, eta erabakiak azkar batean hartu behar izaten dira». Erresistentzia arazo fisikoa da antzezlanaren kasuan, liburuko testua «sintetikoagoa» iruditzen zaio oholtzakoa baino, eta, horren harira, papereratzeari esker egindako deskubrimendu baten berri ere eman du egileak: «Poesiatik hurbil dagoen antzezlana dela konturatu naiz».
«Antzerkiak horixe du: egindako lana emanaldiak egiten zoazen heinean ulertzen duzu, ikus-entzuleekin harremanean»
MAITE AIZPURUAAntzerkigilea
Herrenaren promesa liburuan jasotako beste bi antzezlanek —Promesa berdina egin diegu lagun guztiei eta Promesarik txikiena— Mejillon Tigre kolektiboarekin eta Ihintza Alkainekin Garaionen (Araba) egindako idazketa egonaldi batean dute sorburua. Biak adiskidantzaz hitz egiteko beharretik sortuak izanagatik ere, bakoitzak bere forma eszenikoa du, eta, bien kasuan, egileak distantziarik eza izan du zailtasunik handiena liburua osatzerakoan: «Bi antzezlanak bizirik daude, eta gauza batzuk ez dituzu oraindik ulertzen. Izan ere, antzerkiak horixe du: egindako lana emanaldiak egiten zoazen heinean ulertzen duzu, ikus-entzuleekin harremanean». Alde onen artean, berriz, antzezlan bera formatu batean, bestean edo aldi berean bietan ikusteko parada ematen duela aipatu du.
Kamikaz taldekoak batik bat Renata antzezlanarekin dabiltza oholtzaz oholtza, baina Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi ere taularatzen dute noizik eta behin. Bi antzezlanetan, hain zuzen, kanpo begirada bat eskaini zien Espe Lopez antzerkigileak, eta, hortaz, hark idatzitako hitzaurrea gehitu diete bi antzezlanen testuei, Fikziraultzaileak liburuan. Beste kolaboraziorik ere aurkituko du irakurleak bertan, tartean Harkaitz Canoren eta Odei Barrosoren testu bana.
«Ongi dago hitza lehenestea eta ikus-entzuleen esku uztea. Oso eskertuta gaude eman diguten aukeragatik»
ERIKA OLAIZOLAKamikaz taldeko kidea
Guillanek Kamikazeren lana loriatu du: «Kamikaz taldekoen antzezlanak ikusi dituztenek gogoan izango dituzte taldearen energia, jolasa eta abiadura. Haien taularatzeko modua eta aktore lana inpaktantea da». Baina liburuak patxadaz irakurtzeko ematen duen aukeraz baliatzeko gomendioa egin du: «Merezi du. Batez ere, horren guztiaren atzean zer-nolako lanketa dagoen ikustearren. Lantzen dituzten gaietan, umoretik haratago ere nolako sakontasuna duten erakusten dute testuek».
Kamikaz taldekoei ere ez zaie erraza egin liburururatze prozesua. Taldeko kide Iraia Eliasek haien sortze prozesuan inprobisazioak duen garrantzia aipatu du horren arrazoi gisa, baita antzerkiaren eta literaturaren arteko banalerroa ere. Erika Olaizola ere Kamikaz taldeko kide da, eta, haren ustez, mugimenduak eta abiadurak ere zerikusi handia izan dute horretan: «Antzezlana bizpahiru aldiz ikusi eta gero hasten zara ulertzen, antzezlanaz haratago. Alde horretatik, ongi dago hitza lehenestea eta ikus-entzuleen esku uztea. Oso eskertuta gaude eman diguten aukeragatik».