Etxetik gertu geratzen direnak badira, baita ahalik eta urrutien joaten saiatzen direnak ere. Autoa hartu eta errepidean orduak eta orduak igarotzeko gai denik ere bada, edo, erosotasuna bilatze aldera, hegazkina hartzen duenik. Mendia gustuko dute batzuek; beste batzuek, ordea, hondartza. Makina bat opor eredu dago gaur egun eskura, edonoren gustuak asetzeko modukoak. Kanpinak dira aukera horietako bat. Herri txikien antzekoak dira, euren biztanle, euren arau, euren azpiegitura eta euren berezitasunekin. Hain zuzen, kanpin bat izan dute ardatz Las Reinas kanpina antzezlanaren sortzaileek; Ttipia kulturak eta La Cuerda konpainiak batera ondu dute. Ez da kasualitatea istorioa kanpin batean kokatu izana. Maitane Perez aktorearen hitzetan, Goiatz Labandibar idazlearen Zoo ipuin liburuak eman zien antzezlana sortzeko akuilua; liburuko kontakizun guztiak kanpin batean garatzen ziren. «Unibertso bat ireki zigun, eta interesgarria iruditu zitzaigun kanpin bat eszenatoki batera eramatea».
Hiru emakume dira Las Reinas kanpin-eko protagonistak; makina bat urte daramatzate kanpin berean uda pasatzen, eta euren bigarren etxea bihurtu da jada. Baina, bat-batean, kanpina jabez aldatuko dute, eta jabe berriek glamping bat —luxuzko kanpin bat— egin nahiko dute bertan. Hori ez zaie ondo irudituko protagonistei, eta eurena zena defenditzen saiatuko dira. «Emakume horiek sentitzen dute eraldaketa horrek baztertu egingo dituela. Haientzat erosoak diren gauza horiek aldatu egingo direla», azaldu du Perezek.
Gaur izango da euskarazko bertsioaren estreinaldia, Getxoko (Bizkaia) Muxikebarrin, 20:00etan. Gaztelaniazko bertsioa ere badu antzezlanak, jada estreinatuta dago. Perezekin batera, Olatz Beobidek eta Maider Lekunberrik egingo dituzte aktore lanak.
«Gauzak modernizatuz eta garestituz doaz; jada ez dira edonorentzat, eta hor hasten dira zailtasunak. Hori dela eta, jendeak bere auzoak eta eremuak utzi behar izaten ditu»
MAITANE PEREZ Aktorea
Antzezlanak iraun bitartean, ikusleek emakume bakoitzaren izaera ezagutzeko aukera izango dute, bai eta bakoitzaren egoera pertsonala nolakoa den ere. Perez: «Kanpina euren babeslekua da. Aske sentitzen dira bertan; askatasun eremu bat da, eta euren eguneroko bizimodutik ateratzeko lekua». Bestalde, glamping bat eraiki nahi izatearen ideia baliatuz, kritika soziala egin nahi izan dute. Aktoreak azaldu duenez, zuzendariak —Eva Redondok— gentrifikazioaren metaforatzat jo du: «Gauzak modernizatuz eta garestituz doaz; jada ez dira edonorentzat, eta hor hasten dira zailtasunak. Hori dela eta, jendeak bere auzoak eta eremuak utzi behar izaten ditu». Perezen iritziz, dirudunek dute horren gaineko kontrola, eta euren interesen arabera maneiatzen dituzte gauzak.
Oporren «errebelazioa»
Opor giroa da nagusi Las Reinas kanpina-n. Beobideren ustez, jendeak beste jarrera bat izaten du opor garaian: «Ematen du mundua beste leku batetik hasten dela, urte hasieran bezala. Oporrek badute nolabaiteko errebelazio bat». Sentsazioa beste bat da, baina, Perezen ustez, jendea, hala ere, egunerokoan den bezalakoa da kanpinean; alegia, funtsean ez da batere aldatzen. «Patroiak errepikatzen ditugu berdin-berdin, eta gizartearen funtzionamenduko gauza asko errepikatzen dira mikrokosmos horietan. Askeago sentitzen zaren gune horretan, norberaren izaera are gehiago ageri da».

Gaztelaniazko bertsioa jada taularatuta eta obrak jendearengan sortzen dituen erreakzioak ikusita egingo dio aurre lantaldeak gaurko estreinaldiari. Horrek konfiantza ematen dien arren, Beobidek aipatu du euskarazko bertsiorako egindako lanaren ondoren, urduritasun ukitu bat ere badutela. Beatriz Zabalondok eta Jose Luis Arangurenek euskaratu dute testua, eta horrek antzezlanari eman dion balioaz mintzatu da aktorea: «Ez da itzulpen soil bat izan. Geruzaz geruza hori lantzen aritu gara; antzezlana goxatzen». Estreinaldiaren aurreko asteak Urnietako (Gipuzkoa) Sarobe arte eszenikoen gunean eman dituzte, eta bertan egin zuten aurrestreinaldia, herenegun.
«Oporretan ematen du mundua beste leku batetik hasten dela, urte hasieran bezala. Oporrek badute nolabaiteko errebelazio bat»
OLATZ BEOBIDE Aktorea
Taldean egindako lanaren emaitza izan da antzezlana; «indarrak batu ditugu», gehitu du Beobidek. La Cuerda konpainiako kideekin lan egindakoa da aktorea; esaterako, 2018an Izotza apurtzen den ertza obran aritu zen Perezekin eta Lekunberrirekin, baita 2024an Olagarrua-n ere.
Gaurko emanaldiaren ostean, pixkanaka saio gehiago lotzen ari dira. Oraingoz, Las Reinas kanpina ikusteko hurrengo aukera Legazpin (Gipuzkoa) izango da, apirilaren 17an. Udan antzerki jaialdi batzuetan parte hartuko dute, baina oraindik zehazteke dituzte emanaldiak. Urrian Donostian ere taularatuko dute.