Irakurri hemen serie honetako artikulu guztiak
Â
Sekuentzia laster mordoa bata bestearen segidan, eta, gehienez ere, plano geldo gutxi batzuk. Horren antza behar lukete Arriguriren lan jardunaren tempoa fidel erretratatzeko filmek. Bideoklipek, bestela. Elkarrizketarako ordua lotu baino lehenago ere aitortua zuten halakorik ekoiztetxeko zuzendari Xabi Ojinaga Juarezek (Bermeo, Bizkaia, 1992) eta Ander Mateos Aurrekoetxea Totxo-k (Derio, Bizkaia, 1987), «bizimodu kaotikotxoa» dela haiena, eta Bilboko Ibarrekolanda auzoan izan da hitzordua azkenean, horregatik. ETBn ematekoak diren telesail bat dute eskuartean aspaldi, eta hura filmatzen bukatzen ari dira uztailaren hondarreko egunotan hirian, nahiz eta hari buruz ezin duten askorik kontatu gaur-gaurkoz. Eta eskerrak, horregatik, solasaldiak bestelakoa duen bokazioa.
Hamar urte pasako ibilbidea du egina Arriguri ekoiztetxeak dagoeneko, eta, urteotan guztiotan, hamarnaka musika talderen dozenaka kantutarako bideoklipak egin dituzte. Bestelako lanik ere egin dute; hala nola promoziorako spot-ak —Bermeoko arrain azokarena, kasurako—, bideo kronikak eta Chill Mafia taldeari buruzko fikziozko film bat ere bai tartean. Baina bideoklipen esparruak eman zien aitzakia proiektua abiarazteko, eta hori da haien ibilbidearen motor nagusietako bat ere; hala aitortzen dute zuzendariek ere.Â
Hori bai: ikus-entzunezkoaren generoa bat dela edo bestea dela, filmak dira lan guztiak, nabarmendu dutenez. «Bizkaitar batzuk pelikulak egiten»; horrela definitzen dute beren burua Instagrameko profilean Arrigurikoek. «Izan daitezke eskasak, baina pelikulak dira», ohartarazi du umore garratzez Mateosek.
Kantuen gainean filmak eraikitzea da kontua, hortaz.
Tandemean pedalkadaka beti
Bilbon ez baleude, norbere etxe zuloan leudeke lanean Ojinaga eta Mateos; Bermeon bata, eta Meñakabarrenan (Bizkaia) bestea. Ez dute aparteko lantokirik. «Eta halere egunero ikusten dugu elkar, edo hitz egiten dugu etengabe; bideo deiz ez bada, gutxienez Whatsappez», kontatu du Ojinagak.
Bai hark eta bai haren kideak solasera ekarritako aitorpenetan agerikoa da bikote gisara lan egiten dutela azpimarratu nahia. Eta hain zuzen horregatik ohartarazi zuten honetaz aldez aurretik ere: baldin eta bideoklipak zuzentzeko garaian nola jarduten diren islatzea bazen asmoa, bion rola beharko zela aintzat hartu. Tandem gisako bat baitira, bi buruko zuzendari bat.
Behin baino gehiagotan galdetu diete ea talkarik izaten duten elkarren artean, desadostasunak ez al zaizkien pisu. «Kalenturaren bat bai», baina «gutxi» izaten direla azaldu du Mateosek orain, eta, dioenez, bi iritziren artetik bakarra aukeratu ordez «erdibideko puntu gatzgabe» batean gelditzea da arriskua gehienez ere. Dena dela, Ojinagaren arabera, norberak badaki zehazki zer alderditan tematu daitekeen gehiago. Eta, oroz gain, bikote izateak desabantaila baino abantaila gehiago dituela sinetsita daude bi-biak. Mateos: «Hamar urte daramagu elkarregaz, eta enamoratuta gaude bata bestearekin».Â
2017an eratu zuten Arriguri kooperatiba gisara, Hasier Goikolearekin batera —Ane Aldaya eta Cesar Laucirica ere lantaldean dira egun—, baina lehendik ere martxan ziren. 2014an batu ziren lehenbizikoz. Ojinaga Urgatz musika taldean aritzen zen, ordurako ezagutzen zuen Mateos, saskibaloi talde berean aritutakoak zirelako, eta bazekien, gainera, hura hasia zela bideoklipen munduan: Frantzeska taldean jotzen zuen Mateosek, besteak beste, eta egina zuen bideoklipik bandarentzat. Horren jakitun, Ojinagak galdetu zion ea eginen zion bideoklip bat hari. Eta deriotarrak baietz erantzun, baina baldintza batekin: elkarrekin egin zezatela.Â
Elkarrekin, Bardean (Nafarroa) grabatu zuten pieza hori; Basamortua izeneko kantarako bideoklipa. Diferente eginen lukete gaur egun, baina kariñoa diote hala eta guztiz, hura izan baitzuten abiapuntua.Â
Harrezkero, Euskal Herriko txoko guztietako artistentzat egin baitute lan Arrigurikoek. Luzea da zerrenda: Gorka Urbizu, Izaro, Txopet, Sara Zozaia, Eñaut Elorrieta, Gatibu, HOFE, Liher, Merina Gris, Mirua, Euskoprincess... Eta Hatortxu Rock jaialdiaren azken aldiko kantuari ere haiek lagundu zioten irudiz, adibidez.Â
Ordea, pieza horiek guztiak buruan ordenatu ezinean dira zuzendariak, paradoxikoki. «Ezin dut kronologia bat egin: buruan dut hasiera bat, eta, gero, masa gris bat», aitortu du Mateosek. Buruarekin baietz Ojinagak. Zehaztapena heldu da gero, dena dela. Mateos: «Igual gehiago ordenatu ahal ditut kameragaz. Badakit zein kameragaz grabatu genuen zer».Â
«Asko maitemindu gara karreteagaz, Super 6 eta halakoegaz. Ze, noski, karretea laborategitik bueltan etortzen zaizu, eta normalean benetako gauzak daude ja hor»
ANDER MATEOS AURREKOETXEA 'TOTXO'Â Arriguriko kidea
Kamera analogikoak dituzte kutunen. Gehienbat halakoak baliatu dituzte bideoklipetan ere, hasieratik. Artisautzatik hurbilago den lan bat egiten ari direlako sentipenak eta irudien zenbait alderdi guztiz kontrolatu ezinak berak liluratuta dauzkate Arrigurikoak, Mateosek dioenez. «Asko maitemindu gara karreteagaz, Super 6 eta halakoegaz. Ze, noski, karretea laborategitik bueltan etortzen zaizu, eta normalean benetako gauzak daude ja hor. Orduan sentsazioa izaten da erraz-erraz muntatuko duzula, ja badaukazulako zerbait. Hau erre egin zait? Bada, zoragarri. Hau desenfokatua dago? Bikain. Analogikoa gustu bat da guretzat, zer egingo diogu». Eta, hala eta guztiz, urte honetan bertan zerbait aldatzen hasi dela ere aitortu du deriotarrak. «Orain grabatzen ari garen telesailerako objektibo analogikoegaz gabiltza, baina kamera digitalegaz, Frankeinstenak-eta egiten, tranpetan, eta, aizu, eduki dut halako adiskidetze bat digitalarekin».
Betiere, anbizioz
Salbuespenak salbuespen, enkargu batek abiarazten du prozesua aldi oro. Ojinagaren esanetan, hiru gauza behar izaten dituzte proiektuarekin aurrera eginen ote duten ebazteko: kantua bera, hitzak idatzirik, eta aurrekontu bat. «Baina erantzuna, normalean, beti da baiezkoa».
Engranajea ziztuan jartzen da martxan orduan. Gauzak ongi bidean, abestia aditu bezain laster barrenean zerbait «pizten» zaiola kontatu du Mateosek. Dioenez, erraztasuna du preseski urrats horretan, eta aise heltzen zaio «txinparta» hori, eta izpi horrek zuzenean eramaten du irudiren batera, erreferentziaren batera, inoiz beste lanen batean egin eta atzera ere funtziona lezakeen baliabideren batera, berdin efektu berezi batera edo kamera mugimendu batera; hemerotekara. «Askotan esaten dugu, kamera baino gehiago, gure lan tresnarik preziatuena Vimeon jasotako erreferentzia bilduma dela, horregatik», nabarmendu du ildo berean Ojinagak.Â
Eta kantuaren hitzekin zer? Orpoz orpo jarraitzea komeni? Mateosek nahiago izaten du haiei askorik ez erreparatu. «Pelikuletan ere, jendea berbetan hasten denean... ez pentsa...». Bideoklipa trazatzeko, nahiago du artistari azalpenen bat eskatu, «hanka ez sartzeko», baina libre erabaki zer kontatu nahi duten irudiekin. Konparazioan, Ojinagak apur bat erneago egiten die so hitzei, eta, adibidez, maite du imajinatzea esaldi konkretu baten gainean zerk eman dezakeen ongi.Â
Txinpartak eta bururatutako ideiak orri batera jaistea izaten dute hurrengo urratsa, nolanahi dela. Erreferentzia guztiak batuta, eta ahal izanez gero dosier txukun bat osatuta, bideoklipak aurrera egin ahala unean-unean irudikatu asmo dituzten egoerak zehazten dituzte. Eta gero dator zailena, diotenez. «Gero dator ikustea ea ekoizpen aldetik bideragarria den, eta geure buruari automurrizketak egitea tokatzen da», aitortu du Ojinagak. «Eta txarrak gara automurrizketak egiten; ez dakigu frenatzen», onartu Mateosek.Â
Estiloa zer den
Beren buruari prebentziozko zangotrabarik egin ezinik eta batik bat esperimentazioari ateak parez pare zabalduta lan egiten dutela azpimarratu dute zuzendariek, eta, zehazki, lanean daukaten konpromisorik handienetakoa beti «autoexijentzia maila handiz» jardutea dela nabarmendu du Ojinagak. Izatez, hori bera erantzun du Arriguriren estiloa zerk definitzen duen galdetutakoan ere. Baina uzkurrago mintzatu da, aldiz, zehazki estilo estetikoari buruz mintza dadin eskatutakoan. «Arrigurik badauka estilo bat, baina agian gehiago da sentsibilitate konkretu bat, eta, betiere, aurretik horretan asko pentsatu gabe daukaguna. Adibidez, horren harira, guk inoiz ez dugu pentsatu 2017ko Euskal Herriko produkzio etxe hipsterra izan ginela; etiketa horrek nazka pixka bat ere ematen digu izatez, baina kanpotik igual horrela ikusi gaituzte, eta norbera nola ikusten duten...».Â
«Guk inoiz ez dugu pentsatu 2017ko Euskal Herriko produkzio etxe hipsterra izan ginela; etiketa horrek nazka pixka bat ere ematen digu izatez, baina kanpotik igual horrela ikusi gaituzte»
XABI OJINAGA JUAREZÂ Arriguriko kidea
Mateosen laguntzarekin heldu da estiloaren definizio zehatzagoa solasaldira. «Adibidez, gu saiatzen gara muntaketan ahal den dena eta askoz ere gehiago egiten. Irudi bat dugu, eta aspergarria da? Ba, ez, horrela ez, egingo diogu zerbait», eman du pista bat. Eta Ojinagak garatu du ideia segidan: «Nire amak esango luke Arriguriren estiloa dela segundo bat baino gutxiago irauten duten planoak egotea beti, eta ez duela ulertzen eta ez duela ematen denborarik ezertarako. Eta paradoxikoa da hori, gure sentsazioa delako nahi ditugula 30 segundoko planoak egin eta ondo funtzionatzea, eta hortxe gabiltza». Azalpen hori aditu, eta irmo bezain umoretsu ahoskatu ditu hitzok lankideak: «Ezabatu aurreko guztia: zure amaren horrekin geratuko naiz».
Ez zaie erraza ibilbideko bideoklipen artean gustukoena zein duten ebaztea. Mateosek Maruri-Jatabeko (Bizkaia) Sua taldearentzako eginiko bat ekarri du gogora: You Don't Care; 2020ko urrian plazaratu zuten. Ojinagak 2021ean Espainiako La MODA Maravillosa Orquesta del Alcohol taldearekin eginiko bideoklip sorta nabarmendu du kutunen artean.Â
Ezinbestean, besteek egin dutenari eta egiten dutenari ere begiratzen diete. «Azkenaldian deskonektatuago nago, baina eduki ditugu erreferenteak, noski», kontatu du Mateosek. Aspaldi eta urtetik urtera bideoklipen munduak izan duen gorakadaren lekuko izan dira; hurbiletik, gainera. Ojinaga: «Garai batean, bideoklip kasik guztietan zegoen talde bat industrialde zahar batean jotzen, baina gero ja...»
Sentipen gazi-gozoa dute orain, ordea. Preseski orain bideoklipen esparruan «beherakada» sumatzen hasiak dira bi zuzendariak, edo, behintzat, susmoa dute industriak orain dela bospasei urte jo zuela «goia», eta ez dela izan hori gainditzerik. «Noizean behin oraindik ere ateratzen da zerbait guztiok harritzen gaituena, baina lehen hamar marabilla ateratzen ziren urtean: Rosaliak zerbait atera, eta bonba bat izaten zen; C Tanganarekin berdin. Eta berdin proiektu txikiekin, e? M.U.R. talde katalanak sekulako bideoklipak zituen», eman ditu adibideak Mateosek. Eta Ojinagak aise segitu du zerrenda osatzen: «Derrepentean, The Blazek lan bat atera eta izan zitekeen bizitzan ikusi zenuen gauzarik guapoena. Eta berdin Romain Gavrasekin».Â
Halakoak dagoeneko hain ohikoak ez direla sumatzeak kezkarik ote dakarkien? Ez. Argi dute ezetz. Ojinaga: «HIstoriari so egiten diozu, eta dena dira zikloak. Guk ilusio berarekin egiten dugu lan».Â
lanegunak: zoroak edo errutinazkoak
Bi motatako lanegunak dituzte Arrigurikoak: «zoroak» eta «errutinazkoak». Erraza da batzuk eta besteak bereiztea. «Errutinazkoetan, nahiko goiz altxatzen naiz, gero gimnasiora joaten naiz, gero kafe bat, gero lan egiten saiatzen naiz ordenagailuan, gero bazkaria prestatzen dut andrearentzat... gero berriz ordenagailura...». Mateosen adibidea da hori, baina egunok antzeko bizi dituela nabarmendu du Ojinagak: «Gimnasioaren ordez, paseoak txakurrarekin». Haren lan jarduna, hori bai, izugarri dago telefonoari lotua: «Whatsappean aritze kriminala da nirea».Â
Eta egun zoroak nolakoak? Adibide batekin erantzun du Mateosek hori ere: «02:00etan filmaketa bat amaitu ostean, 08:00etan segitu grabatzen, gero argazkilari bat datorkizu esanez elkarrizketa baterako fotoak atera behar dizkizula. Gero, korrika autora, filmaketa beste toki batean segitzeko, baina kameraren objektiboa apurtu egin da, eta inprobisatu egin behar duzu, ez dago besterik, eta gero, ohartzerako, Bilbo erdian zaude, BERRIAko kazetari baten galderei erantzuten».Â
Â