Zinema. Estreinaldiak

Kapitalismoaren amaiera

Don DeLilloren 'Cosmopolis' eleberriaren zinemarako moldaketa egin du David Cronenbergek

Robert Pattison bihurtu du Cronenbergek bere filmeko protagonista nagusia. BERRIA.
Gontzal Agote.
2012ko urriaren 10a
00:00
Entzun
Don DeLillo idazle estatubatuarrak 2003an eman zuen argitara Cosmopolis eleberria. Hamar urte pasatu direnean, David Cronenbergek horren bertsio zinematografikoa egin du, eta ez da kasualitate hala egin izana. Kontua da DeLilloren liburua nahiko profetikoa dela, oso ongi aurreikusi baitzituen gaur egun gure munduko bazter honetan gertatzen ari diren gauzetako asko.

Itxuraz, oso sinplea da Cosmopolis-ek kontatzen duena. Eric Packer gazte dirudunak New York hiria zeharkatuko du bere limusina erraldoian sartuta. Ile-apaindegira joan nahi du, eta horretarako hiriaren alde batetik bestera egin beharko du. Barnean nekez nozitzen ahal du kanpoan gertatzen ari dena, baina jakin badaki herritarrak sutan daudela: matxinada bat hasia da eta ezinegona da nagusi.

Kanpoko munduarekiko lotura barneko pantailek emanen diote: albisteak, burtsaren indizea, mezuak... Horrekin batera, bidean zehar hainbat pertsona igoko dira haren autora: bazkideak, emaztea, maitaleak... Horrez gain, mehatxatuta sentituko da Packer, ziur baita norbaitek hil nahi duela, baina ez daki nor den, ezta noiz hilko nahiko duen ere.

Cosmopolis-ekoa inguru apokaliptikoa izaten ahal zen orain dela hamar urte, baina gaur egungo ustezko mundu aberatsaren errealitatearekin bat datorren deskripzioa da. Madrilgo manifestazio handiak direla edo Ocuppy Wall Street mugimendua dela, horien oinarria dago liburuan: kapitalismoaren amaiera irudikatu zuen Don DeLillok, eta horixe bera da orain Cronenbergek pantailetara eraman nahi izan duena.

Zentzurik zurrunenean, honako hau ez da film politikoa; bai, ordea ziklo baten amaiera islatzen duen alegia. Errealitatetik at bizi da Eric Packer protagonista harroputza, kanpoan gertatzen denari ezikusiarena eginez. Seguru sentitzen da; inork ezin du bere kontra jo. Harik eta garai berri bat hasi dela ohartuko den arte.

Don DeLillo jatorri italiarreko idazle estatubatuarra da, herrialde horretan gaur dagoen nabarmenetakoa, eta, haren fikziozko lanaren bitartez, herrialde horren kronista zorrotza bihurtu da. Gizarte estatubatuarrean dauden lur azpiko korronte ikusezinak agerrarazten ditu bere liburuetan. Underworld, Libra eto Running Dog dira bere lan ezagunenetako batzuk.

David Cronenberg Don DeLilloren jarraitzaile handia da, baina ez zuen Cosmopolis liburua irakurria. Paulo Branco ekoizleak helarazi zion, harentzat oso aproposa izaten ahal zela uste baitzuen. Zuzendari kanadarra txundituta gelditu zen, bereziki eleberriak zituen elkarrizketekin, eta pantaila handirako moldaketa prestatzeari ekin zion. Gaur egun gertatzen ari den anabasa ulertzeko tresna ezin egokiagoa izaten ahal zela uste zuen.

Horrelakoetan gertatu ohi denez, ez du liburua bere horretan errespetatu; hainbat aldaketa egin dizkio; baina Delilloren lanari leial izan zaiola uste du zinemagileak. Betiko moduan, aspaldiko laguntzaileekin egin du lan zuzendari beteranoak, hala nola Howard Shore musikagilearekin.

Protagonista lanetarako berehala izan zuen buruan Robert Pattison aktore gaztea. Cronenbergek ezagutzen zuen haren ibilbidea, eta ziur dago Twilight-en oihartzun mediatikotik harago baduela aktore handien ezpala. Pattisonekin batera, eskarmentu handiko aktore ezagunak daude Cosmopolis-en: Paul Giamatti, Juliette Binoche eta Mathieu Amalric, besteak beste.

Filma aurtengo Cannesko Zinemaldian aurkeztu zuten, eta han denetariko iritziak jaso zituen. Batzuentzat, egungo mundua ulertzeko film ezin garaikideagoa da; beste batzuentzat, berriz, Cronenbergen ohiko estiloarekin zerikusirik ez duen moldaketa hotz eta arimarik gabekoa da. Kritikak kritika, zinemagilea dagoeneko hasi da bere proiektu berrian lanean, eta beste liburu baten moldaketa da. The Matarese Circle du izenburu, eta Tom Cruise eta Denzel Washington izanen ditu protagonista.

'COSMOPOLIS'

Zuzendaria: David Cronenberg.

Aktoreak: Robert Pattinson, Sarah Gadon, Paul Giamatti, Samantha Morton, Juliette Binoche, Kevin Durand, Emily Hampshire, Patricia McKenzie, Mathieu Amalric.

Herrialdea: Kanada.

Urtea: 2012.

Iraupena: 108 minutu.

Estreinaldia: Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.