«Zein tarta zati jango zenuke?», galdera bota dio Xabier Mendigurenek idazleari. Liburuaren azalean txokolatezko tarta zatitxo bat ageri da, laranjazkoa da beste bat, eta ahabiak ditu beste batek. Kolore eta zapore horiek eta beste batzuek osatzen dute azaleko urtebetetze tarta borobila; hain zuzen, Karmele Mitxelenaren 15 urte ipuin liburuan gertatzen den bezalaxe; «hamabost pertsonaren mokadutxo» bana biltzen baitu liburuak, hamabost urtebetetze istorio. Eta Mitxelenak erantzun du tarta zati «den-denak» hartuko lituzkeela, kolore eta zapore guztietako bana. Elkar argitaletxearekin argitaratu du zati guztiak biltzen dituen ipuin liburua.
Komunikabideetan adoleszentziaren «irudi fribolo bat» transmititzeko joera izan dela uste du Mendigurenek: «Haien dramak bost zentimoko pupua izaten ziren edo, bestela, drama gehiegizkoak». Baina editoreak dio nor bere «bizitzan eta oroimenean» arakatzen hasiz gero, orduan ohartuko dela, hain justu, adoleszentzia «beste zerbait» dela. Bada, Mitxelena beste zerbait horretara hurbildu dela uste du: «Gazte askok eskertuko dute adoleszentziaren beste ikuspuntu bat ematea, eta heldu askok ere bai. Liburuak irakurketa geruza asko ditu, eta irakurgai interesgarria izango da helduentzat ere; gurasoentzat eta irakasleentzat dudarik gabe, baita ez bat ez beste ez direnentzat ere».
«Liburuak irakurketa geruza asko ditu, eta irakurgai interesgarria izango da helduentzat ere; gurasoentzat eta irakasleentzat dudarik gabe, baita ez bat ez beste ez direnentzat ere»
XABIER MENDIGUREN Editorea
Askotariko gaiak lantzearekin batera, Mitxelenak «beste mundu batzuk» zabaldu nahi izan dizkie «hemen eta gaur» bizi diren gazteei; beste egoera eta testuinguru batzuk. Besteak beste, gerra, alkoholismoa, migrazioa, harrera etxe bat eta harremanak ditu hizpide; betiere, Mendigurenek aipatu bezala, «ohiko istorio dramatiko» horietatik aparte dauden harremanak. «Hamabosgarren urtebetetzea desberdina da zauden lekuaren arabera; desberdina da Euskal Herrian edo Indian egon, eta desberdina da hamabostak gerran dagoen herrialde batean betetzen badituzu», esan du idazleak.
15 urte, hamaika kontu
Hortaz, desberdina da ipuin bakoitza; laburrak eta luzeak daude, orrialde bakar batekoak eta luzexeagoak; bai gaziak eta bai gozoak ere. Adibidez, horietako bat Whatsappeko elkarrizketa bat balitz bezala kontatua dago, eta esnatu berri den neskato bati mutil lagunak bidaltzen dizkion mezuak irakur daitezke hartan. Libre izena du, ironiaz. Eta gai mardulak landu baditu ere, idazleak baieztatu du oso ondo pasatu duela liburua idazten. Horrenbestez, komedia igartzen dio kontakizunen hariari: «Ni idazle bezala ezagutzen nauenak beharbada ikusiko du alde ilun bat, baina nik asko gozatu dut idazten. Eta, orain, istorio batzuk irribarre batekin irakurtzen ditut; beste batzuk agian ez». Eta, denak ala denak, denbora labur batean gertatzen badira ere —egun edo ordu bakar batzuetan—, istorio guztiek hausnartzeko tartea uzten dute, idazlearen esanetan.
«Hamabosgarren urtebetetzea desberdina da zauden lekuaren arabera; desberdina da Euskal Herrian edo Indian egon, eta desberdina da hamabostak gerran dagoen herrialde batean betetzen badituzu»
KARMELE MITXELENA Idazlea
Indian girotua dago istorioetako bat, eta, hura idazteko, dokumentazio lana egin behar izan du Mitxelenak: «Jakin behar izan dut han bizitza nolakoa den, hamabost urteko neskatila baten bizitza nolakoa den...». Hain zuzen ere, gero ikerketa horretan ikasitako guztiak ipuinean kontatzen ez badira ere , dokumentatzea ezinbestekoa zaio idazleari, protagonistaren ahotsa erreala izan dadin, idazlearen ahotsetik «natural» atera dadin. Baina ez du soilik beste herrialde batzuetako kontuekin egin ikerketa lan hori; esaterako, ijito familia baten istorioa ere kontatu du, eta, horri buruz idazteko, gaiaz entzun eta irakurri behar izan du. Hala lortu du askotariko gazteen bizitzak ardatz dituen liburu bat osatzea: «Zerbait desberdina egin nahi nuen, nire estilotik atera gabe».