Kaxetan bildutako mundu bat

Rosa Valverde artistak bere ibilbidean ondutako 52 kutxa ikusgai daude Donostiako San Telmo museoan, 'Arte kaxak' erakusketan. Artistak askotariko objektuekin zuen harremanaren lekuko dira

Emakume bat Rosa Valverderen hainbat kutxari begira, Donostiako San Telmo museoko laborategian jarri duten erakusketan, atzo. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2022ko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Arrosa petaloak, portzelanazko figuratxoak, plastikozko panpinak, kotoia, argazkiak, paperezko irudi moztuak, belar eta goroldio artifizial zatiak, marrazkiak, soinekodun manikiak, bitxiak, harea, lumak, zurezko esku artikulatuak, brodatutako oihalak... Rosa Valverde artistak (Donostia, 1953-Azkaine, Lapurdi, 2015) askotariko objektuak bildu zituen bere ibilbidean han-hemenka; azoka txikietan topatutakoak, lagunek oparitutakoak... Bere horretan, ageriko baliorik gabeak denak. Baina guztiek balio izan zioten artelanak sortzeko. Valverdek hasieratik etenik gabe landu zuen arte kaxen formatu berezia, eta ehundik gora ondu zituen lau hamarkadatan. Horietatik 52 ikusgai jarri dituzte orain Donostiako San Telmo museoko laborategian, Arte kaxak erakusketan. Gaurtik martxoaren 13ra bitartean egongo da zabalik.

Bakarkako bere lehen erakusketa 1978an egin zuen Valverdek, San Telmo museoan, eta leku berean antolatu dute orain harenarte kaxei eskaini dioten lehenbiziko monografikoa. Garrantzitsua da hori Isabel Sagues komisarioarentzat, «egiteke» zegoen zerbait baitzen, eta kaxak «Rosaren obraren zati oso inportante bat direlako». Haren hastapenetan, ibilbide osoan, eta bereziki oso modu oparoan 2000. urteetan, etenik gabe landu zuen euskarri edo formatua izan zela azaldu du komisarioak. «Bereziki, bere margolanengatik izan zen ezaguna, baina artista polifazetikoa izanik, marrazkia, grabatua eta objektu eskultorikoak ere landu zituen, eta horietako batzuk harreman estua dute kaxekin».

Saguesen esanetan, kaxak egin izanak badu logika, «Rosak beti izan baitzuen harreman berezia objektuekin; haren erakusketak ez dira soilik izan objektuak erakusteko pentsatuak, baizik eta muntatzeak». Ibilbidearen hasieran jarri duten argazki bat da horren erakusgarri: zentro berean egin zuen bakarkako lehen erakusketan Isabel Azkaratek hartutakoa da, zuri-beltzean, eta hormetan ez ezik, mahai baten gainean ere askotariko piezak eta objektuak ageri dira. Bertan ikus daitekeen kaxa bat —1978koa eta egin zuen lehen kutxatzat daukatena— aretora eraman dute. 1970eko hamarraldian euskal figurazio berriaren ildoan kokatu izan diren beste zenbait artistak ere kaxak landu zituztela aipatu du Saguesek, hala nola Bixente Ameztoik, Jose Llanosek eta Ramon Zuriarrainek, «baina inork ez Rosak adina».

Tamaina eta itxura desberdinetakoak dauden arren, egurrezko kaxak dira gehienak. «Agertoki modukoak dira, zeintzuetan biltzen zituen objektuak kokatuz joaten zen. Azoka txiki asko bisitatzen zituen, baina denak ez zion balio; haren artista sentsibilitatearekin hautatuz joaten zen objektuak, bakarka baliorik ez dutenak, baina elkarren ondoan jarrita narrazio poetiko bat sortzen dutenak». Irudi batekin laburtu du emaitza komisarioak: hiru dimentsiotako collage baten gisakoa da kaxa bakoitza, haren hitzetan. «Kaxak lengoaia oso intimo, berezko eta aske batean landu zituen. Baten aurrean jartzean, ironia eta umorea beti izan behar ditugu aintzat. Nire gomendioa da alde batera uztea dena ulertu beharraren sentimendua, ez saiatzea literalki ulertzen, kaxa bakar bat ere ez baita literala». Horregatik, kaxekin hobeki «konektatzeko», komisarioaren ustez egokiena da Valverderen «unibertsoan barneratzea, bera ezagutzea».

Horretarako, hainbat elementu gehitu ditu erakusketan. Hainbat testu tartekatu ditu kaxen artean, zeintzuek piezaren edo artistaren bizitzaren inguruko anekdotaren bat kontatzen duten, «haren bizitza eta obra beti egon izan baitziren erabat lotuta». Halaber, artistak objektuekin zuen harremanaren berri ematen duen argazki handi bat ere jarri du hormetako batean. Haren Azkaineko estudioaren zati bat da, eta denetariko pieza txikiz gainezka ageri dira apalak, paretak eta mahaigainak. Bisitaria artistaren unibertsora are gehiago sartzeko, Elixabete Garmendiak landutako zazpi minutuko ikus-entzunezko bat ere ikusgai dago, lehenago osorik inoiz ikusi gabea. «Rosa bere munduan ageri da: bere etxean, bere estudioan, bere lorategian eta bere erakusketetan». Piezak behatzea, eta testu, bideo nahiz argazkiei erreparatzea gomendatu du Saguesek, eta, ondoren, beste itzuli bat egitea, «bigarren bueltan gauza berriak aurkituko baitira seguru asko».

'Baginen, bagara'

Valverderi eskainitako erakusketak iazko azarotik museoan ikusgai dagoen Baginen bagara. Emakume artistak: ikusgarritasun(ez)aren logikak erakusketarekin du lotura, Jon Insausti Donostiako Kultura zinegotziak nabarmendu duenez. Gogora ekarri du hura zabaldu zutenean ohartarazi zutela museo baten ondareak asko esaten duela bai museoaz, baita gizarteaz ere, eta bilduma horrek aukera ematen duela jabetzeko emakumezko artistek «historian zailtasun gehiago» izan dituztela beren lanak sortzeko eta erakusteko. Museoa «hutsune horiek estaltzeko» lanean ari dela adierazi du Insaustik, eta, bide horretan, Valverderen erakusketarekin «beste urrats bat» egin dela iritzi dio.

Museoak ohikoa duen bezala, zenbait jarduera osagarri antolatu dituzte, eta erakusketa zabalik dagoen bitartean egingo dituzte. Hala, Valverderen obra ardatz hartuta, hitzaldiak emango dituzte Isabel Saguesek, Fernando Golvanok eta Maria Jose Aranzastik —lehen bien eskutik bisita gidatuak ere izango dira—, eta familientzako tailerrak gidatuko ditu Aran Santamariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.