Keixeta, laukoizturik

Pintura, eskultura eta instalazio bat bildu ditu Keixetak, Debako elizan, 'Barneratzeko guneak' izenburupean

Debako Santa Maria elizan ikus daitezke Keixetaren margolan handiak.
Erredakzioa
2013ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
Eskulturak, margolan berri eta zaharrak, instalazio bat. Musikari bati egindako omenaldia, kritika soziala, obra poetiko eta metaforikoagoak. Denetarik bildu du Txiki Agirre Keixeta-k (Arroa, Gipuzkoa, 1963) Barneratzeko guneak erakusketan, Debako Santa Maria elizan (Gipuzkoa). Uda baliatu du bere azken obra eskultoriko nahiz piktorikoak erakusteko, eta modu laukoitzean gainera. Erakusketa lau gunetan banatua dago, eta euren artean erabateko autonomia dute.

Tamaina handiko (3 x 2 metro) zazpi margolanek eman diote izenburua erakusketa osoari. Azken hilabeteotan egindakoak dira guztiak ere. Donostiako Loiola auzoan kokaturiko Arteleku arte zentroan egin zituen lanok, han utzi zioten espazio batean. Elizako klaustroko paretako harriekin bat egiten dute han egindako koadro handiek, baina, era berean, «barneratzeko guneak eskaintzen dituzte», egilearen beraren esanetan. «Leiho edo ateak nabarmen agertzen dira, eta beste aldera pauso bat ematera gonbidatzen gaituzte».

Tamaina txikiagoko margolanak biltzen ditu Keixetak elizako beste gune batean. Lau margolan dira, 180 x 150 zentimetrokoak, eta handiak baino zaharragoak, duela lau urte inguru egindakoak, hain zuzen ere. Klaustroko leihoen estrukturak dira koadroen konposizioaren oinarri eta inspirazio iturri nabariak.

Erakusketan sartu, eta lehen gune modura kokaturik dagoen espazioan ez daude margolanak ikusgai, Pablo Sorozabal musikagileari omenaldia egiten dioten 10 eskultura baizik. Buztin zuriz eta burdina beltz gordinez egindakoak dira eskulturak; etengabeko erreferentzia egiten diete piezok musika instrumentuei (txirula, txistua...) eta buztin zuriz eginiko tutu horiek barneratzeko guneak eskaintzen dituzte, sarrera eta irteerekin. Gune honetako piezarik aipagarriena zintzilik dago, lurretik hiru metrora jarrita, eta 1,5 metro da zabalean; burdinazko xafla baten gainean kokatzen dira zeramikazko tutuak, eta Sorozabalen Gernika hileta martxan inspiraturiko pieza bat da.

Kritika soziala ere bai

Bigarren guneak helburu jakin bat dauka, gaur egungo hondakin plastikoaren erabilpen txar edo okerraren kritika soziala egitea, alegia. Hori egiteko, instalazio bat sortu du Keixetak, eta gunearen amaieran ikus daiteke: munduaren itzalaren proiekzioa da, mundua bueltaka ari da, eta horren itzala ikus daiteke paperean proiektatua. Paretetan, 16 argazki daude; lehenengoa, gazta bola bat da, Gazta zati bat dokumentalean (Nazioen Mundua, Jon Maia, 2012) azaltzen dena; bola egiteko, Keixetak ehunka gazta zati erabili zituen, kontinenteak eta herrialde askotarikoak irudikatuz. Ondorengo argazkietan bola horren usteltze prozesua ageri da, eta, azkenengo irudian, mundu-bola plastikoz estalia ageri da. Erakusketaren katalogoan, Jon Maiaren bertso batzuk irakur daitezke, irudien lagungarri. Katalogoaren testua, berriz, Rafa Castellanok idatzi du. Hainbat pertsonaia ezagunen aipamena egiten du testuan. Besteak beste, Tene Mujika eta Pablo Sorozabal aipatzen ditu, eta horiek Keixetaren lanarekin lotzen ditu. Erakusketa Debako udako bederatzigarrena da, eta abuztua amaiera bitarte egongo da ikusgai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.