Astegun eguerdia da, eta bosa nova kutsuko jazz doinu instrumentalek hartzen dute Jose Maria Agirretxe Alkate Jaunaren plaza, Irunen (Gipuzkoa). Cafe Roma izeneko kafetegian du jatorria musikak, eta parez pare irekitako haren ateetatik eztiki zabaltzen da haren melodia jostalaria inguruko joko areto, bulego juridiko, hizkuntza eskola eta higiezinen agentzietara. Mahaien marmol zuriarekin kontrastea egiten du hormetako kolore gorriak eta William Wyller zinemagilearen Roman Holyday filmeko zuri-beltzezko irudiak ikus daitezke han-hemenka. Gustuko du txokoa Jabier Muguruzak (Irun, Gipuzkoa, 1960). Iritsitakoan, euren izenez agurtu ditu bi zerbitzariak, eta, elkarrizketarako argazki saioa hasi aurrean, ironiaz bota dio galdera haietako bati: «Igo al da bezero kopurua nobelaz geroztik?». Izan ere, elkarrizketa egiteko hautatutako leku horixe izan du inspirazio iturri Cafe Mokka izeneko eleberria girotzeko (Alberdania).
Ikusi gehiago
Antonio izeneko zerbitzaria da liburuko protagonista. Gaztetan izandako musika taldearekin jasotako diruak bildu, eta itxura klasikoko kafetegi bat darama orain Irunen, eta bateko zein besteko bezeroekin dituen solasaldiek pizten dizkioten gogoetak eta kezkak dira liburuaren ardatz nagusia. Azken epairik emateko bokaziorik gabe, joan-etorrian dabiltza gaiak liburuan. Musikari buruzkoak dira batzuk, baina badira generoari, ETAren indarkeriari, inkontzienteari eta askatasunari buruzko pasarte esanguratsuak ere. Hamaika bezeroren bidez esploratu ditu bere iritzi pertsonalez gertuago eta urrunago dauden ñabardurak, eta, horregatik, fikzio mekanismo horretaz biluzturik, liburuan baino nabarmen trabatuagoa da Muguruzaren zuzeneko jarduna elkarrizketan. Eten egiten ditu azalpenak. Izenen bat aipatuz gero, mesedez hura kentzeko eskatzen du. Are, inoiz, hirugarren pertsonara ere pasatu da solasaldian, «egileaz», «autoreaz» edo, are «Jabierrez» aritzeko. Nolabait ere, esaten duenari tarte labur batez kanporagotik begiratu nahiko balio bezala. Badaezpada. Distantzia amiñi horrekin, aski zorrotz aritu ote den begiratzeko tartea hartu nahian bezala.
Aspalditik buruan marmarka zenerabiltzan gaiak lantzeko dispositibo literario bat da liburua. Zerbitzariaren ahotsak aukera ematen dizu gaietan sartu-irtenean aritzeko eta haietatik distantzia bat hartzeko. Horrekin asmatzea izan da zailena?
Dispositibo hitza aipatu duzunez, esango dizut beste dispositibo batekin hasi nintzela lanean. Narratzailea taxista zen, baina halako batean ohartu nintzen ez zuela funtzionatzen. Beste zerbait behar nuen, eta orduan etorri zitzaidan zerbitzariarena: alde batetik, hobeto maneiatu dezakedalako, eta gero, beste aldetik, beti izan dudalako kafetegi klasiko horietarako zaletasuna. Eta bai, distantziaren gaia oso inportantea da, eta, gainera, protagonistak badu obsesio moduko bat horrekin.
Zerbitzari horrek antzekotasun biografiko handiak ditu zurekin. Besteak beste, musikaria ere izan zelako, eta zuk ere ibilbide luzea duzulako alor horretan. Irakurleak haren iritziak zureak direla pentsatzeak erreparoa ematen dizu?
Zenbaitetan badira, eta beste zenbaitetan ez. Adibidez, musikari buruzko gustuak ez dira berdinak. Nik ere, zerbitzariak bezala, amets egin izan dut kafetegi klasiko bat edukitzearekin, baina zerbitzariak ez bezala, nik ez dut izan hori muntatu ahal izateko bezainbesteko arrakastarik, baina amets hori izan dut, eta hor musika zaintzea eta zuzeneko musika edukitzea. Kafetegirik ez dudan arren, etxea badut halere, eta hor jartzen dut musika, eta tarteka jartzen dut jazz klasikoa.
«Neoliberalismoak etengabe zabaltzen du zoriontsu izateko agindu soziala, eta gero depresio kasu pilo bat ikusten ari gara»
Liburuan maiz aipatzen da inkontzientea, eta maiz nabarmentzen da dena ez dela estruktura, historia edo materia. Ahaztu samar dagoela sentitzen duzu?
Psikologiaren munduan, ez jakitearen grinaz hitz egiten da. Eta hala da: ez dugu jakin nahi. Batetik, nartzisismo itzela dugulako.
Eta liburuan kafetegiko bezero batek, Aurora izeneko psikoanalistak behin baino gehiagotan aipatzen duenez, inkontzienteak erakusten du, adibidez, benetan ez garela uste dugun bezain askeak.
Askatasuna da nobelako beste gai garrantzitsuetako bat.
Ebazten ez dena.
Hori da. Eta zerbitzaria ere joaten da jabetuz Aurorak esaten duen horretaz. Ez dauka garai batean izan zuen askatasunari buruzko konbentzimendu hori, garai batean hori izan baitzen haren ideal nagusia.
Eta zure ideal nagusia ere bada?
Nik ez daukat ideal nagusirik. Desioari eta gogoari eusteko gogoa daukat nik. Aspaldi, gogoratzen dut kuadrillarekin elkartzen ginenean, urtebetetzeetan-eta, topa egiteko momentuan «osasuna» desio geniola elkarri, eta nik beti gehitzen nuen, «eta gogoa».
Eta asko entrenatu behar izaten duzu desio hori?
Borroka bat dago. Desio hori eta gogo hori da motorra, eta horrek huts egiten badu… Neoliberalismoa ere oso presente dago liburuan, eta hor dago etengabe zabaltzen den zoriontsu izateko agindu soziala, eta zoriontasuna etengabeko kontsumoa da: erosi, bidaiatu, mugitu… eta gero depresio kasu pilo bat ikusten ari gara. Izugarriak dira datuak. Eta dena lotuta dago, zeren eta ez digute desioa saltzen, beste zerbait sakonagoa da hori. Motorra esan dut lehen.
Liburuaren harrerarekin bereziki pozik zaudela esan duzu elkarrizketa hasi aurretik.
Iban Zalduak esaten zidan hori, duela denbora bat, ez dagoela gauza tristeagorik idazlearentzat lanean urteak eman ondoren gero lan hori oharkabe pasatzea baino, eta arrazoi guztia zeukan. Ez duzu horren oso pendiente egon nahi, baina gero bada kezka hori. Nik kritika onak-eta jaso izan ditut, baina gero beti izan naiz minoritarioa, eta, aldiz, orain liburuak harrera ona izan duela ikusi dut. Euskarazko lanetan gehien saldu dena izan da denda batzuetan, eta bigarren edizioa ere egin dute argitaratu eta aste gutxira. Harriduraz begiratzen diot horri.
«Ni ere erori izan naiz biktimismoan. Baina ez dut batere gustuko, eta gero eta gehiago aldendu nahi dut horretatik»
Solasaldia eta pausa proposatzen ditu liburuak. Eta akaso hori da irakurleek baloratu dutena, hain zuzen ere mundu azkar batean bizi garelako, eta epai azkarrak eskatzen direlako, zalantza eta ñabarduretarako tarte handirik gabe.
Prentsaurrekoan zenbait binomio planteatu nituen. Bata pentsamendua-abiadura zen, eta bestea, irudia-hitza. Abiadura eta irudia lotuta doaz, eta gaur egun dena da irudia, irudia, irudia, eta hor hitza gero eta ahulago dago. Baina ni ez naiz misiolaria, eta hemen ez naiz hasiko ezer aldarrikatzen, ze, gure aita zenak esaten zuen bezala, bakoitzak bere etxean, nahiko lan. Ez naiz hasiko pontifikatzen.
Euskal kulturaren eta zabalago hartuta euskalgintzaren biktimismorako joera ere aipatzen duzu liburuan.
Biktimismoa, egia esan, ez dut mundu horretan bakarrik ikusten.
Oso problematikoa zaio tonu hori narratzaileari.
Eta egilea ere erori izan da biktimismoan. Baina ez dut batere gustuko, eta gero eta gehiago aldendu nahi dut horretatik. Gero, badakit arazo objektiboak ere badaudela, eta bereziki zenbait arlotan. Ruperrek [Ordorikak] esaten duen bezala, oso nekeza da euskaldun izatea, bai, ados, baina kontuz, kontuz, kontuz kexatzen garenean. Kexa zerbait epidemikoa bihurtzen ari da, eta ez bakarrik euskal munduan. Zenbait momentu latzetan baduzu kexatzeko eskubidea, nola ez, baina jarrera gisa oso arriskutsua da. Slavoj Zizeken horri buruzko aipu bat ere badakar liburuak: «Ez maitemindu zure sufrimenduaz». Kontuz horrekin.
Eta, aldi berean, ze zaila.
Gure alabak [Garazi Muguruza psikoanalistak] esaten du ez saltzeko pena, eta askotan ibiltzen gara pena saltzen.
«Eskuin muturraren diskurtsoa ez zait batere interesatzen, baina haurtzaroan kokatutako trans auziari buruzko dokumentazio lan itzela egin dut, eta hor gai asko deskubritu ditut, askotan aipatzen ez direnak»
Genero gaiek ere pisu handia dute liburuan.
Bai. Beharbada, polemikoena hori izan daiteke. Eta badago aldaera bat gai horrena, nolabait esateko: trans auziarena. Nik hori, liburuan, haurtzaroan jorratzen dut, ze hori oso gertutik ezagutu dut, eta asko dokumentatu naiz. Ez dut inongo intentziorik ezer esateko trans jendeari buruz, errespetua besterik ez, eta, gainera, haien eskubideak defendatuko ditut. Baina uste dut gauza batzuk esan daitezkeela eta esan beharko liratekeela. Eta ni harritzen naiz esaten ez direnean, edo nik zenbait zirkulutan ikusten ez ditudanean. Ze, noski, niri ez zait batere interesatzen ultraeskuinak esaten duena. «Karkundia» deitzen dio horri Ramonek [Saizarbitoriak] hitzaurrean. Eta karkundiak kezkatu egiten nau, baina ez zait batere interesatzen. Baina haurtzaroan kokatutako trans auziari buruzko dokumentazio lan itzela egin dut, eta hor gai asko deskubritu ditut, askotan aipatzen ez direnak. Oso gai konplexua delako, eta maila handian inkontzienteari lotuta dagoena. Ezin ditugu gai hauek sinplifikatu, baina hau esplikatzeko egunak beharko lirateke.
Eta zuk liburu bat idatzi duzu, zeinean, gainera, ez zauden prest debate hori guztia azken iritzi batean biltzeko.
Hori da. Jendea gai horiei buruz hizketan ikus daiteke liburuan.
Bada liburuan ETAren indarkeriaren bueltan izandako isiltasunari buruzko pasarte bat ere. Juan Mari Jauregi hil zuten egunean kontzertu bat eman zuela kontatzen du narratzaileak, eta hilketa haren albisteak bihotzean zerbait hautsi ziola esan zuela mikrofonotik. Publikoaren erantzuna isiltasuna izan zela ere kontatzen du. Pasarte autobiografikoa da?
Guztiz autobiografikoa da, bai. Orduan garai berean izaten nituen Jabier Muguruzaren kontzertuak, Joxe Ripiaurenak eta Bernardo Atxagarekin batera egiten nuen emanaldi bat, eta batzuetan tokatzen zitzaidan egun berean bi saio edukitzea. Egun hartan, Joxe Ripiaurekin izan ginen Katalunian, eta itzuleran Jabier Muguruzaren emanaldia nuen Mikel Azpiroz piano jotzailearekin batera, Zugarramurdin (Nafarroa). Eta, liburuan kontatzen dudan bezala, irratian entzun genuen Jauregi hil zutela, eta efektu handia egin zidan. Pozik gentozen handik, eta inork ez zuen ezer aipatu. Hori egia da, eta egia da nik egin nuela horren aipamena gero Zugarramurdiko kontzertuan. Eguraldi zoragarria zegoela gogoan dut, eta Maria Jauregik [Juan Maria Jauregiren alabak] esan zidan badagoela momentu horren grabazioa ere. Eta hori kontatzea da nolabait ere neure buruari esatea hemen egon zirela gauzak esan zituztenak eta larrutik ordaindu zutenak, gero egon ginela koldarrak omen ginenak, eta, hirugarren multzo batean, hura guztia defendatzen zutenak. Baina nik zenbaitetan esan egin nituen gauzak, eta ez egun hartan bakarrik, eta tortura salatuz ere bai. Eta horregatik dago pasarte hori liburuan, baina ez nuen nahi nobela honetan gai horrek presentzia handiegirik hartzerik ere.
Rachel Khan aktorearen aipu bat ere badakar liburuak, sendatzen duten hitzak bilatzearen alde egiten duena, eta buruan ideia hori izanda idatzi duzu liburua, akaso. Sendatu dezakete hitzek?
Bueno, bilaketa hori badago; hitzak esateko moduari garrantzi handia ematen zaio narrazioan. Eta egileak horri garrantzi handia ematen dio. Etxean adarra jotzen didate horregatik, baina ni oraindik ere mezuetan saiatzen naiz hitzak erabiltzen, eta badakit badagoela formula momentu honetan irudiak erabiltzeko, baina... Iruditzen zait hitza altxor handi bat dela, eta horren aldarrikapena badago liburuan. Aurrekoan, Xiruliruli podcastean egin zioten elkarrizketan, gure alabak maitasun ekintza gisa planteatzen zuen hitz egitea eta entzutea, eta oso ederra iruditu zitzaidan.
AURKEZPENAK eta sinadurak