Ibilbide luzea du aurretik, baina lehen pausoak ez du konfiantzarik piztu. Eusko Jaurlaritzak 2026rako jarri nahi luke indarrean Euskal Autonomia Erkidegoko Kultur Sistemaren Legea, eta hasia da horretarako lehen erabakiak hartzen. Baina ezinegona piztu dute lehen mugimendu horiek euskal kulturgintzako hainbat eragilerengan. Eta euskaraz aritzen diren sortzaileak izan dira ezinegona ozenen adierazi dutenak. Berez, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako kulturgintzaren egiturak kontuan hartuko dituen arau multzo bateratua osatu nahi du Jaurlaritzak lege horrekin, eta euskara ere kontuan hartzeko asmoa adierazi dute horretarako. Baina lege horri forma juridikoa emateko egindako deialdi publikoak errezeloa eragin du. Madrilgo Estudio Juridico Gabeiras y Asociados SLP enpresa baino ez da aurkeztu Eusko Jaurlaritzak lan hori egiteko deitutako lehiaketa publikora, eta, beraz, hark egingo ditu lehen informea, egoeraren diagnosia, bai eta lege proiekturako proposamena ere.
Euskara ardatz duten sortzaileak biltzen dituzten lau elkarteren iritziak bildu ditu BERRIAk: Lanartea elkartearena, Ahotsenea elkartearena, Euskal Idazleen Elkartearena eta Euskal Herriko Antzerkizaleen Elkartearena, hain zuzen ere, eta kritiko mintzo dira denak. Eta, haietako batzuek salatu dutenez, ez da legea abiatzeko moduagatik bakarrik. Gobernuak kulturari buruzko erabakiak nola hartzen dituen ikusita ere ezeroso sentitzen direla adierazi dute.
Eusko Jaurlaritzak urte hasieran definitu zituen legearen nondik norakoak, eta lege asmoari buruzko iritzia emateko aurretiko kontsulta bat ere egin du jadanik. Deialdi horretan argi zehazten dira legearen helburuak. Eta bertan esplizituki aipatzen dira euskal kultura eta euskarazko kultura bultzatu nahia, adibidez. Baina, hain zuzen ere, puntu horrek legean izango duen lekua da kezka iturrietako bat.
Kulturgintza, osotasunean
Eusko Jaurlaritzaren ustez, «azken bi hamarkadetan» euskal kultur ekosistemak «heldutasun maila handia» lortu du. Baina kultur esparru osoa bilduko duen lege bat ikusten du faltan. Ondareak, museoek eta liburutegiek, adibidez, badituzte euren jarduna gidatzen duten zenbait arau zehatz, baina, aldiz, beste hainbat esparru legez zehaztu gabe daude oraindik. Arte eszenikoak, esaterako. Horregatik, gobernuko kideek «beharrezkotzat» jo dute arau orokor bati ekitea kultur esparrua «bere osotasunean» antolatzeko. Eta, hain zuzen ere, hori guztia kontuan hartuko duen legea sortzen laguntzeko kontratatu du Eusko Jaurlaritzak Estudio Juridico Gabeiras y Asociados SLP enpresa.
Legebiltzarrera ere heldu da gaia.
Ekainaren 6ko kontrolerako osoko bilkuran kontratazio horrek piztutako harridura aipatu zuen Josu Aztiria EH Bilduko parlamentariak. Azaldu zuenez, «deigarria» egin zaio, euskal kultur ekosistemaren «ezaugarri bakanak» eta «euskara biziberritzeak duen garrantzia» kontuan harturik, legea idazten laguntzeko lana Madrilgo enpresa bati eman izana. Zehaztu zuenez, gainera, deialdia egiteko pleguetan ez da euskal kulturgintzari buruzko ezagutza baloratu, eta, haren ustez, horren ondorio da azken kontratazioa. Eta galdera zuzena ere egin zion, horregatik, Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza politikako sailburuari: «Zergatik ez da baloratu euskal kultur sistemaren ezagutza pleguetan?».
«Euskarazko kultur ekosistema beren-beregi eta modu integralean hauspotuko ez duen Kultur Sistema Lege batek gure minorizazioa, gure langileen prekarizazioa eta gure sare herritarraren desegitea betikotu besterik ez du egingo»
AMAGOIA GURRUTXAGALanarteako kidea
Bengoetxearen hitzetan, lana «oso konplexua» da, eta beharrezkoa da «ikuspegi eguneratu bat» edukitzea. «Espezializatutako tekniko juridikoen ezagutza eskatzen du». Gehitu zuenez, enpresak laguntza juridikoa emango badu ere, saileko langileek ere hartuko dute parte legea doitzen, eta kultur eragileei ere eskainiko zaie ekarpenak egiteko aukera. «Bete egin dira bete beharreko tramite guztiak, eta konplexu barik irabazi duenak emango digu aholkularitza».
Baina badago kezka.
Minorizazio arriskua
Legebiltzarreko saiotik astebete baino gutxiagora izan zen kultura batzordean Lanartea Euskararen Langile Profesionalen Elkartea. Berez, sektoreko langileek bizi duten egoerari buruz elkarteak egindako inkesta aurkeztekoak ziren Amagoia Gurrutxaga eta Koldo Izagirre Lanarteko kideak, baina Euskal Autonomia Erkidegoko Kultur Sistemaren Legeari buruz ere aritu ziren. «Ez dakigu Madrilgo abokatu bulego batetik zer aholkatuko dioten Kultur Sailari, baina Euskal Herritik esan dezakegu euskarazko kultur ekosistema beren-beregi eta modu integralean hauspotuko ez duen Kultur Sistema Lege batek gure minorizazioa, gure langileen prekarizazioa eta gure sare herritarraren desegitea betikotu besterik ez duela egingo».
Kulturari buruzko legeak euskal kulturaren neurrien arabera diseinatu beharraz aritu zen Gurrutxaga saio hartan. Eta oraingoan ere hala egin ezean kalteak izango direla gaineratu zuen. «Kultur sistemaren lege horren diseinuan, gainerako guztietan bezalaxe, sistemako eragile guztien ahotsa jaso behar da. Besteren esperientzietatik ere ikasiz, jakina, baina inoiz ahaztu gabe milioika hiztuneko hizkuntza hegemonikoen neurrira egindako legeek eta logika merkantilista hutsak gure zaurgarritasuna areagotu besterik ez dutela egiten».
Urteetan eta urteetan milaka talde eta norbanakok euskararen alde egindako ekinaldiak ere gogoratu zituen Lanarteko kideak. «Instituzionalizazioa eta profesionalizazioa baino askoz lehenagokoa da gure kultur sistemako zutoin hori, eta gure kapital kulturalaren parte eta euskarri ezinbestekoa da. Ezin dugu profesionalizazioaren eta burokrazia administratiboaren aldarean sakrifikatu».
Kanarietako kasua
Estudio Juridico Gabeiras y Asociados SLP enpresak aurrez ere egin ditu orain Eusko Jaurlaritzak eskatutakoaren moduko lanak, baina ez Euskal Herrikoarenaren moduko testuinguru linguistikoetan. Kanarietako Gobernua ere lagundu zuten Kultur Sistemaren Legearekin. 2023an onartu zuten Kanarietako Kultur Sistemaren Legea, eta, hain zuzen ere, lege hori lantzen lagundu zion Estudio Juridico Gabeiras y Asociados SLP enpresak Kanarietako Gobernuari.
Kanarietako parlamentu autonomikoan ordezkaritza duten alderdi guztien babesa jaso zuen proiektuak. Besteak beste, aurrekontu orokorraren %2tik gora kulturgintzara bideratzeko betebeharra ezartzen zuen testuak, eta, horrez gainera, hurrengo urteetan, aurrekontu orokorrak hazi ahala, gobernuak portzentaje hori proportzionalki handitu beharko duela ere zehazten zuen. Erabaki horiek «politika okurrentzialistak» saihesteko balioko zutela argudiatu zuen Juan Marquez Kanarietako Gobernuko Kultura sailburuordeak orduan. «Orain era estrategikoagoan pentsatu beharko da, parlamentuari pisu handiagoa emanez, eta herritarrek Kanarietako Kulturaren Kontseiluaren bidez hartu ahal izango dute parte erabakietan».
«Eusko Jaurlaritza euskal kulturgintzan egunero pasioz ari den jende horren guztiaren jakintza gutxiesten ari da. Ez da hemen dagoen potentzialtasun hori baliatzen ari. Guk eskua luzatzen badugu elkarlanerako, zergatik ez digute hartzen?»
GOTZON BARANDIARANAhotseneko kidea
Baina legea onartu eta bederatzi hilabete eskasera kezka azaldu zuten kultur eragileek. Kulturarako aurrekontuak nabarmen murriztu zituen Kanarietako Gobernuak. 2023an 70 milioi eurokoa izan zen alor horretan jarritako diru saila, eta 2024rako, berriz, 59,7 milioi eurokoa izango zela iragarri zuten. %15 txikiagoa, alegia. Lasaitasunerako deia egin zuten gobernuko ordezkariek orduan, eta 2025ean legea aplikatzen hasteko konpromisoa adierazi zuten.
Urruntasuna
Baina arazoa ez da lege jakin hori idazteko eskatutako laguntza bakarrik; Gotzon Barandiaran Ahotseneko kidearen hitzetan, sakonagoko urruntasun baten erakusgarri da Euskadiko Kultur Sistemaren legearekin gertatzen ari dena. «Eusko Jaurlaritza euskal kulturgintzan egunero pasioz ari den jende horren guztiaren jakintza gutxiesten ari da. Ez da hemen dagoen potentzialtasun hori baliatzen ari. Guk eskua luzatzen badugu elkarlanerako, zergatik ez digute hartzen?».
Ikusi gehiago
Justu duela hamar urte, Guk Geure Kulturaz izeneko egitasmoaren bultzatzaile ere izan zen Barandiaran, eta ordukoan gertatutakoa hartu du gogoan orain Kultur Sistemaren Legea idazteko prozesuan gertatzen dena azaltzeko. Euskal kultura «arriskuan» igartzen zutela argudiatuz, bi topaketa antolatu zituzten Durangoko San Agustin gunean (Bizkaia), eta kulturgintzaren esparru guztietatik heldutako 300 pertsona baino gehiagok erantzun zioten deialdiari. Han azaldutako kezkak eta proposamenak kontuan hartu, eta premiazko 31 proposameneko zerrenda bat aurkeztu zuten 2015eko apirilaren 9an, Bilboko Kafe Antzokian. Besteak beste, hedabideetan euskal kultur ekoizpenentzako kuotak ezartzea, BEZari aurre egiteko hobariak ezartzea, euskal sortzailearen estatutu bat sortzea eta herriz herri kultur bilguneak sortzea proposatu zuten, eta gai horiei buruz elkarrekin aritzeko deia egin zieten sortzaileei, kudeatzaileei eta erakunde publikoei ere.
Baina Barandiaranek dioenez, «hamar urte luzez», Eusko Jaurlaritzak «behin eta berriz» egin dio uko euskal kulturgileek modu batera edo bestera lankidetzarako luzatutako esku hori heltzeari. Izan ere, hori gertatu zen 2015eko egitasmoarekin, Barandiaranen hitzetan. Eta, haren esanetan, hori gertatu zen, berriz ere, 2023an, ehunka euskal sortzailek Hezkuntza Legean euskal kultura transbertsala izan zedila eskatu zutenean. Eta, haren ustez, hori gertatzen ari da orain ere, Euskal Kultur Sistemaren legearekin.
«Kulturari begiratzeko modua aldatzen ez bada, euskal kultura eta euskara erdigunean jartzen ez badira, proiektuen ekonomiari eta kultur kudeaketari dagokien prekaritatea ez da aldatuko»
EHAZE Euskal Herriko Antzerkizaleen Elkartea
Barandiaran: «Euskal Herrian daukagun ekosistemarekin, euskara kontuan hartuko duten neurrien bidez diseinatu behar dituzu legeak hasiera-hasieratik. Kultur lege bat onar dadin, heda dadin eta errotu dadin nahi baduzu, ezinbestekoa da tokian tokiko kultur eragileekin hitz egitea, lan hori inori enkargatu aurretik. Izan ere, legea teknikoki lantzea azken pausua baino ez da». Eta, Barandiaranek dioenez, Ahotsenen ez dute azalpenik jaso.
Ez haiek, ez eta euren inguruko jendeak ere.
Elkarrizketarako zailtasuna
Euskal Idazleen Elkarteak BERRIAri jakinarazi dioenez, esaterako, ez zuten Euskal Autonomia Erkidegoko Kultur Sistemaren Legearen berririk. Zuzendaritza taldea «harrituta» azaldu da, Eusko Jaurlaritzak Euskal Herritik kanpoko enpresa bat kontratatu duelako. «Guztiz kezkatuta» daudela adierazi dute, BERRIAri igorritako ohar labur baten bidez.
Euskal Herriko Antzerkizaleen Elkarteak ere hedabideen bidez izan du legearen berri. Eta ikusitako apurra ikusita ere kezkatzeko motiborik nahikoa badutela adierazi diote BERRIAri idatziz.
EHAZEkoek adierazi dutenez, «egiturazko prekaritatea» bizi du sektoreak egun, eta, haien ustez, azken hamarkadetan egin diren kultur politiken ondorio da hori. Bai behintzat gertuenetik ezagutzen duten arloan: arte eszenikoetan, alegia. «Horrek sortzen digu kezka gehien. Kulturari begiratzeko modua aldatzen ez bada, euskal kultura eta euskara erdigunean jartzen ez badira, proiektuen ekonomiari eta kultur kudeaketari dagokien prekaritatea ez da aldatuko, asko jota ñabartu egingo da».
EHAZEko kideek ez dute ulertzen zergatik eskatu dion Eusko Jaurlaritzak euskal kulturgintzaren ezagutzarik ez duen enpresa bati forma juridikoa eman diezaiola euskal kulturari dagokion legeari. Baina enkargua nork beteko duen jakiteak ez ezik, enkargua egiteko erabakiak ere piztu du elkarteko kideen errezeloa. «Azken urteetan asko hedatu da bitartekaritza enpresak kontratatzeko joera kultur egitasmoak bideratzeko. Enpresa horien profesionaltasuna ez dugu zalantzan jartzen, baina joera horrek sarritan ezintasuna sortzen du, arte eszenikoetan gehien prekarizatuak dauden sektoreei (sortzaileak, kultur eragileak...) prozesuotan musu truk parte hartzeko eskatzen baitzaie, prozesuetan aritzeko, eta ondoren emaitzak ez baitira halabeharrez izaten erakundeen aldetik lotesleak».
Elkarrizketa eskatzen dute antzerkizaleek. Hala ere, EHAZEko kideek onartzen dute ezen, sortzaileek, maiz, bizi duten estutasunaren eraginez, ez dutela modurik izaten prozesu horietan nahi luketen bezain sakon murgiltzeko.