Kritika. Artea

Kilimak begietan

Alejandra Ikaza artista, Bilboko Rekalde aretoan. IÑIGO ASTIZ
Alejandra Ikaza artista, Bilboko Rekalde aretoan. IÑIGO ASTIZ
2026ko azaroaren 10a
04:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

'circus'

Artista: Alejandra Ikaza. Non: Bilboko Rekalde aretoan. Noiz arte: 2027ko otsailaren 28ra arte.

Emanaldia hasi berri da. Ez da musikarik entzuten, ostera, erritmoa begietatik sartzen zait. Karparik gabeko ikuskizun honetan geometriaren akrobazia, koloreen malabaren eta errepikapenaren dantza nahasten ari dira; figurazioak eta abstrakzioak orekari lanak egiten dituzten bitartean. Hemen ez dago trapezio-saltorik edo sua irentsi beharrik; hala eta guztiz ere, begiak etengabe mugimenduan mantentzen dituen ikuskizuna dut aurrean Rekalde aretoan. 1990eko hamarkadan hasi zen Alejandra Ikaza (Bilbo, 1966) pintorea bere artelanak plazaratzen. Orain, Bilboko erakusketan bide artistikoan egindako pausoen bilduma eskaintzen du, Circus izenburupean.

Aretoan sartu eta eskuinetik hasiz gero, paisaia desberdinetan murgilduko gara. Hauetan kolorea da nagusi; aurrerago, azterketa geometrikoekin egingo dugu topo. Ezkerretik hasita, aldiz, collageak ikusiko ditugu, marrazkiekin batera. Izenburu gehienek paisaiei edo naturako elementuei egiten diete erreferentzia (Araukaria, Mitxoletak edota Barraskiloak), eta itsasoak ere maiz hartzen du garrantzia (Itsaso gazitik hasi, zein Urre koloreko itsasoa). Izen figuratiboak izan arren, irudikatutakoak abstrakzioaren bidean kokatzen dira, errepresentazio mimetikoen agintetik at.

Aretoaren atzeko aldean collagearen teknikan egindako hastapeneko pausoekin egiten dut topo. 1990eko hamarkadako lanak dira, tamaina txikiagokoak, baina izaera berekoak. Bereziki interesgarria iruditu zait Flower Woman I (1999), paper mozkin geometrikoak emakumezkoen irudi eta marrazkiekin nahasten dituena, loreen motiboa ere baliatuz. Aldizkarien ebakinekin egindako beste piezak antzematen dira gertuko beira-arasen barruan, askotariko forma geometrikoak dituzten kolorezko ebakinekin batera.

Hasierako lan horiek pista batzuk ematen dizkigute Ikazaren lana ulertzeko. Izan ere, urteek aurrera egin ahala, zatien estetika pinturara igaro zela aitortzen du hondoko espazioak. 2000ko eta 2010eko hamarkadako lanetan, batzuetan oihal edo paper dekoratiboaren ebakinak pinturarekin batera bihurtzen dira protagonista, collagea osatuz. Are gehiago, mihiseari bestelako azal zatiak gehitzen ez zaizkionean ere, teknika horren estetika mantentzen dela iradokitzen du.

Artistak akabera hori lortzen du olio pintura argizariarekin nahastean. Ezkoaren materialtasunak collagearen itxura ematen dio, askotan ertzak bolumetrikoak dira eta. Horrela, pintatutako forma borobilek likido egoetarik solidora egindako ibilbidea ezkutatzen dute, betidanik azalera trinkoak izan balira bezala. Borobilaren forma nagusitzen den corpus honetan maiz ikusten den lentejuela handiekiko interesak ondorio naturala dirudi. Objektu horretan, koloreak mugatzen baitu forma, pintorearen zertzelada askotan gertatu bezala.

Aipatutakoez gain, marrazkiak ere ageri dira. Sarritan, materia kenduz egindakoak, koloreen gainetik puntaren bat igaroz, eta azpikoak azaleratuz, estratigrafia marren ertzetik azaleratuz. Materiari buruz ari naizela, arreta eman didan beste lan bat plastikozko izar gorri txikiak dituena da, izenik gabekoa. Kolore paleta desberdina da hartan, apalagoa, eta hondoa ez da uniformea; materialtasun gris bat agerian uzten du.

Ildo horretatik, arrastoaren ideia askotan ageri da haren lanean. Bereziki nabarmena da paper gainean egindako hainbat pinturaren konposizioa biltzen duen bi paretetan. Lan horietan geometriaren azterketan baliatutako lauki-sarea agerian uzten du, geometriaren eta errepikapenaren bitartezko ikerketa plastiko esanguratsua ikusarazita; beste lanetan antzeman arren, ikusten ez dena. Alegia, lehen begiratuan begiek ezingo dute dena bereganatu: informazio ugari dago horror vacui baten bidean dauden pieza harmoniatsuotan. Kolore kitzikagarrien orekan sumatuko dugu eta formen errepikapenen kokapen zainduetan.

Sonia Delaunay eta Yayoi Kusama datozkit burura; lehena, kolore biziko forma geometrikoak dantzan jartzeagatik, eta bigarrena, errepikapenarekiko eta borobilarekiko zaletasunagatik. Ohartzen naiz pintura abstraktua lantzeko orduan kanpoko artistak erreferente gisa hartzeko ohitura dudala (egiteko: tokikoak hobeto ezagutzea). Eta ebakinen estetika? Horretan bai, gertuko artelanak ditut buruan, Estibaliz Sadabak zein Lucia Onzainek landutakoak, 1990eko hamarkadan ere bai; emakumeen irudi berrerabiliak, askotan irakurketa kritikoak sustatzen dituztenak. Badirudi Ikazaren pinturek ere nire iruditerian geratzeko asmoa dutela. Hurrengo batean, beste artista baten lanari begira egongo naizenean, agertuko zait berriro ere haren ezohiko zirkua.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA