Kim Ki-duk ere lehiatuko da Urrezko Maskorra irabazteko

Korearraren 'Amen' eta Oren Movermanen 'Rampart' filmekin, osatuta geratu da aurtengo sail ofiziala

Rampart filmaren fotograma bat; Oren Movermanen bigarren lana da, 2009an The Messenger egin eta gero. Z / BERRIA.
Donostia
2011ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Mahai gainean daude Donostiako Zinemaldiko sail ofizialean parte hartuko duten lehiakide guztien izenak. Kim Ki-duk hego korearraren Amen eta Oren MovermanAEBetan bizi den israeldarraren Rampart filmek itxi dute zerrenda. Hortaz, guztira 21 lanek hartuko dute parte sail ofizialean, azken urteetako kopuru handiena. Amen filmak Donostian izango du mundu mailako estreinaldia, eta neska korear baten bidaia misteriotsua kontatzen du, hari jarraika dabilen gizonarekin dituen topaketak barne.

Movermanen Rampart,berriz,James Ellroy idazlearen istorio batean oinarritzen da, Los Angelesko polizia baten gorabeherak kontatzen dituena. Woody Harrelson, Robin Wright, Sigourney Weaver, Ben Foster eta Steve Buscemi dira filmean azaltzen diren aktoreetatik batzuk.

Zabaltegiko azken perlak

Zabaltegi-Perlak sailerako ere beste hiru izen iragarri dituzte: Johnnie Toren Dyut ming gam (A Life without a Principle), Steve McQueenen Shame eta Nicolas Provosten L'envahisseur. Lehenengoan, etsipenak jotako hiru pertsonaiaren patuak lotu ditu To zuzendari hongkongdarrak, akzio-thriller generoan duen eskarmentua erakutsiz. Veneziako sail ofizialean lehiatzeko aukeratu dituzte, bai hura eta baita MacQueenen Shame ere. Hunger (2008) lehen lanarekin sona handia lortu zuen zuzendariak, Cannesko Urrezko Kamera saria irabazi baitzuen. Oraingoan, bere bizitza sexuala kontrolatzeko gai ez den gazte baten istorioa aurkeztuko du. L'envahisseur lan belgikarrak etorkinen gaia lantzen du.

Bestalde, Kutxa-Zuzendari Berriak sailean parte hartuko dutenbeste bederatzi film aurkeztu zituzten atzo. Lehendik ere iragarrita zeuden hirurei —Arrugas (Ignacio Ferreras), Tralas luces (Sandra Sanchez) eta Telmo Esnalen Urte berri on, amona!— eta sail ofizialeko beste hiruri —Americano (Mathiu Demy), Take this Waltz (Sarah Polley) eta Rampart— gehitu behar zaizkie bederatzi berri horiek.

Filmen aurkezpenarekin bat eginda, Kutxak eta Zinemaldiak urteroko akordioa sinatu zuten atzo. Krisi garaiotan laguntzari eutsi izana eskertu zuen Rebordinosek, eta, Kutxarekin lankidetzan, iragarri zuen gazteak Zinemaldira erakartzeko beste ekimen bat jarriko dutela martxan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.