'TEORÍA KING KONG'
2006an argitaratu zuen Virginie Despentes idazle frantsesak bere King Kong Théorie, 2017an Itziar Diaz de Ultzurrunek euskaratu ziguna. Dena den, denek ondo dakizuen moduan, bi data horien artekoan irakurraldi asko egin genituen liburu horretakoak. Eta anitzak izan ziren eginiko solasaldiak eta aipuak. Antzerkian ere bakarrizketa gisa hainbatetan ikusi dugu oholtzaratuta. Nik buruan dut Hernaniko Biterin ikusitako Josune Montonen emanaldi punkarra. Egutegiak 2013 urtea markatzen zuen, baina bazeramatzan denboraldi batzuk ikuskizuna plazaratzen. King Kong Théorie-k bazuen garai haietan nazioarteko transfeminismoaren aitortza, hogei urte geroago mantentzen dena. Hasi baino lehen atzean zegoen ikusleari «bakarrizketa heavy batean oinarritzen da», entzun nion bere aldamenekoari ohartarazten. Eta bai, heavytasun hori ez da galdu —ezta galduko— egilearen bizipenak eta gogoetak publikoarenak ere badirela sentitzen dugulako.
Esanak esan, hitz egin dezagun antzezpenaz. Eszenatokian oholtza biluzi bat altxatu dute zorutik gertu, adreilu kofratuko bi errenkadaren gainean. Horren atzean pareta bat, bideo proiekzioentzat. Aktorea hor bertan aritzen da zenbaitetan, baina beste batzuetan, berriz, dispositibo horretatik gertu dagoen kamera batez bere burua grabatzen aritu da, edo ibilian. Argi urritasunak giro iluna lortzen du, tonu beltz edo grisa duten jantziek lagunduta. Hasieratik soinu diseinuan bada antzezlanean zehar nagusitzen den musika edo zarata aztoragarri bat. Ni nago horrelako efektibismoak ez direla zuzenak ez zineman, ez telebistako albistegietan, ezta —jakina— teatroan ere. Attrezzo moduan hiru elementu besterik ez: mailua, zapata takoidun gorriak eta aulki bat. Ez da gehiago behar, kontakizun biografikoa hau adierazteko. Aktoreak, hasieran, hitzez hitz jarraitzen die liburuko hitzei. Isi Martinek ez du King Kong teoria antzerkiaren zerbitzuan jarri, kontrara. Zuzendariak antzerkitasunaren menera ekarri du, muntatze zuzena eta diskretua sortuz. Hartara, ez da sorpresa eszenografikorik, ezta esperimentazio zantzurik izan. Antzerki modernoaren classicité-aren parametroen barruan mugitu da La Virgueria konpainia, eszenatoki biluzia eta zuzeneko grabazioak erabili ohi dituen korronte estetikoaren barruan, alegia.
M. Pau Pigemen antzezpena ere, ildo berean, patxadosoa da, eta, nahita sortutako erritmo lasai horretan, amorrazio uneak mailuaren kolpeen bitartez adieraziko ditu, baina puntualki. Ez du feminitatearen proletarioen subjektua autoizendatzen duen Virginie Despentesen ahotsa gorpuzteko inolako orro, oihu, garrasi nabarmenik erabiltzen. Eleak ale, indarra esanahian dago. Aktoreak, gorpuzkera eroso bat proiektatzen du, naturaltasunez, ia hautemanezinak izan diren aldaketatxoak eginez bere gorputz jarreran; bestetik, oso ondo sostengatzen ditu bere aurpegiaren lehen planoak kontakizunari zuzeneko auto-grabazioan ekiten diolarik.
Amaierako txaloek lau aldiz erreklamatu zuten aktorearen presentzia, ikusle asko zutik zeudela. Ez, ez, Despentesen mezua ez zaigu zaharkitu. Tamalez.