Luis de Pablo

Klasiko handi bat abangoardian

Euskal Herriko XX. mendeko konpositorerik handienetako bat izan da, eta musika herrikoitik, abangoardiako musika esperimentaletik eta klasikotik edaten duen berrehun obratik gorako aztarna utzi du.

ANDONI CANELLADA / FOKU.
Inigo Astiz
2021eko urriaren 12a
00:00
Entzun
Musikaren irakaspena ez da inoiz amaitzen. Bizitza osoko langintza da; soilik heriotzak etengo du hori». 8 urterekin hasi zituen musika ikasketak Luis de Pablo konpositoreak (Bilbo, 1930 - Madril, 2021) eta, BERRIA egunkariari 2015ean eskainitako elkarrizketan esandakoari kasu egitera, igandean amaitu; 91 urterekin zendu baita. Euskal Herriko musika garaikidearen izen nagusietako bat da harena, eta nazioartean eta etxean aztarna utzi duen berrehun obra baino gehiagoko katalogoa da horren froga. Bilbon jaio, Hondarribian (Gipuzkoa) ikasten hasi eta gazte joan zen Madrilera; abangoardiako musikaren izen handietako bat bilakatu zen han, 1960ko hamarkadan, Grupo Nueva Musica mugimenduko kide bihurtuta. Txalaparta garaikidearen sustatzaileetako bat ere izan zen; ohorezko sari eta izendapen zerrenda luze bat eskuratu, eta azkenera arte eutsi dio sortzeko grinari. Duela bi aste eskas estreinatu zuen saxofoi laukotearendako sortu zuen azken konposizioa: LDP.

1958an sortu zuten Nueva Musica taldea, eta haren parte izan zen De Pablo hasieratik. Bartzelonako Musica Abierta taldeko kide ere izan zen, eta sasoi hartan egin zituen lehen bidaiak Darmstadt-era ere. Han, besteak beste, Pierre Boulezek eta Bruno Madernak interpretatu zituzten haren obretako batzuk. Espainiako lehen musika elektro-akustikoko laborategia sortu zuen 1964an, eta musika elektronikoko lehen laborategia ere sortu zuen Madrilen, Alea taldearekin. Baina esparru horretan aitzindari izan arren, haren bizialdi luzeko pasarte labur bat baino ez dute osatzen obra horiek. Esperimentaziorako gune hori komertzializatzen igarri ahala, interes esparrua aldatu egin baitzuen. Eta konbentzioei ihes egiteko gogo hori izango da, agian, haren ibilbideko konstanteetako bat.

Komertzializazioaren aurka

Zaila da De Pabloren sorkuntza ibilbide oparoa esparru bakar batera mugatzea, haren lanek, sasoiaren arabera, aldi berean edaten baitute abangoardiako joeretatik, musika herrikoitik, musika elektronikotik zein musika esperimentaletik. Hark, BERRIA egunkariari aitortu zionez, banatzekotan ere, bitan banatzen baitzuen musika: arte musika, batetik, eta kontsumo musika, bestetik. «Askok lepoa moztuko lidakete baieztapen hori entzunda, baina hala da. Eta modu gordinagoan ere esango nuke: dirurik ematen ez duen musika eta diru asko ematen duen musika».

Zinemarako lanak ere egin zituen. 26 filmetan ageri da haren izena, guztira. De Pablok soinu bandak sortu zituen Jose Luis Borauren Crimen de doble filo (1964), Alfredo Sauraren La Caza, eta Victor Erizeren Los Desafíos (1969) eta El Espíritu de la Colmena (1973) lanentzat, besteak beste. Donostiako Zinemaldiaren omenaldia ere jaso zuen 2004an.

Sei opera ere baditu; haietako azkena otsailean estreinatuko da: El abrecartas. Eta norabide guztietan hedatzen den lan horren guztiaren aitortza jaso zuen iaz Veneziako Musika Biurtekoan: Urrezko Lehoia eman zioten. Epaimahaiak haren «aparteko fantasia» nabarmendu zuen, eta «musika garaikidearen garai inportanteenak gaztetxo baten indarrarekin» bizi izan zituela, «modei amore eman gabe».

Zerrenda luzea osatzen dute jasotako aitortza eta izendapenek ere. Luigi Dallapicolla saria lortu zuen 1979an; Frantziako Gobernuak arteen eta letren ordenako medaila eman zion 1986an; Renneseko eta Lilleko Urrezko Medaila ere eman zioten; Comusica saria eta Espainiako Musika Saria eman zizkioten 1991n, eta gerora ere etenik gabea izan da tantaka jasotako aitortza jarioa.

Txalaparta garaikidetzen

1972an, Iruñeko Topaketak antolatzen ere aritu zen Jose Luis Alexancorekin batera. Nazioarteko lehen lerroko hamaika artista batu zituen jaialdi hark Euskal Herrian, eta Juan Huartek jarri zuen horretarako dirua. De Pablok eta Alexancok antolatu zuten alde artistikoa, eta haiek izan zuten John Cage Euskal Herrira ekartzearen ardura, eta, aldi berean, haien bidez heldu zen Cage ere Artze anaiak txalaparta jotzen ikusi eta liluratuta gelditzera. 1976an, Zurezko olerkia obra aurkeztu zuen De Pablok Bonneko (Alemania) Beethovenhalle kontzertu aretoan: Piezak Artze anaien txalaparta zuen oinarri. Eta elkarri lotuta gogoratzen zituen gertakari horiek guztiak konpositoreak: «Eskatu zidaten nahi nuena idatz nezala Beethovenen areto erraldoian jotzeko. Artze anaiak ezagutu berriak nituen, eta Iruñeko Topaketetara eramanak nituen. Otu zitzaidan txalaparta erabiltzea konposaketa baten barruan, nire ustez oso ondo zihoazkion osagaiz inguratuta: hau da, perkusio tresna gehiagorekin eta abesbatza batekin». Kea Ahots Taldeak, Enrike Azurzaren zuzendaritzapean, eta Ander Sanchez eta Bittor Pastor perkusio jotzaileek interpretatu zuten pieza Bilboko BBVA fundazioan, De Pabloren 90. urtebetetzea ospatzeko.

Madril izan du bizitoki, eta Europara eta Ipar eta Hego Amerikara ere heldu da haren jarduna. Irakasle izan da hamaika unibertsitatetan: hala nola Buffalon, Albanyn, New Yorken, Kanadan eta Argentinan, baina Euskal Herriarekin ere beti izan du lotura. Euskadiko Orkestrak jo izan ditu haren lanak, esaterako, eta Bilboko Udalaren enkarguz kantata bat ere sortu zuen, frankistak Bilbora sartu zirenetik 80 urte bete zirenean: La caída de Bilbao. 2019ko ekainean Bilboko Arriaga antzokian estreinatu zen, berrehun musikarirekin eta Jose Rafael Pascual-Vilaplanaren zuzendaritzapean. Bilboko Orkestra Sinfonikoak eta Bilboko Abesbatzak jo zuten. Frontean borrokatzera abiatu behar duen soldadu baten deitorearekin hasten da obra, biolontxelo hutsez. Asier Polok jo zuen biolontxeloa. Miren Urbieta, Marife Nogales, Mikeldi Atxalandabaso eta Fernando Latorre izan ziren kantari bakarlariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.