Musikari belaunaldi berriei ikusgarritasuna emateko agertoki bat eskaintzea; horixe da Donostiako Musika Hamabostaldiko Interprete Gazteen Zikloaren helburua. Urtero, hainbat musikari gaztek kontzertuak eskaintzen dituzte Donostiako Miramar jauregian, bakarlari zein ganbera talde formatuan. Lau zuzeneko eskainiko dituzte aurten, astelehenetik ostegunera. Klasizismotik hasi eta jazz eta musika garaikidera arte, egitarau koloretsua prestatu dute antolatzaile zein musikariek.
30 urte baino gehiago dira dagoeneko Musika Hamabostaldiak Interprete Gazteen Zikloa antolatzen duela; azken urteetan, gainera, Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiarekin batera prestatzen dute, bi erakundeen arteko lankidetza hitzarmen bat dela eta. Zikloan parte hartzen duten musikariak entzunaldi «esklusibo» baten bitartez aukeratu dituztela azaldu du Jesus Etxeberria Musikeneko kanpo harremanetako zuzendariordeak: «Ikasturtean zehar entzunaldi eta lehiaketa asko egiten ditugu, espazio ezberdinetan aritu daitezkeen ikasleak biltzeko. Hamabostaldikoa oso zorrotza da, eta jaialdian aurkeztuko direnak bakarrik aukeratzen ditugu». Zikloan, Musikeneko ikasleez gain, ikastegiarekin nolabaiteko lotura duten bestelako musikari gazteek ere parte hartzen dute.
Tomas Vidal piano jotzailea izango da aurten oholtzara igoko den lehena, astelehenean. Programaren aurreneko zatian, XIX. mendeko Frederic Chopin eta Franz Liszt «bi piano jotzaile handien» obrak joko ditu Vidalek: «Eta, tartean, nahiko ezezaguna den baina oso obra interesgarriak dituen emakume konpositore baten nokturnoa jarri dut. [Leopoldine] Blahetka izena du, eta oso garrantzitsua iruditzen zitzaidan konpositore honek izandako rola aldarrikatzea, ez baita ia ezagutzen». Kontzertuaren bigarren zatian, berriz, XX. mendeko zenbait konpositoreren lanak entzun ahal izango dira. Tartean daude, besteak beste, Sergei Prokofiev, Maurice Ravel eta Einojuhani Rautavaararenak.
Asteartean, berriz, Trio Hirustaren txanda izango da. Ainhoa Izagirre sopranoak, Hodei Yañez baritonoak eta Izaro Yañez pianistak Wolfgang Amadeus Mozart, Vincenzo Bellini, Gaetano Donizetti eta Pietro Mascagni konpositoreen aria eta duoen aukeraketa bat joko dute, Robert Schumannek pianorako idatzitako hainbat lanekin eta zarzuela piezarekin batera.
Doinuak kolore, eta koloreak doinu
Rocio Fernandez klarinete jotzailearen kontzertua izango da asteazkenean. Amaia Zipitria piano jotzaileak lagunduta, Fernandezek Pinakoteka baterako musika izendatu duen egitaraua aurkeztuko du. Fernandez: «Nire programa, izenak ongi dioen bezala, niri pertsonalki asko gustatzen zaizkidan bi arte lotzean datza: musika eta pintura». Hala, zuzenekoan zehar, musika piezak estilo eta garai ezberdinetako artelanekin erlazionatuko ditu piano jotzaileak. Kontzertuan entzun ahal izango dira Igor Stravinskiren Hiru pieza, Francis Poulencen Sonata, Alban Bergen Lau pieza eta Friedrich Burgmüllerren eta Charles-Marie Widorren beste zenbait obra, eta, besteak beste, Henri Matisseren, Pablo Picassoren eta Oskar Kokoschkaren artelanekin lotuko ditu.
Cuarteto Halos izango da kontzertua eskainiko duen azken taldea, ostegunean. Musikeneko ikasle diren lau saxofoi jotzailez osatutako taldeak garai eta estilo anitz jorratuko ditu. Kontzertuan zehar entzun ahal izango dira, esaterako, Isaac Albenizen Sevilla, Joseph Haydnen Bosgarren kuartetoa, Eugene Bozzaren Andante et scherzo eta Pedro Iturralderen Memorias eta Pequeña Czarda.
Kontzertu guztiak 19:00etan hasiko dira, eta sarrerak eskuragarri daude dagoeneko Hamabostaldiaren webgunean eta Kursaal auditoriumeko eta Viktoria Eugenia antzokiko leihatiletan.