Kokein, Luma eta Smoke Idols Kutxa Kultur jaialdian izango dira

Hidden Stage agertokian arituko dira, 40 laguneko taldeentzat. Euskotrenek zerbitzu bereziak jarriko ditu hilaren 15ean eta 16an

Kokein taldea Hidden Stage agertokian izango da. GALDER IZAGIRRE.
Erredakzioa
Donostia
2017ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Kutxa Kultur jaialdiaren ekitaldi berria izateko astebete pasa falta dela, festibalaren antolatzaileak hari buruzko azken xehetasunak ematen ari dira. Festibalean parte hartuko duten izen nagusiak aspaldi zehaztuta, atzo jakinarazi zuten Donostiako hipodromoko Hidden Stage agertokian —ezkutuan egongo den gune bat— 40 lagunek osatutako taldeentzako kontzertuak emango dituztela Lukiek, Tijuana Bibles, Kokein, Crô!, Luma eta Smoke Idols taldeek. Jaialdia hilaren 15ean eta 16an egingo da, aurrenekoz hipodromoan.

Igeldoko parkean lehenengo aldiz egin zenetik, familia osoarentzako eskaintza atontzen ahalegindu dira Kutxa Kultur jaialdiaren antolatzaileak, eta aurten, jaialdiaren kokagunea aldatuta ere, espiritu hori mantentzea dute helburu. Hala, musika kontzertuez gain, besteak beste, kaleko artearen erakustaldia, ilustratzaile, argazkilari eta diseinatzaileen merkatua, ile apaindegi zerbitzua eta haurrentzako ikuskizunak izango dira festibalean.

Bestalde, Lasarteko tabernek festibalean parte hartuko duten artisten omenezko pintxoak prestatuko dituzte, eta Araeta sagardotegiak sagardo dastaketzeak egingo ditu.

Dirurik gabe

Nazioarteko jaialdietan nagusitu den joerari jarraituta, Kutxa Kultur jaialdian ez da diru fisikorik erabiliko. Antolatzaileek azaldu dutenez, iazko sistema hobetu nahi dute aurten, eta, jaialdiaren osteko asteartetik aurrera, gastatu ez duten diru guztia jaso ahal izango dute erabiltzaileek. Itzulketa guztiak zazpi eguneko epean egingo dituzte.

Euskotrenek, berriz, tren zerbitzua indartuko du, eta hainbat zerbitzu jarriko ditu kontzertu nagusiak bukatzen direnerako.

Jaialdia ostiralarekin hasiko da, eta, lehenengo egun horretan, besteak beste, The Jesus and Mary Chain, Love of Lesbian, François & The Atlas Mountain, Jeremy Jay eta Depedro izango dira. Larunbatean, berriz, The Divine Comedy, The Drums, The Hives eta Hercules & Love Affair. Euskal Herriko talde ugari ere izango dira jaialdian: Zea Mays, Amateur, Buffalo, Skaiketan, Lookers, Vulk, Kokoshka, Beñat Igerabide, Oso Fan eta beste hainbat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.