«Artista handia eta askotarikoa»; «Mugarik ezagutzen ez zuen sortzailea»; «Kultur eragilea»; «Artista tranpati eta jolastero bat»... Hainbat modutan definitu dute Koldobika Jauregi sortzailea Euskal Herriko Unibertsitateak eskaini dion udako ikastaroan. Gaur bete da urtebete Jauregi zendu zenetik, eta efemeride hori baliatu dute sortzailea «ohoratzeko eta gogoratzeko». Bere lanetan murgildu dira horretarako. Gaur eta bihar egingo dira saioak, goiz eta arratsalde, Donostiako Miramar jauregian. Goizean egin duten saioan, bereziki ikertu gabe dagoen artista bat dela adierazi dute Usoa Zumeta artistak eta Ainara Martin ikertzaileak.
«Bilboko Arte Ederren Museoak, esaterako, ez dauka Jauregiren obrarik. Harrigarria da». Hala adierazi du Zumetak Jauregiren obra edo errepresentazioa aurkitzeko dauden zailtasunei buruz. Sortzaileari buruzko informazioa bilatzea zaila dela eta hori lortzea «beharrezkoa» ere nabarmendu dute Martinek eta Zumetak goizeko saioan. «Liburutegietan oso gauza gutxi aurki daitezke. Eta dauden katalogoetan oso testu kritiko gutxi dago». Beste hainbat kezka ere azaldu dituzte. Esaterako, ondarearen zaharberritzea eta mantenu lanak egiteko zailtasunak, dagoen informazioa analogikotik digitalera pasatzeko beharra eta instituzioen ardura.
Ikastaroan «diziplina anitzeko» ikuspegi batetik ari dira aztertzen Jauregiren ibilbide soziala eta kulturala. Eta horren denaren sarrera gisa antolatu dute Zumetaren eta Martinen hitzaldia: Koldobika Jauregi: sarrera bat. Bertan, Jauregiren ibilbidearen laburpen bat egin dute, modu kronologikoan, haren bizitza eta lana uztartuz.
17 urterekin egin zituen Jauregik lehen urratsak artearen munduan. Ikasketak utzi, eta tailla egiten hasi zen, eskultore izatea erabakita. Zumetak adierazi duenez, Valladolidera (Espainia) joan behar izan zuen soldaduska egitera, eta kuartelaren parean omen zegoen eskultura polikromatuaren museoa. «Berak zioen hor ikasi zuela nola eraiki. Hor zegoen informazio guztia». Hamar urte inguru jarraitu zuen iruditeria erlijiosoarekin, Zumetaren arabera, baina Bulgariara joatean erabaki zuen hori «alde batera» uztea.
90eko hamarkadan biolentzia hartu zuen gaitzat, batez ere Euskal Herriko gatazkarekin zerikusia zeukana. «Kontzientzia politikoa zeukan, eta biolentziaren inguruko artelanak egiten hasi zen. Garai hartako artelanei begiratuta, biolentzia horren parte den iruditeria aurki daiteke». Kontzientzia horren erakusgarri da 2018. urtean ETAren armagabetzea irudikatzeko egin zuen altzairuzko eta burdinazko zuhaitza: Arbolaren egia. Baionan jarri zuten, Roland Barthes zelaigunean.
«Marrazkia da Jauregiren artelanen oinarria eta helduleku nagusia. Deseraiki egingo du sinplifikazio batera iristeko, eta sinplifikazio hori berriro ere interpretatzeko»USOA ZUMETAArtista
Garai hartan bertan «eskala aldaketa bat» egin zuen Jauregik. Hala azaldu du Zumetak: «Konturatu zen ez zituela gorputz erraldoiak egin nahi. Hala, zaldia gaitzat hartzea erabaki zuen». Orduan jaso zituen lehen aitortzak.

Pixkanaka, ordea, figurazioa atzean utzi zuen, eta marrazkiaren erabilera indartzea erabaki. Zumeta: «Marrazkia da Jauregiren artelanen oinarria eta helduleku nagusia. Deseraiki egingo du sinplifikazio batera iristeko, eta sinplifikazio hori berriro ere interpretatzeko».
Haren ibilbideko mugarri nagusia, ordea, Ur Mara museoa izango da. 2008ko krisiaren ostean jarri zuen martxan proiektua, Alkizan (Gipuzkoa). Eta bertan, nabarmen ikus daitezke sortzaileak artearekiko, etnografiarekiko eta naturarekiko zeukan interesa. «Natura eta artea uztartzeko belaunaldi berri baten eremu naturala da». Hala definitu du Ur Mara Martinek.
«Natura eta artea uztartzeko belaunaldi berri baten eremu naturala da»
AINARA MARTINArte ikertzailea
Baina Ur Marak «paradigma aldaketa» bat ere badakarrela nabarmendu dute biek ala biek. Martin: «Proiektu pertsonalista da Ur Mara. Bere konplexutasuna dauka, bizitza eta lana toki berean daudelako. Etxea, museoa, lana eta bizitza hektarea horretan daude nahastuta. Eta artista izateaz gain kudeatzaile ere izan behar du. Zure eremua jasangarri egin behar baituzu, eta jendea erakarri».
Gizartearekiko konpromisoa
Goizeko lehen orduan abiatu da ikastaroa, eta Martinek eta Zumetak hitza hartu aurretik egin dute hasiera instituzionala. Jon Umerez EHUko Ikerketa errektoreordeak, Iñaki Irazabalbeitia Alkizako alkateak, eta Antonio Casado da Rocha eta Elena Cajaraville ikastaroaren zuzendariek hartu dute hitza, Xabier Artolaren bideo batez lagunduta. Besteak beste, Jauregik herrigintzarako zeukan borondatea, jendea bere inguruan biltzeko zeukan gaitasuna eta gizartearekiko eta giza eskubideekiko zeukan konpromisoa nabarmendu dituzte. Azken horri lotuta, Cajaravillek zapi palestinar bat jarri du aretoan, eta «bakea eta justizia» eskatu ditu Palestinarentzat. «Koldobikak Ur Maran egin zuen bezala, nik ere Palestina zuen gogora ekarri nahi dut. Hemen egongo balitz, esango luke ezin garela isilik geratu».
Bihar jarraituko dute ikastaroek, eta Ur Mara museora egingo dute bisita. Bertako erakusketa ikusi eta ibilaldia egingo dute basoan.