Donostiako 60. Jazzaldia uztailaren 22tik 27ra egingo dute, eta, horren aurretik, bi kontzertu emango ditu jaialdiak. Gaur, Bascolombia emanaldia izango da, Kolonbiako Phonoclorica eta Euskal Herriko Oreka TX taldeetako kide batzuk uztartzen dituena. Bi taldeek abangoardiako musika sortzen dute instrumentu tradizionalak erabiliz, Oreka TX-k txalaparta eta Phonocloricak txontazko marinba. Bihar, berriz, kontzertu akustikoagoa izango da: Iñaki Salvador (Donostia, 1962) eta Marco Mezquida (Menorca, 1987) piano joleek musika bidezko elkarrizketa bat izango dute, jazzaren historiako konpositore eta pianista handiei omenaldia egiteko.
Gaurko kontzertuaren atarian, BERRIArekin hitz egin dute Oreka TX-ko Harkaitz Martinez de San Vicentek eta Phonocloricako Leonel Merchanek, euren lankidetzari eta gaurko emanaldiari buruz.
Merchan txontazko marinba jolea da —txonta Kolonbiako Pazifikoko palmondo bat da—, eta oraingo honetan taldekide dituen Leonardo Peña perkusionista eta Isabel Reyes abeslari eta maraka jolearekin etorri da Euskal Herrira. Kolonbiako taldearekin elkarlana nola hasi zen galdetuta, Oreka TX-ko partaideak esan du orain dela bi urte hasi zela. Martinez de San Vicente: «Taldeak bi biratan bisitatu du Kolonbia; 2023an, bigarren biran, Merchan etorri zitzaigun txalapartak piztu zion interesak bultzatuta». Iaz Euskal Herrira etorri zen Merchan, marinba eta guzti, txalapartaren inguruan gehiago sakontzeko asmoz. Astebete igaro zuen Oreka TX-ko musikariekin, eta, denbora tarte horretan, hainbat proba egin zituzten, baita lagunarteko kontzertu bat ere. Martinez de San Vicentek esan du iaz bizitakoa «oso aberasgarria» izan zela. Aurten, berriz, beste bi taldekiderekin etorri da Merchan, Reyesekin eta Peñarekin. Duela astebete iritsi ziren, eta aste honetako bi emanaldiak prestatzeko baliatu dute denbora.
«Taldeak bi biratan bisitatu du Kolonbia; 2023an, bigarren biran, Merchan etorri zitzaigun txalapartak piztu zion interesak bultzatuta»
HARKAITZ MARTINEZ DE SAN VICENTEOreka TX-ko musikaria
Bi taldeen arteko elkarlanak eratutako fusioari «konbinazio berezia» deitu dio Martinez de San Vicentek. Konbinazio horren atzean dauden bi taldeak oso ezberdinak diruditen arren, antzekotasun handi bat dute: Oreka TX-k izenean daraman oreka horren bila aritzen da tradizioa eta abangoardia uztartzeko orduan, eta gauza bera egiten du Phonocloricak. Talde honek eskualdeko erritmoak eta kaleko beats elektronikoak uztartzen ditu Pazifikoko marinban eta Karibeko danborretan inspiratuta. Bi taldeek emango duten kontzertuan, Kolonbiako tradizioak eta abangoardiak Euskal Herrikoekin fusionatuta adituko ditu entzuleak. Taldeek elkarri ekarri dizkieten onurak nabarmendu dituzte biek. Oreka TX-ko partaideak adierazi duenez, kolonbiarrek euskal erritmoak «dantzagarriagoak» bilakatzen dituzte; Phonocloricako kideei, berriz, aurretik zituzten ortzi muga musikalak zabaltzen lagundu omen die Euskal Herriko taldeak.

Phonoclorica taldearen berezitasuna, Oreka TX-ren modura, instrumentuetan dago. Marinba dute tresna nagusia, «oihaneko pianoa» ere esaten diotena. Jatorri afrikarra duela esan du Merchanek, eta Kolonbiako identitatearen parte ere badela. Azken datu horrekin Euskal Herrian txalapartak duen garrantzia ekarri du gogora, eta bi instrumentuen artean lotura ere egin du: «Marinba, gure oihaneko pianoa, Kolonbiako txalaparta litzateke, eta txalaparta, Euskal Herriko marinba».
«Marinba Kolonbiako txalaparta litzateke, eta txalaparta, Euskal Herriko marinba»
LEONEL MERCHANPhonocloricako musikaria
Oreka TX-ren emanaldietan beste diziplina batzuk uztartzea ohikoa den arren, gaurko ikuskizuna «erabat musikala» izango dela iragarri du txalaparta joleak. Horri gehitu dio bi taldeak ez direla guztiz osorik egongo: «Guztira 7 lagun izango gara. Bi taldeetako partaide batzuk hartu ditugu, eta talde berri bat eratu, Phonocloricakoek Bascolombia izendatu dutena». Bascolombia emanaldiari buruz, Merchanek azaldu du kolonbiarrek asmo anbiziotsua dutela: «Latinoamerikako musikaren berotasunarekin Jazzaldia dantzan ipiniko dugu».
Martinez de San Vicentek adierazi du bi taldeen lankidetza hau ez dela gaurko kontzertuan amaituko. Esan du uda honetan, denbora faltagatik, ezingo direla elkarlanean gehiago aritu, baina aurreratu du datorren urtean Oreka TX Kolonbiara joango dela, eta bertan, seguruenik, Phonoclorica taldearekin arituko direla.