Urteko sasoi bakoitzak kolore bat edo beste iradoki dezake; udaberriak berdea batzuei, eta udazkenak marroia beste batzuei, esaterako. Udari dagokionez, askori etorriko zaizkie burura horia eta urdina, eguzkiaren izpiak eta itsaso zabala gogoan. Maria Aztiria (Urretxu, Gipuzkoa, 1980) eta Nora Pilarte (Donostia, 1971) margolariek «udako kolore biziak» protagonista dituzten lanekin osatu dute Uda erakusketa. Eta ezaugarri horrek batzen dituen arren, pintatzeko estilo desberdinak nabarmenak dira artelanetan: Aztiriak minimalismora jo du, forma geometrikoak eta marra zorrotzak baliatuta; Pilartek, berriz, «inprobisaziora» jo du, pintzelkada solteak oinarri hartuta. Bien koadroak Donostiako Ekain Artelanak galerian daude, hilaren 30era arte.
Aztiriaren margolanek lengoaia geometrikoa dute oinarri. Artistak azaldu duenez, Bauhausen eta neoplastizismoan inspiratu da forma garbiak sortzeko, eta forma horien eta koloreen arteko «elkarrizketa» bilatu du. Haren kasuan, inprobisazioak ez du horrenbesteko lekurik izan sortze prozesuan. «Pilartek ez bezala, nik lanean hasi baino lehen marraztu beharreko elementu guztiak aztertu ditut». Kolore geruza asko gehituz «intentsitate handiko kolore garbiak» lortu ditu artistak, Rita Unzurrunzaga Ekain Artelanak galeriako arduradunak azaldu duenez. Eta kolore horiek «lasaitasun eta harmonia sentsazioa» transmititzen diete ikusleei, artistaren ustez.

Guztira, 11 artelan aurkeztu ditu Aztiriak, hiru bildumatakoak: Art Deco, Striped eta New Collection. Bakoitzean forma bat nagusitzen da: lehenean, borobiltasuna; bigarrenean, linealtasuna; eta bi forma horiek uztartzen dira hirugarrenean. Unzurrunzagaren arabera, Art Deco bildumako koadroetan horiz eta urdin argiz margotu dituen atalek «udako kolore indartsuak» gogora ekartzen dituzte: «Hiru bildumetan hori tonu bera erabili duen arren, argitasunagatik ilunagoa ikusiko da koadro horietan».
«Lanean hasi baino lehen, marraztu beharreko elementu guztiak aztertu ditut»MARIA AZTIRIA Artista
Argitasuna da, hain zuzen ere, Pilarteren koadroetan nabarmentzen dena. Naturako elementuez harago begiratu, eta, guztira, hamahiru obra abstraktu sortu ditu. Zuhaitzek eta loreek ez ezik, argiak berak ere inspiratu du artista: «Donostian bizi naiz, eta argiak eguneko momentu bakoitzean modu batera edo bestera jotzen du itsasoan, hondartzan eta Igeldo mendian», adierazi du. Akrilikoaz gain, olioa eta esmaltea erabili ditu margolariak, eta material berriekin ere jolastu du; besteak beste, oihalekin. Askatasunak gidatuta, pintura geruza solte asko gehituz lortu du azken emaitza. Unzurrunzagak azaldu duenaren arabera, koadroek iradokitzen duten naturaltasunaren atzean «ibilbide luzea» dago.
Iraganari keinu
Margolaria izan aurretik, Bergaran (Gipuzkoa) urte luzez bizi izan zen Pilarte, eta San Antonio kotoi fabrikan lan egin zuen. Iraganari keinu eginez, Diez tesoros obra sortu zuen urte hasieran; fabrikan lantzen zituen oihal bakero batzuen gainean egin zuen artelan hori. Guztira, urdina ardatz duten hamar piezak osatzen zuten obra, eta pixkanaka beste zenbait kolore txertatuz joan zen. Ekain arte galerian, bilduma horretako bi pieza aurkeztu ditu Berdeak izenburupean, eta, hain justu ere, kolore berdea erabili du horietan. «Pintura bakoitzak, erakusketa batean ikusgai jarri ostean, istorio berri bat du kontatzeko, ikusle bakoitzak obra bere ikuspuntutik azaltzen baitu», adierazi du Pilartek.
«Pintura bakoitzak, erakusketa batean ikusgai jarri ostean, istorio berri bat du kontatzeko, ikusle bakoitzak obra bere ikuspuntutik azaltzen baitu»NORA PILARTE Artista

Bi margolariek erabiltzen dituzten kolore konposizio «bitxiak» gidatuta erabaki zuen Unzurrunzagak Uda erakusketa sortzea. «Nire ingurukoei Pilarte eta Aztiria batuko nituela azaltzean, harrituta erantzuten zidaten: 'Nola batuko dituzu hain desberdinak diren bi artista?'», azaldu du. Koadroak elkarren oso desberdinak izan arren, elkar laguntzen dutela uste du. Eta Pilartek ere iritzi dio kolore biziak direla estilo desberdintasuna orekatzen dutenak. Erakusketak dagoeneko harrera «ona» izan duela eta ikustera joan direnekin hitz egitea «oso aberasgarria» izan dela gehitu du artistak: «Haien aurrean ikusten ari direna kontatzen digute, beren ikuspegitik».
Aztiriak eta Unzurrunzagak duela bi urte ezagutu zuten elkar, eta, harrezkeroztik, hainbatetan jardun dute lanean elkarrekin; margolaria artista gonbidatu gisa izan zen iaz arte galerian, besteak beste. Pilartek eta galeriako arduradunak, berriz, duela bost urte abiatu zuten elkarlana; zenbait erakusketatan artista gonbidatua izan da galerian, eta hark sortutako akuarela batzuk ere ikusgai daude aretoan. Unzurrunzgak urte hasieran proposatu zien bi artistei beren lanak erakusketa berean biltzea. «Gustuko dut emaitza, espazioa kolorez bete dute eta».