Indartsu dago musika garaikidea, Musikagileak elkarteko kide Jon Esnaolaren ustez. Musikeneko ikaslea ere bada, eta konposizioaren arloan batez ere musika garaikideak duen osasunaren testigu da: «Badago harrobia. Musikeneko irakasleek asko lantzen duten zerbait da». Irakasleez gain, bada harrobi horren beste errudunik ere: Musikagileak zikloa. Musikagileak elkarteak antolatzen duen musika garaikidearen zirkuitua da, eta, besteak beste, konpositore berrien lanei lekua egiten die urtero. Hamaseigarren aldia izango da aurtengoa. Irailean, egitarauaren atariko moduan, Bilboko Orkestra Sinfonikoaren kontzertu bat hartu zuen zikloak, baina larunbatetik aurrera egingo dituzte gainerako jarduerak, datorren urteko martxora arte. Konpositore berrien 30 estreinaldi absolutu programatu dituzte; erdiak baino gehiago, euskal musikarienak.
Hamahiru kontzertu antolatu dituzte aurten, eta, euskal taldeak ez ezik, nazioartekoak ere ariko dira. Euskal Herrikoen artean daude, besteak beste, Suhar abesbatza, Ensemble Sinkro, eta Roberto Casadok eta Joseba Torrek osatutako bikotea. Galiziako Vertixe Sonora, Valentziako Sauti Duo eta Kataluniako 4Sonora taldeek ere hartuko dute parte zikloan. Nazioartean sona handia duten bi musikari —Karin Hellqvist biolin jotzailea eta Don Paul-Kahl saxofonista— eta talde bat —Ensemble PTYX— ere badira programazioan.
Donostian, Bilbon eta Gasteizen izango dira kontzertuak. Donostian, Musikenen, San Telmo museoan eta Viktoria Eugenia antzokiko Club aretoan egingo dituzte; Bilbon, Guggenheim museoko TopArte gunean eta Campos Eliseos antzokian; eta Gasteizen, Europa jauregian, Jesus Guridi musika kontserbatorioan eta Izaskun Arrue kulturgunean —lehenengoz egingo dituzte bertan zikloko kontzertuak—.
Formakuntzarako aukera
Musika emanaldiez gain, bestelako jarduera batzuk ere prestatu dituzte antolatzaileek. Horietako bat izango da, esaterako, Jose Manuel Lopez Lopezek emango duen konposizio ikastaroa; hamabigarrenez egingo dute, Musikenen bertan. «Konposizioko ikasleek gehien espero dituzten ekitaldietako bat da, eta, gainera, publiko orokorrarentzat ere irekita dago», azaldu du Miren Iñarga Musikeneko zuzendariak. Bi fasetan banatu dute ikastaroa. Lehenengoan —apirilaren 9an izan zen—, Lopez Lopezek bere sortze prozesua erakutsi zien ikasleei, eta, ondoren, ikasle bakoitzak Ensemble Sinkro taldeak joko duen pieza bat sortzeko bidea hasi zuen. Bigarren fasea hilaren 15etik 17ra gauzatuko dute: ikasleek euren sorkuntzak konpositorearekin batera landuko dituzte, baita Ensemble Sinkroko kideekin ere. 17an bertan entzun ahal izango dira parte hartzaileen piezak, 19:00etan.
Bi eskola magistral ere hartuko ditu Musikenek. Azaroaren 7an izango da lehena, eta Don Paul-Kahlek emango du. Saxofoiaren teknika garaikideez mintzatuko da, bai eta teknika horiek gaur egungo musika panoraman izan dezaketen erabilerez ere. Zentroko ikasleentzat ez ezik, interesa duen edonorentzat ere irekita egongo da. 4Sonora taldeak izango du bigarren eskola gidatzeko ardura. Besteak beste, taldean lan egiteko dinamikez arituko dira. Heldu den urteko martxoaren 16an izango da jarduera hori.
Musikarien topaketa
Abenduaren 13an egingo dute Musi-Meet topaketa. Musikagileak elkarteak, San Telmo museoak eta Musika Bulegoak elkarlanean antolatu dute, musikaren sektoreko profesionalei begira. Iker Durana Musika Bulegoko kudeatzaileak azaldu du «hausnarketarako gune bat» sortu nahi dutela. Egun osoko egitaraua hartuko du museoak, mahai inguruak eta hitzaldiak tarteko. Topaketa ixteko, Francisco Dominguez konpositoreak jarduera horretarako berariaz sortutako pieza bat estreinatuko du.
Arkaitz Olea San Telmo museoko bitartekaritza arduradunak azaldu du museoaren izaera kontuan hartuta pieza bat sortzeko eskatu ziotela musikariari. Dominguezek klaustroa izan du inspirazio iturri Memoria Sonans, harriak dardaraz sortzeko; musika elektronikoa eta Vertixe Sonora taldearen zuzeneko musika uztartuko ditu, eta klaustroan bertan aurkeztuko du lana —aurretik piezaren inguruan mintzatuko da egilea, eta ondoren emango du kontzertua—.Â
Ekitaldien informazio xehea eta programazio osoa Musikagileak elkartearen webgunean dago.