Kontzertu «bakan eta ahaztezina» egingo dute Donostian, Mendebaldeko Sahararen alde

'Saharari kantari' diskoan parte hartu duten musikarietako zenbait arituko dira Kursaalean, abenduaren 22an, sahararren kultur ondasuna gordetzen laguntzeko ikuskizunean

saharari kantari
'Saharari kantari' diskoaren azala.
Edu Lartzanguren.
2023ko abenduaren 4a
18:24
Entzun

Saharari kantari diskoa aurkeztu zuten duela aste gutxi. Izar polisariar bat kanta zegoen grabaturikoen artean. Bakarrarekin nahikorik ez, eta, orain, izarrez beteko dute Donostiako Kursaal auditoriumeko kubo handia, abenduaren 22an, ostirala, 20:00etan. «Diskoaren kontzertu bakarra eta ahaztezina izango da», adierazi du Kristina Berasain kazetari eta emanaldiaren bultzatzaileak. Sahararrak «gerran daudela ez da ahaztu behar», haren arabera. «Euskal Herritik beti egon da konpromiso handia Sahararekin, baina orain arte inoiz ez da halakorik egin».

Diskoa grabatzen ari ziren musikarietako asko egongo dira oholtzaren gainean. Tartean izango dira, Oreka TX, Eñaut Elorrieta, Mikel Urdangarin, Esti Markez, Fariba Sheikhan, Bea Asurmendi, Idoia Asurmendi, Jon Maia eta Iker Lauroba kantariak. Horiez gain, Postal Kolekzionistak eta Physis versus Nomos taldeak arituko dira. Saharako hiru artistak emanaldi berezia egingo dute: Minatu Embarek, Nayat Hossein eta Hayuh Ramsi.

Kontzerturako propio sortu dute musika banda bat. Horretan Antxon Sarasua arduratuko da teklatuez, Dani Venegas gitarrez, Joanes Ederra baxuez, Mikel Fagoaga bateriaz, eta Xabier Zeberio biolinaz. Sarasua da taldearen zuzendari musikala.

«Kontzertu solidarioa izango da, kulturatik kulturara keinua egiteko» , Berasainek azaldu duenez. Bildutako dirua Saharako kultur ondarea babesteko erabiliko da, Euskal Fondoa eta SEAD Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren arteko lankidetzaren esparruan.

Sarrerak 25 eta 30 euroan jarri dituzte dira salgai. Kursaalaren webgunean eros daitezke.

Kontzertura joan gabe ere laguntzeko aukera eman dute, «zero ilara» baterako sarrerak eros baitaitezke.

BERRIA da emanaldiaren sostengatzaileetako bat, Euskal Fondoarekin, Donostiako Udaleko Donostia Kulturarekin, Elkarrekin eta Bakun itzulpengintza enpresarekin batean.

Diskoa eta Berasainek idatziriko Sahara, herri bat erresistentzian liburua salgai daude BERRIA dendan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.