Film sorta «bereziki indartsua» izango du Berlinaleren aurtengo lehia ofizialak, Tricia Tuttle jaialdiko zuzendariaren hitzetan. «Hain gaude ziur 22 film horien xarmaz, zalantzarik gabe esan baitezakegu: Horien artean gustukoren bat aurkitzen ez duenak ez du zinema maite!». Otsailaren 12an abiatuko da 76. Berlinalea, eta bertan Urrezko Hartza irabazteko hautagai izango diren filmen «maisutasuna» irmo defendatu du Tuttlek. Programazioaren gainerako xehetasunak ere aletu ditu, eta, iragarri duenez, Kornel Mundruczo, Lance Hammer eta Hanna Bergholm zinemagileen film berriak izango dira lehian, besteak beste. Otsailaren 21ean jakinaraziko dute sarituen zerrenda, eta Wim Wenders buru duen epaimahaiak egingo du hautaketa.
Lehiaz kanpoko film bat proiektatuz abiatuko dute jaialdia: Sharbanoo Sadat zinemagile afganiarrak No Good Men estreinatuko du jaialdian, bere hirugarren film luzea. Lanak Naru izeneko emakume bat du protagonista, zeina Kabulgo telebistako kamerari bakarra den. Haren kalitatea nabarmendu du Tuttlek: «Gertaera errealetan oinarrituta egoteak eta egileak filma sortzeko arriskatu duenak are nabarmengarriagoa egiten dute lan hau». Inaugurazio ekitaldian, halaber, Michelle Yeoh aktoreari emango diote Ohorezko Hartza, haren ibilbide osoaren aitortza gisa.
Ondotik, beste hamaika begirada islatuko ditu Berlinaleren erakusleihoak. Komediak, generozko filmak, thriller psikologikoak, maitasun istorioak, animazioak, westernak... Gaur egungo zinemaren «aniztasuna» erakusten duen film sorta bat izango da ikusgai, jaialdiko zuzendariak azaldu duenez. Horien artean dago At the Sea Kornel Mundruczo hungariarraren lan berria, zeinetan Amy Adamsek errehabilitaziotik igaro ostean etxera itzultzen den emakume baten rola antzezten duen. Lance Hammer estatubatuarrak, berriz, Queen at Sea proiektatuko du; dementzia eta zahartzaroa hizpide dituen lana da, eta Juliette Binoche eta Tom Courtenay ditu protagonista. Bestalde, Hanna Bergholm finlandiarrak baso batean dagoen etxalde batera bizitzera joango den bikote baten istorioa eraman du Nightborn filmera —Rupert Grintek jokatu du rol nagusietako bat—.
'Opera prima' bat ere bai
Hego Amerikatik hiru lan helduko dira Berlinera: Karim Ainouz brasildarraren Rosebush Pruning —Callum Turner, Riley Keough, Jamie Bell, Elle Fanning eta Pamela Anderson daude aktore taldean—; Beth de Araujo brasildar-estatubatuarraren Josephine —Channing Tatum, Gemma Chan, Mason Reeves, Phillip Ettinger eta Syra McCarthy antzezleekin—; eta Fernande Eimbcke mexikarraren Moscas. Eta Australiatik iritsitako lan bat ere hartuko du jaialdiak: Markus Schleinzerren Rose.
Halaber, lehian izango diren filmen artean izango dira Bill Evans jazzeko pianistaren biopic bat —Grant Geek zuzendutako Everybody Digs Bill Evans—, animaziozko lan bat —A New Dawn, Yoshitoshi Shinomiyaren opera prima—, eta dokumental bat ere —Anna Fitchen eta Banker Whiten YO Love is a Rebellious Bird—.
Sail Ofizialeko zerrenda osatzen duten gainerako lanak honako hauek dira: In a Whisper (Leyla Bouizid), Dao (Alain Gomis), Dusk (Anke Blonde), Home Stories (Eva Trobisch), Yellow Letters (Ilker Çatak), Salvation (Emin Alper), My Wife Cries (Angela Schanelec), Nina Roza (Genevieve Dulude-de Celles), Soumsoum, the Night of the Stars (Mahamat-Saleh Harun), The Loneliest Man in Town (Tizza Covi eta Rainer Frimmel), Wolfram (Warwick Thornton) eta We Are All Strangers (Anthony Chen).