Kaka mokordo bat herriko plazan. Mendeak dira munduan kakarik ez dagoela; gizakiek ipurdia izan baduten arren ipurtzuloa falta baitzaie. Baina mokordoa agertu da Ipurtegietan, eta misterioa argitu beharko da. Erika Olaizolak eta Xanti Agirrezabalak sortu dute Kaka antzezlana, eta, bi urteko lanaren ondoren, asteazkenean izango dute lehen emanaldia, Donostiako Antzoki Zaharrean. AEK-Korrikako II. Kultur Sorkuntza Beka irabazi zuten iaz Olaizolak eta Agirrezabalak, eta, beraz, Kaka izango da 24. Korrikaren ekitaldi kultural nagusia. Gaur egin dute entsegu orokorra Errenterian (Gipuzkoa), eta, azarotik martxora bitarte, 30 emanaldi baino gehiago eskainiko dituzte.
Antzezlana sortzeko abiapuntua ez da izan hausnarketa bultzatzea. Horixe esan du Olaizolak: «Badirudi proiektu hauek guztiek seriotasunetik abiatu behar dutela. Begira: ba, ez. Batzuetan oso arinak dira abiapuntuak. Okurritu zitzaigun lehen ideia hauxe izan zen: kaka mokordoa herriko plazan». Jolasetik heldu zieten aktoreek proiektuari, baina badago irudi ustez sinple horren atzean hausnarketarako tartea ere. Tabuak hizpidera ekarri nahi dituzte antzezlanean, ezkutuan dagoena azaleratu, eta deseroso sentiarazten duen hori disimulurik gabe esan. Kakarik gabeko gizarteak ezkutatzen duena jarriko dute agerian.
«Batzuetan oso arinak dira abiapuntuak. Okurritu zitzaigun lehen ideia hauxe izan zen: kaka mokordoa herriko plazan»ERIKA OLAIZOLA Aktorea
Pertsonaien arteko harremanek ere emango dute endredoan sakontzeko aukera. Horretarako, Olaizolarekin eta Agirrezabalarekin batera oholtza gainean arituko dira Ainhoa Aierbe eta Mikel Laskurain. Herriko alkatea izango da Laskurain, eta plazan obrak hasteko bezperan agertuko da kaka, erdi-erdian. Lauren artean kudeatu beharko dute arazoa: alkateak, alkatearen laguntzaileak —Agirrezabalak—, antropologoak —Aierbek— eta ertzaina dela onartu nahi ez duen departamentu zientifikoko ertzainak —Olaizolak—.
Lantaldearen garrantzia
Badago oholtzaz bestaldean lan egiten duen jende mordoa ere. Kepa Errastik egituratu zuen Olaizolaren eta Agirrezabalaren ideia multzoa, eta gidoiaren lehen bertsioa egin: «Guk nahi genuen hori gorpuztu zuen», kontatu du Olaizolak. Hasierako zirriborroa hiruren artean «eraiki eta deseraiki» behar izan dute, eta, azkenik, gidoia bera antzezlanak eskatzen zuen horren arabera moldatu. Zera aitortu du Agirrezabalak: «Zutik jartzen zarenean, ohartzen zara gidoiak zeri eutsi diezaiokeen eta zeri ez». Hala, entseguz entsegu lagun izan duten Ospe Lopez eszena zuzendariaren lana goraipatu dute lau aktoreek. Nobedade baten berri ere ematen dute: kaka mokordoaren bueltan abesti batzuk entzun ahal izango dira, eta Liki Likatsu musika taldea izan da horiek sortzeaz arduratu dena.

Publikoaren gaineko zalantzak argitu nahi izan ditu Aierbek: «Baliteke izenburuarekin nahastu, eta jendeak ez jakitea antzezlana haurrentzat den ala ez». Bada, zera esan du: «Ez nuke esango haurrentzat sortutako antzezlana denik, baina uste dut haurrek ere gustura ikusiko duten ikuskizuna izango dela». Nerabezarora sartzen ari diren horientzat bereziki aproposa izan daitekeela uste du Aierbek; batik bat, euskara landua duelako. «Antzezlanarekin gazteek ikusi ahal izango dute euskaraz bizi daitekeela, eta euskaraz umorea egin daitekeela. Akaso horrek balioko du euskara zertxobait bultzatzeko». Askotariko esamoldez eta umorez jositako elkarrizketen artean, hitanoa ere erabiliko du batak edo besteak.
Korrikaren atarian
Iazko ekainean aurkeztu zuen AEK-k sorkuntza bekaren irabazlea: Olaizolaren eta Agirrezabalaren Kaka proiektua. Halaxe azaldu du Ane Elordi Korrikako arduradun nagusiak, eta argitu du, besteak beste, lurraldetasunari eta genero ikuspegiari eman diotela garrantzia. Epaimahaia askotariko diziplinetako arduradunek osatu dute, hala nola Lutxo Egiak, Gari Garaialdek, Izar Mendigurenek, Oier Zuñigak eta Maia Muruagak. 30 lanetik gora jaso, eta hiru nabarmendu zituzten. Aurrez aurreko solasaldi baten ondoren izendatu zituzten irabazle Olaizola eta Agirrezabala. «Euskaraz edonolako kultur eskaintza egin daitekeela erakusteko balio du Korrika Kulturalak», azaldu du Elordik.
«Euskaraz edonolako kultur eskaintza egin daitekeela erakusteko balio du Korrika Kulturalak»
ANE ELORDI Korrikako arduradun nagusia
Beka jasotzearekin batera, Agirrezabalak baieztatu du «sekulako babesa» eman diela antzezlana Korrika Kulturalaren testuinguruan estreinatu ahal izateak, eta, 30 emanaldi baino gehiago lotuak izan arren, are gehiago egin nahiko lituzkete: «Guk antzerkia jendearentzat egiten dugu. Hortaz, zenbat eta gehiago zabaldu, hobe». Olaizolak argitu duenez, hiru aste daramatzate, buruak leher egin arte, entseguetan murgilduta. Orain «zaurgarri, urduri eta pozik» daude; laster hasiko baitira emanaldiak. Datorren asteko estreinaldiaz gain, ostiralean Zumaian egingo dute emanaldia, eta igandean, Azpeitian.