Musika

Korrontzik BECen borobilduko du mundua dantzan jartzeko asmoz antolatutako bira

Guztira 50 emanaldiko bira egingo du taldeak, eta tokian tokiko dantza taldeekin arituko da saioetako bakoitzean. 2027ko martxoaren 13an eskainiko du azken zuzenekoa, BECen, eta ehun dantza talde eta 1.200 dantzari batuko ditu oholtzan.

Agus Barandiaran Korrontzi taldeko kidea. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Agus Barandiaran Korrontzi taldeko kidea. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Inigo Astiz
Bilbo
2026ko martxoaren 30a
16:11
Entzun 00:00:00 00:00:00

Mundua dantzan jartzea. Xabier Amurizak 1999an idatzitako eta gerora Imanol Larzabal musikariak hedatutako bertso ezagunek irudikatutako desioa errealitate bihurtuko du Korrontzi musika taldeak. Duela hamar urte hasi zuten Korrontzi Dantzan izeneko proiektua, eta, orain, datorren urte osorako 50 kontzertuko bira erraldoia antolatu dute urteurrenaren harira. Oinkari dantza taldeak Korrontziren kantentzako sortutako koreografiak herriz herri eta dantza taldez dantza talde zabaldu zituen proiektu hark, eta orain ere lekuan lekuko taldeekin batera eskainiko dituzte iragarritako 50 emanaldi horiek. Baina 51. saioarekin itxiko dute bira. Barakaldoko (Bizkaia) BEC erakustazokan izango da azken emanaldi hori, eta ehun dantza konpainia inguru eta 1.200 bat dantzari batuko dituzte guztira. Mundua dantzan jarriko dute, alegia; zehazki, 2027ko martxoaren 13an.

Agus Barandiaran Korrontzi taldeko kideak gogoratu duenez, 22 urte beteko ditu aurten taldeak, eta guztira mila kontzertu inguru eskaini dituztela zehaztu du. Duela hamar urte bururatu zitzaien Korrontziren musikarentzako dantzak hedatzeko proiektua, eta «ideia txoro bat» izan zela esan du Barandiaranek. Lauzpabost saio egingo zituztela aurreikusi zuten orduan, baina ehun saio inguru egin dituzte guztira urteotan guztiotan. Orain, proiektu haren urteurrena gogoratu, eta «beste ideia txoro bat» bururatu zaie, esan duenez. «Halako batean pentsatu genuen hamar urte konplitu ditugula, eta bildu egin behar ditugula dantzari horiek guztiak».

«Korrontzi Dantzan proiektuak hamar urte konplitu ditu, eta pentsatu dugu bildu egin behar ditugula dantzari horiek guztiak»

AGUS BARANDIARAN Korrontziko kidea

Eta ideia horren emaitza da aurkeztu berri duten bira. Mundua dantzan deitu dute, eta bideo bat ere sortu dute haren berri emateko. Xabier Amuriza agertzen da bertan. Ezpain artean darabil kantua. Koaderno bat ere badu eskuetan, eta bere bertso ezagunak idazten dabil bertan. Baina lehen bertsoaren azken lerrora heldutakoan, kantaren lerrorik ezagunena moldatu, eta «jainkoa» hitza zirrimarratu ostean, haren ordez, «Korrontzi» idazten du paperean.

Euskal Herrian ez ezik, Espainian, Frantzian, Kanadan, Malaysian eta Txekian ere eskainiko dituzte hurrengo birako emanaldiak. Guztietan tokian tokiko dantza taldeekin batera azalduko dira oholtzara Korrontzikoak. «Hemen protagonista nagusiak dantzariak dira», laburbildu du Barandiaranek.

BECekoa kontzertu erraldoia izango dela iragarri du musikariak, eta bost eszenatoki izango dituztela zehaztu du. 8.000 ikuslerentzako lekua egiteko asmoa du taldeak, baina, parte hartuko duten dantzarien kopurua kontuan hartuta, oso litekeena da tokia 16.000 pertsonarentzako egokitu behar izatea. Baliteke leku horiek betetzea eta bigarren data iragartzea ere. Barandiaranek ez du aukera baztertu, baina, azaldu duenez, haien asmoa ez da ahalik eta sarrera gehien saltzea, «euskal folkloreari, trikitiari eta euskal dantzei merezi duten lekua» ematea baizik.

Trikitia erdigunean

Rufino Arrola eta Tomas Arrizabalaga Sitze trikitilariak izan ditu gogoan Barandiaranek. «Hil ziren pentsatzen trikiti hori galdu egingo zela; bada, trikiti hori guk hartuko dugu, eta jarriko dugu aulki batean, BEC bezalako leku batean, eta haren inguruan milaka dantzari arituko dira dantzan».

Bizkaiko Foru Aldundiaren eta EITBren babesa izan dute proiektua aurkezteko. Korrontzik besteak beste euskal kultura eta nortasuna nazioartekotzeko egiten duen lana nabarmendu dute bi erakundeetako ordezkariek, bai eta transmisioaren alde egiten duena ere. Laboral Kutxaren sostengua ere izan dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA