Kostatik kostarako kontzertu bira bat belaontzian

«Ogibidea bizitzeko» proiektu berezi bat sortu dute Jurgi Ekiza eta Paxkal Irigoien musikariek: Euskal Herritik Galiziako kostalderaino joango den belaontziaren bira. Itsasun hasiko da, hilaren 14an, eta Zarautz izango da azken geltokia, 28an.

 Jurgi Ekiza eta Paxkal Irigoien musikariak. Belaontziz bira bat egingo dute Euskal Herritik Galiziara. EKIZA ETA XAK
Jurgi Ekiza eta Paxkal Irigoien musikariak. Belaontziz bira bat egingo dute Euskal Herritik Galiziara. EKIZA ETA XAK
iraia vieira gil
2025eko abuztuaren 7a
04:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Willis Drummond taldeko kide izan zen garaian piztu zitzaion Jurgi Ekiza musikariari kontzertu bira bat belaontziz egiteko ametsa; oztopoak oztopo, urteak itxaron behar izan du bere desira bete ahal izateko. «Oroitzen ez banintzen ere, nire asmoa aipatua nion Paxkal Irigoieni [musikaria], eta duela sei hilabete, urte hastapenean-edo, deitu zidan esanez proiektua egiteko interesa zuela», kontatu du Ekizak. Elkarrekin lan egiteari ekin zioten orduan, eta berehala zehaztu zituzten birako emanaldien nondik norakoak: «Talde batekin egitea baino sinpleagoa izan da, eta akustikoan egitea erabaki dugu, bi ahots eta bi gitarra erabiliz». Hala, Euskal Herriko Baionatik Galiziako Baiona ondoraino joango dira aurten Ekiza eta Irigoien. Itsasun (Lapurdi) hasiko dute ibilbidea, hilaren 14an, eta, abuztuaren 23an helduko dira Pontevedrara (Galizia); gero, Euskal Herrira itzuliko dira, azken bi kontzertuak ematera. Hamalau egun emango dituzte belaontzian, eta Zarautzen (Gipuzkoa) izango da birako azken emanaldia. 

Itsasutik igaro ostean eta Zarautzera heldu baino lehen, Donostian, Pasaian (Gipuzkoa), Saturraran hondartzan (Mutriku, Gipuzkoa), Bermeon (Bizkaia), Pontevedran (Galizia) eta Deban (Gipuzkoa) egingo dituzte geldialdiak. «Normalean jotzen ez dugun lekuetan arituko gara; adibidez, hondartzetan eta txiringitoetan, eta hori oso polita izango da».

Birak iraungo duen hamalau egun horietan, kontzertuak emateko besterik ez dute utziko belaontzia, eta hori izan da abestiak akustikoan jotzeko beste arrazoietako bat. «Belaontziz ibiltzea askoz seguruagoa da. Gainera, belaontziz ibiltzeak portutik hurbil jotzera behartzen gaitu, eta, itsasontzia lehorretik urrun uztekotan, herrietatik erraz mugitzeko aukera izan nahi genuen», azaldu du Ekizak. Emanaldien ostean, belaontzira bueltatuko dira zuzenean, lo egitera, eta hurrengo egunean jarraituko dute ibilbidean.

«Lortuko balitz Europan barna itsasontzi handiago bat bidaltzea, bira horrek garrantzi handiagoa izango luke ekologikoki»JURGI EKIZAMusikaria

Abestiei dagokienez, «bataren eta bestearen» hainbat kanta batera joko dituztela aurreratu du Ekizak: «Nire kasuan, kantu zaharrak eta Willis Drummonden abestiak izango dira gehienbat, eta, horietaz gain, abuztuaren 29an aurkeztuko dudan diskoko kanta bat ere joko dugu». Irigoienek eskatuta interpretatuko dute azken hori, baina, musikariak berak azpimarratu duenez, belaontziaren bira ez da izango kaleratzear den lanaren aurkezpen ofiziala. «Paxkalentzat, ordea, bai: aurkezpen moduko bat izango da, Xak haren azken diskoko kanta batzuk joko baititugu elkarrekin», adierazi du. Hain justu, maiatzean kaleratu zuen Irigoienek abesti bilduma berria, Xak izenekoa. Bloñ lana argitaratu eta lau urtera argitaratu du proiektua.

Kantatzeaz gainera, «zeozer berria sortzeko» aukera ez du baztertzen Ekizak. Ez daki horretarako denbora izango duten, baina argi du Irigoienekin proiektu hau egiteak beste ate batzuk ireki ditzakeela. «Guk ez ditugu kontrolatzen itsasoko denborak, ez dakigu zenbat denbora izango dugun joateko herri batetik bestera, ezta itsasontzian musika jotzeko denborarik izango dugun ere. Elkarrekin egin dezakegun horren entsegu moduko bat izango da, eta, hortik aurrera, ikusiko dugu», zehaztu du. Ez du itxaropena galtzen, ordea: «Gurekin datorren kapitainak saxofoia jotzen du; beraz, agian aukera izango dugu kantuetan saxofoia gehitzeko». Hala ere, Ekizak aipatu duenez, «ogibidea bizitzea» eta publikoa ikuskizunaren parte bihurtzea beste helbururik ez du birak: «Guk lehentasuna ematen diogu bizi esperientziari, eta hori polita izango da, ziur».

Tamaina txikiko bira

Musika sortu gabe bada ere, itsasontzi batean bi astez aritzeak badu xarma Ekizarentzat. «Jacques Brel kantariaren zalea naiz ni, eta hark Polinesia Frantsesean bukatu zuen belaontzi batean hasitako bidaia», kontatu du. Haren birak, ordea, ez du zerikusirik Ekizak eta Irigoienek egingo dutenarekin. Izan ere, birikako minbiziak eragindako kalteetatik ihes egin nahian zeharkatu zuen Brelek Pazifikoa, 1975. urtean. Bidaiak, ordea, ez zuen sendatu abeslariaren gaitza, eta Brel hiru urte geroago hil zen, Hiva Oa hirian. Helburu artistikorik gabeko ibilbidea izan zen arren, belaontzi batean musikarekin lotutako zeozer egitera animatu zuen Ekiza: «Polita izan zitekeela pentsatu nuen». Hori bai, Euskal Herritik gertu, eta kostaldetik askorik urrundu gabe. 

Alde horretatik, «tamaina txikian» egindako bira bat dela azaldu du Ekizak; hau da, halako proiektu bat noraino hel daitekeen neurtzeko «test bat». «Aukera balego bira handi bat egiteko itsasontzi batean, beste tamaina bat hartuko luke». Ez bakarrik artistikoki, baizik eta baita politikoki ere: «Lortuko balitz Europan barna itsasontzi handiago bat bidaltzea, horrek garrantzi handiagoa izango luke ekologikoki». Hamalau eguneko ibilbide labur batean, ordea, mezuren bat helarazteak ez du inolako zentzurik, musikarien iritziz. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.