Pentsatua nuen aste honetako paperezko harrikada nirea Torrente Presidente fenomeno sozial-politiko-zinematografiko-ekonomikoari eskaintzea. Oso-osorik. Alde agertuko nintzateke, jakina, sozialki, politikoki, zinematografikoki eta ekonomikoki ortodoxoak direnak asaldatzeko asmo inozoetan.
Sakonago hausnartu nuen, baina, ohean, eta kontrakoa erabaki. Zergatik? Alde batetik, ez dudalako Iparraldeko irakurle bat ere galdu nahi. Eta Torrenteri artikulu osoa eskainiz gero, Kanaldudeko lagunek baietz ghosting erabatekoa egin; ez baitute Lapurdin, Zuberoan edo Nafarroa Beherean film horretako izar ziztrinen berririk. Bestalde, ziurrenik jada nire kontra bete ederrean ditudan bene-benetako euskaldun peto-petoek baztertuko nindukete betiereko. Zer dela eta? Sorkundez Garbia baita euren euskalduntasuna, euren euskal izaera. Hala izanik, sekula ez dira sartu gu, hibridook, nortasun, hizkera eta odolez nahasiok gustu handiz sartu garen ur zikinduetan.
Ez Iparraldekoek ez orbanik gabeko Aitorren ondorengo puruek ez dakite (ezta behar ere, egia esatearren) Santiago Seguraren pelikulan agertzen diren Jesulin de Ubrique, Jose Luis Moreno, Kiko Rivera edo Francisco Nicolas nor diren. Guk, berriz, kulturaz (sasi eta sasiko kulturaz, izan ere) mestizoak garenok buruz dakizkigu txingote horien balentria xelebreak oro. Eta ez pentsa hibridook gutxiengo zokoratu eta jipoitua garenik. Inork ez du ozen esango, baina Hegoaldean, horiek guztiak (eta gehiago) agertzen ziren telebista zabor saioek milioika ikusle zituzten. Euskal/euskaldun ikusleak.
Azaldu dut ba, dagoeneko, zergatik nahi nuen Torrente Presidente-z hitz egin (kasik zazpi milioi euro eskuratu ditu estreinatu osteko asteburuan), eta baita zergatik ez naizen gehiago luzatuko gaiaz.
Alta, errebelde eta hainbat konbentzio ustelduren aurka nahi dut artikulu honen bukaerara iritsi. Beraz, hitz egin dezagun beste fenomeno sozial-politiko-zinematografiko-ekonomiko batez: Kpop Demon Hunters-ez!
Egiari zor, mendeetan eta belaunaldietan zehar demonioak ehizatu dituen emakumezko ermandade, ahizparteko honek baditu puntu batzuk amankomunean Santiago Seguraren frikadarekin. Benetan diotsuet. Ez, ez dut Satibasque bitter tanta bat ere edan. Satibasque?! Bai aspaldi zaharretik (XVII. mendetik, paper zaharren esanetan) Araban landatu (eta kontsumitu) izan den Cannabis sativa landareaz gozatua den edari-edabe kasik magikoa. Dasta ezazue eta Torrente ere baietz gustatu.
Kpop Demon Hunters-ez ez dute entziklopediek berbarik egingo. Ez eta kritikari serioek ere. Netflix plataformako anime telesail bateko protagonistak dira. Zaleek 325 milioi aldiz ikuskatu izan dituzte atal guztiak. Alta, mundu analogiko ustelduan bizi diren ortodoxoek ez dute herexia honen berri. Zinema programatzaileek ere ez. Ekoizleek atal horiek film luze batean garatu zutenean, areto periferikoetan baino ez zen estreinatu. Hara hurbildu ziren, oinez eta pelegrin, zientoka, milaka neska gazte, Rumi, Mira eta Zoey pertsonaiak bandera eta eredu dituzten nerabe majoak. Guk bestelako modu batzuetan barneratu genituen feminismo kontuak. Gaur egungo ahizpa nerabeak, berriz, feministak bihurtzen dira demonioak ehizatu ahala.
Torrentek zazpi milioi euro poltsikoratu ditu asteburu batez. Aldi berean, igande gauean, aipaturiko neska horiek ereserkia hartu duten Golden abestiak Oscarra irabazi zuen, lehiakideak aho bete hortz eta belarri motz utziz. Los Angeleseko aretoan inork ez zuen ulertu garaipen horren garrantzia.
Inork ez? Bueno, bai, bene-benetako freak den Guillermo del Torok bai. Zutik jarri zen, kantaren egileak txaloz hartu eta ondratuz eta inguruan zeuden lagunak sutsu animatu zituen abesten hasteko.
Ortodoxoek pentsatzen duten baino iraultza gehiago daude abian, martxan. Mundua mundua denetik gertatu izan den moduan, baztertuek hartu izan dute hainbat bandera lepoan eta aurrera egiten dute. Bastilla eta Neguko Jauregiaren konkista haiek bezain premiazkoa da Oscarretako tenplua gure egitea. Demon Hunters-ek egin duten bezala.
Nik, zuek izango banintz, buruz ikasiko nituzke Golden-eko hitzak: «I was a ghost, I was alone/ Given the throne, I didn't know how to believe/ I was the queen that I'm meant to be». «Dir-dir handiagoa egiten dugu elkarrekin bagoaz […] . Gorantz, gorantz, gorantz. Iritsi da gure garaia».
