Garai nahasiak bizi ditugu. Egun batean, Trumpen muga-zergak igoko dituen iragarpenak esnatzen gaitu; bestean, Bridgestonek 300 pertsona kaleratuko dituen ezustekoa da begiak irekitzen dizkiguna; eta hurrengoan Pedro Sanchezek loa kentzen digu, Madrilgo tribuna batetik aurrekontu militarra 10.000 milioi euro igoko duela botaz. Inork ez daki zer datorkigun zehazki gainera, baina itxura onik ez du.
Egoera honetan, kulturaren munduko jendearen ahotsa gehiago entzungo nuela uste nuen. Ikaraz beteriko ahotsa, alegia. Ez dakit paralizatuta ote gauden, untxiak kotxeen argien aurrean nola, edo, superstizioso, altu esan ez badugu, gertatuko ez dela uste dugun, baina hor doa erakusleihoa apurtuko duen harria: dirua industria eta armagintzara bideratzen bada, kulturaren arloak galduko du. Alderdi guztiak ezkutu soziala ukitu ezin dela aldarrikatzen ikusi ditudan arren, bati ere ez diot entzun ezkutu kulturalari buruzko ezer, halakorik badago. Ez da sibila izan behar iragarpen hori asmatzeko.
Gainean izan baino lehen hasi beharko ginateke kontingentzia plana pentsatzen, denon artean eta elkarri ekarpenak eginez; izan ere, lankidetza izango baita plan horren oinarria, bai ala bai. Kapitalismo gordinak nora eraman gaituen ikusita, jakina beharko luke, teoria ekonomikoak kontrakoa badio ere, konpetentziak aniztasunaren akaberara eramaten duela, indartsuenaren agintaldira. Kulturan ez luke zertan halako indar gatazkarik egon. Egiteko manerak daude, kultur esparru, modu, publiko eta formatu anitz, eta bakoitzak du bere lekua eta garrantzia. Kulturazale dena beti da potentzialki kulturazaleagoa: musika entzuteak ez dio antzerki zaleari gustua kentzen; kontrakoa, kuriositatea suspertu eta agertokiekiko maitasuna areagotu diezaioke. Kultura zabaltzea da hura biziraun eta indartzeko lehen pausoa, eta hori denon artean egin daiteke, ez batzuk besteen kontra.
Bigarrenik, sistemaren iraunkortasunean pentsatu beharko dugu, handitze etengabearen kimera baztertuz. Ez dugu mantentzeko garesti diren azpiegitura gehiago behar: horiek sormenaz eta jakinduriaz betetzea izango da erronka. Errekurtso gutxiago badago, azkarrena litzateke horiek konpartitzea, bateratzea, batzuen indarguneak besteen ahulguneei aurre egiteko erabiltzea. Zuek egunerokoan erabiltzen ez duzuen agertoki bat duzue museoan eta guk entsegurako espazioa behar duen antzerki taldea? Match.
Pandemian gertatu zen, itzalaldian gertatu zen: krisiaren aurrean, denok laudatu genuen saretzea, komunitatea, elkarlaguntza. Eragile, erakunde, kulturgile eta kulturzaleok: krisia datorkigu. Badakigu aurre egiteko gure armarik indartsuena ez dela, zorionez, Israelen ekoizten; denon artean ehundu beharko dugu, etxetik eta etxerako.