ZUZENDARI BERRIAK
Katarsi edo ez
Donostian gaude, 1970eko hamarkadan. Ur kontagailuen fabrikako langileak baldintza duinago batzuen aldeko borrokan ari dira. Lanuzteak egin dituzte, manifestazioak eta protestak, baina hitzarmen berria iristean nahikoa ez dela pentsatuko dute batzuek. Langile talde bat egin daitekeenaz eztabaidatzeko elkartu da. Bertan sortuko dira lanaz harago doazen dilemak: zentzua al du lan baldintza duin batzuk lortzeak gure bizitza pertsonalean askeak ez bagara?
Urte batzuk igaro dira. Fabrika aspaldi utzi dute atzean batzuek, eta beste batzuek bertan jarraitzen dute;Â familia aurrera atera beharrak eraman zituen garai hartan eztabaidatutako baldintzak onartzera. Alde egin zutenetako batzuk basoan bizi den komunitate batera joan ziren. Beste bizitza bat bilatzen duten pertsonek osatutako komunitate buruaskia da. Taldean egindako ariketa katartikoen bidez, hobeto ezagutu nahi dute euren burua, aske izateko bide bezala. Eme, fabrikan ibili zen emakume bat, komunitatera hurbilduko da.
Irati Gorostidi Agirretxe zinemagile nafarrak Ultzamako bailaran 1980ko hamarkadan egon zen Arco Iris komunitatea hartu du oinarri bere lehen film luzea osatzerako garaian. Urteak igaro ditu komunitate honi buruz ikertzen; izan ere, gertutik datorkio jakin-mina: haren gurasoak talde horren parte izan ziren.
Esperientzia bat da Gorostidi Agirretxeren filma. Komunitateak antolatzen zituen ikastaroetan murgilduko gaitu, eszenak behar adina luzatuz, barruan zeuden pertsonen garrasi, marru, izerdi eta malkoak ia azalean sentitzeraino. Deserosoa da. Nazka apur bat ere ematen du. Baina zinemagile nafarra ez da esperientzia hutsean gelditzen. Komunitaterik askeenak ere botere dinamikak pairatu behar dituela erakutsiko digu, eta taldean egite horrek eratzen zaila den ardura kolektibo bat exijitzen duela ikusiko dugu.
Emeren bidez bideratzen du filmak ikusten ari garen horren guztiaren arroztasuna. Kanpo begirada bat eskaintzen digu, kuriositatez hurbiltzen dena, baina baita eszeptizismoz ere. Pertsonaia honen bidez Gorostidi Agirretxek nolabait baimena ematen digu interesgarri zaiguna hartzeko, baina baita zentzugabekeriei barre egiteko ere.