SAIL OFIZIALA
Zuzendaria: Ah Biao. Gidoia: Ah Biao. Argazkia: Ah Biao. Antzezleak: Zheyan Li, Feng Qi, Sanming Han, Gang Zheng, Tao Guo. Iraupena: 78 minutu. Herrialdea: Hong Kong - AEB - Hego Korea.
Â
Mugak
Film baten planoak filmatzean, aktoreak «lehendabizikora» deitzen dituzte, planoa abiatuko den lekura, kamera aurrera. Ingelesezko back to one esamoldetik dator. Aktoreak akziorako prest jartzen dira, eta soinua nahiz irudia prest daudenean, planoaren filmaketa abiatzen da. Hain zuzen filmatu aurreko istant horretan, aktorea izoztuta dago, lasterka egitera doan atleta bezala, datorrenean zentratuta guztiz. Ah Biaok posizio horretatik abiatzen ditu plano guztiak Bian Jing bitxi honetan, hieratismo hutsez betetako hainbat segundo txertatuz plano guztietan. Inakzioaren gorazarre moduko bat da, non ikuslearekin dialogo arraro bat sortzen den ezinbestean, hura begira eta zain baitago.
Ez da halako gauza bat egiten den lehen aldia, Rainer Werner Fassbinder-ek egin zuen Katzelmacher-en (1969). Aktorearen off-eko inakzioaren eta on-eko akzioaren arteko muga horretan gertatzen zena esploratzea zen asmoa, zinemaren barrunbeen metairakurketa bat proposatuz. Hemen ere horixe egiten da, eta teknika horrekin maitasun istorio sinple bat kontatzen zaigu, hutsala, zinez batere garrantziarik gabekoa, oso modu hotzean filmatuta gainera, beti tripode gainean geldi dagoen kamera batez, soilki, espresiorik gabe. Dena da lerroartea hemen, filmak proposatu egiten du, eta gainerako guztia ikusleari dagokio. Ariketa interesgarria da, baina beti ere asperduraren mugan dagoena.