Donostiako 74. Zinemaldia

'La bola negra'

'La bola negra' filmeko fotograma bat. DONOSTIAKO ZINEMALDIA
'La bola negra' filmeko fotograma bat. DONOSTIAKO ZINEMALDIA
Uxue Arzelus Lasa.
Donostia
2026ko irailaren 23a
17:42
Entzun 00:00:00 00:00:00

Perlak saila

Zuzendaria: Javier Calvo, Javier Ambrossi. Gidoia: Javier Calvo, Javier Ambrossi, Alberto Conejero. Argazkia: Gris Jordana. Antzezleak: Guitarricadelafuente, Miguel Bernardeau, Carlos Gonzalez, Milo Quifes, Lola Dueñas, Penelope Cruz, Glenn Close. Iraupena: 159 minutu. Herrialdea: Espainia, Frantzia.

Lorcaren handitasunean

1937. Santanderko herri bateko biztanleak italiar faxisten hegazkinei harrera egiteko prestatzen ari dira. Herriko musika bandan dago Sebastian, tronpeta jotzen du, eta hegazkinak herria bonbardatzen hasten direnean ihes egitea lortuko du. Mendian babes bila dabilela, soldadu frankistez betetako kamioi batekin topo egingo du, eta haien bandoan dagoela garrasi egin ondoren, haiekin eramango dute. Fusila eskuetan jarri, eta preso hartu duten gazte errepublikano bat zaindu dezan agintzen diote Sebastiani, dituen zauriak sendatzean informazioa ateratzen saiatuko baitira.

1932. Carlos Granadako Kasinora doa. Dotore dago jantzita, eta eskailerak konfiantzaz igotzen ditu, zer egiten duen jakingo balu bezala. Bulegora sartzen uzten diotenean jendez beteta dagoela ikusiko du; mahai luze baten atzean daude, hari begira. Bozketa hasiko da orduan, bola zuriak baiezkoak dira, bola beltzak ezezkoak. Emaitza argia da: bola beltzen gehiengoarekin Carlos ezingo da Kasinoko bazkide izan. 

2017. Alberto antzerkigile ohiak historialari gisa egiten du lan Madrilen. 1920ko hamarkadako herri-musikan dauden queer identitateen inguruko ikerketa ari da egiten. Ezagutzen ez zuen aitonaren abokatuaren deia jasoko du ezustekoz, aitonak herentzian zerbait utzi diola, eta Santanderrera joan behar duela bila. Albertok ez dauka oso harreman ona bere amarekin, eta bere aitari buruz hitz egiten dionean, gizonak haurra zela abandonatu zuela kontatzen dio, eta abokatuarengana joan ez dadila eskatuko dio. 

Itxuraz loturarik ez duten hiru istorioek hiru garai eta hiru gizon dituzte protagonistatzat, hiru gizon homosexual, eta Calvok eta Ambrossik batetik bestera egiten dute salto, lotzen dituen haria Federico Garcia Lorca eta inoiz bukatu ez zuen La bola negra antzezlana direla erakusten digutelarik. 

Aitortu beharra dut ez dudala Javier Calvoren eta Javier Ambrossiren ezer ikusi. Aukerak izan ditut, noski, baina haien irudi publikoak beti eman dit nolabaiteko alferkeria, eta interesa galtzera eraman izan nau. Beraz, La bola negra da Los Javis-en mundura egiten dudan lehen gerturatzea, eta hotz uzten ez zaituen mundua iruditu zait. La bola negra gauza asko baita. Handia da, ikusgarria, dotorea zenbaitetan, agerikoa batzuetan, lotsagabea eta ausarta. Isilarazi dituzten gizon gay-ei ahotsa eman diete bi zinemagileek, eta batzuetan gauzak azpimarratu eta ulertarazteko nahiak kontakizuna apur bat trakestu egiten badu ere, historiaren zati hau benetan kontatzeko beharra izatearen isla da, eta hunkigarria da. 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA