Culinary zinema
Amestutako egia hori
Borgoinan gaude, Frantzian. 80 urte inguruko Bertrandek 160 urte martxan daramatzan ardo negozioa du, eta mahastiz inguratutako gaztelua dirudien etxe batean bizi da. Bere negozioa hurrengo belaunaldiaren esku uzteko prest dago, bere biloba Melchiorri esaterako, baina gazteak Parisko finantza munduan du interesa. Enzo gazteak hamabost urtez lan egin du ardotegietan, eta ardoa egitearen prozesuko pauso guztietan trebatu da. Bere ametsa noizbait bere mahasti eta ardo propioak edukitzea da, baina ez dator ardogile familia batetik, eta ez du dirurik lursail bat erosteko. Patrick Michelin izardun jatetxe bateko maitre esperientziaduna da, zorrotza eta perfekzionista, eta, erretiroa hartzekotan dagoenez, Matteo gaztea formatzen hasiko da, bere erreleboa izan dadin. Guillaume ardo kritikaria da, dibortziatu berria, eta terapia era askotarikoak probatzen dabil bere traumak lantzeko.
«Ondoren datorren guztia egia da. Guk amestu genuen bezalaxe». Esaldi horrekin hasiko dute Burgundy filma Michael Dweck eta Gregory Kershaw zinegile estatubatuarrek. Egiatik apur bat eta irudimenetik asko duen filma da; eta ardoen munduan ezagutza dutenek beharbada egia hori xehetasun gehiagotan aurkituko dute. Iritsezina dirudien mundua erretratatu dute estatubatuarrek, ardoaren inguruko zehaztasunak arretaz begiratuz. Denak du amets eta irudimenezko kutsu bat, eta argazki zuzendariak ere badiren zinegileek errealitateak eskaintzen dien ikusgarritasuna plano bakoitzean islatu dute. Gainera, itxurakeriatik asko duen negozio bati umorez heltzen dio Burgundy-k: ardo kritikariaren terapia saioetako zentzugabekerietatik, maitreak emozioz kantatzen dituen plater zerrenda luzeetaraino. Baina hori guztia ez da nahikoa, motza bada ere, errepikakorra egiten den film baten interesa mantentzeko. Pertsonaia guztien lanketa azalekoa da, eta istorio zentralaren pisua daraman pertsonaian apur bat sakontzeko saiakera egiten duenean ez du funtzionatzen. Beharbada dokumental «klasiko» batek kontatzeko asko dutela dirudien pertsonaia hauek ezagutzeko aukera handiagoa emango luke.