PERLAK
Hazi-minak
Peter New Yorken bizi da. Bizitza gauez egiten du, festak antolatzen lan egiten baitu. Festez ere gozatu egiten du, drogaz eta gela ilunez betetako gauak bata bestearen atzetik lotuz. 35 urte ditu Peterrek eta hamar bat urte igaro dira zaletasuna zen hori lanbide bihurtu zuenetik. Ez dirudi, ordea, lan gehiegi egiten duenik, parranda luze batean bizi baita, eta lagunei droga onak eskaini eta festetan azaltzea beste erantzukizunik ez baitu. Bere etxean azalduko da orduan Edison, Peterrek oroitzen ez duen emakumea, eta harekin dagoen hamar urteko mutikoa Peterrena dela esango dio, bere lagun Eleonorarekin filmaren lehen sekuentzia den festako dark room hartan izan zuen topaketaren ondorio. Eleonorak, ordea, bere buruaz beste egin du, eta, beraz, Peterri dagokio Arlo izeneko haurra zaintzea.
Berria ez den abiapuntua du Jordan Firstman aktore eta umoristak zuzendu, idatzi eta antzeztu duen lehen film luzeak. Hazi nahi ez duen gizonak ezagutzen ez duen haur bat du, eta aske bizi zuen bizitzak bilatu ez dituen erantzukizun berriak izango ditu. Hemen, ordea, gizon hori gaya da, gaueko queer eszenan egiten du lan, eta haurraren ama izan da bere bizitzan izan duen sexu harreman hetero bakarra. Testuinguru honek ikuspuntu berri bat ematen dio ezaguna dugun istorio honi, umorez eta kolorez betetzen duena, eta Peterren aldaketa apur bat esanguratsuagoa egiten du.
Ezaguna dugu kontakizuna, eta sinesgarritasun falta handia du: protagonistaren bat-bateko aldaketa, aitatasuna zein natural duen, erantzukizun berriak zein erraz kudeatzen dituen. Baina filmaren ahultasunak izan litezkeen hauek barkatu egiten ditugu, Club Kid-ek baduelako feel good movie bat izango denaren zantzua, eta, beraz, aurrera goaz kontatzen digunarekin. Horrela, Peterren pisuan alokairua ordaindu gabe bizi den Azerbaijango queer mutikoaren ateraldiak entzun nahi ditugu, egozentrikoa eta nahiko jasangaitza den baina ona dirudien gizonak bera ez den norbaitekiko duen ardura ikusi nahi dugu eta, batez ere, Arlo eta Peterren arteko harreman polita babestu nahi dugu, bat-batekoa bada ere, hotz dirudien gizonaren bizitzari ezusteko goxotasuna ematen baitio.