Donostiako 74. Zinemaldia

'El deshielo'

'El deshielo' filmaren fotograma bat. DONOSTIAKO ZINEMALDIA
'El deshielo' filmaren fotograma bat. DONOSTIAKO ZINEMALDIA
Uxue Arzelus Lasa.
2026ko irailaren 24a
14:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Horizontes latinos

Inork ez daki ezer

9 urteko Ines aitona-amonen hotelean igarotzen ari da negua, mendian. 1992. urtea da Txilen, eta haren gurasoak Sevillan daude, bertan gertatzen ari den erakusketa unibertsalean haien herrialdea ordezkatzen. Txilek iceberg bat eraman du Espainiara, erakusketan jartzeko; azken urteetako min eta biolentziaz harago haien herrialdeak bestelako gauza ikusgarriak ere badituela argi utzi nahi zuten. Sekretua bada ere, iceberga bidetik apur bat urtu zela daki Inesek.

Inesek ezagunak ditu hoteleko pasillo, gela eta txoko guztiak. Gurasoen faltan, langileek zaintzen dute, eta haurrak harreran, garbitegian edo bereak ez diren logeletan igarotzen ditu orduak. Kuriositateak bultzatuta, Hannarengana hurbilduko da. Eski pistetan entrenatzera etorri diren gazte alemaniarren artean dago neskatoa, 14 urteko eskiatzaile profesionala. Nazkatuta dago Hanna, etengabeko presiopean, eta gustura hartuko du Inesen konpainia. Gau batean Hanna desagertu egingo da, eta Inesek bilaketarako garrantzitsua den informazio ugari badu ere, amonak isilik gelditzeko eskatuko dio, hitz egiten badu arazoak ekarri ditzakeela familiarentzat.

Manuela Martelli zinemagile txiletarraren bigarren lan luzea da El deshielo. Txileko demokraziaren lehen urteetan kokatuta, sekretuz eta erdi egiaz beteriko bilaketa bat erretratatuko du Martellik, eta elurra urtu ahala ezkutatutako horiek argitara ateratzen hasiko dira, denek beste aldera begiratu nahi badute ere. Zinemagile txiletarrak geruzaz bete du bere kontakizuna, eta desagertutako gazte alemaniar baten bilaketa diktadura bat bizi izan duen gizarte baten isiltasunaz hausnartzeko aitzakia izango da. Beste alde batera begiratzea arau bilakatu zen garaian, Martellik ikusmina duen haur baten begiradapean kokatuko du ikuslea, guztiz ulertu gabe informazio apurrak jasoz doan neskatoari jarraituz. Filmak une horietan funtzionatuko du hobekien: azpimarratu beharrik gabe, agerikoa bilakatu gabe, informazio apurrak jaso, eta herrialde bateko historiaren zama, elur malutak bezala, apurka pilatuz doanean.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA