Donostiako 74. Zinemaldia

'Esta soledad'

Javier Ginerren Esta soledad filmeko irudi bat.
Uxue Arzelus Lasa.
2026ko irailaren 25a
11:51
Entzun 00:00:00 00:00:00

zuzendari berriak

Zuzendaria: Javier Giner. Gidoia: Javier Giner, Luisa Matienzo. Antzezleak: Oriol Pla, Marina Salas, Gemma Martinez, Kai Etxaniz, Itziar Lazkano. Iraupena: 110 min Herrialdea: Euskal Herria eta Espainia. 

Bakardadetik eraikiz

Leo eta Lorea jada ez daude elkarrekin. Elkarrekin egon ziren, etxea, liburuak eta bizitza partekatuz, baina orain banandu egin dira, eta bakoitzak bere bidea hasiko du. Leo aktorea da. Clown antzerkitxo bat du, taberna eta eszenatoki txikietan antzezten duena, eta egunez supermerkatu batean egiten du lan. Gaixo duen aitaz ere arduratzen da, izekoren laguntzaz. Lorea idazlea da, liburu bat publikatu du, eta gurasoekin ez du oso harreman ona: amak dioen bezala, haiek hobeto moldatzen dira distantzian daudenean eta telefonoz, eta aitarekin ez du hitzik ere egiten. Berriro ere idazten saiatzen ari da Lorea, baina bizitzak gainezka egiten diola dirudi.

Elkarri bakardadea betetzen zien bikote harremanaren amaieran hasiko da filma, zuten hori bukatzean bizitza zerotik eraiki behar dutela dirudien une horretan. Ez dute, ordea, zerotik eraikiko. Bakoitzak bere zama eta zauriak ditu, eta bizi duten ezegonkortasunak (bai laboralak, baita emozionalak ere) ez die beren burua zaintzeko tarte handirik uzten. Javier Giner Barakaldoko zinemagilearen lehen film luzea da Esta soledad. Yo adicto telesailean izandako arrakastaren ondoren, Oriol Pla aktore katalanarekin errepikatuko du protagonista lanetan. Haren ondoan, beste aktore katalan bat: Marina Salasek antzezten du Lorearen papera.

Kontakizuna Leoren antzerkiarekin hasiko da. Oso antzerki fisikoa da, gorputz guztiarekin espresatzen da gizona, eta, esaten duena guztiz ulertzen ez badugu ere, guztiz hipnotikoa da.

Bada, filmak aurrera egin ahala, antzerki batean egotearen sentipena izan dut; tamalez, artifizio guztiak ikusten zaizkion antzerki bat izan da. Izan ere, une askotan sentitu dut gidoiak ikusle bezala eraman nahi gintuen lekura eramaten gintuela. Argi dago hori dela gidoi baten helburua, baina ohargarri izateak filmetik atera nau. Naturalak egin ez zaizkidan hainbat harremanekin gertatu zait, indarrez sartutako esaldiekin, eta orokorrean kontrastea falta zaion etsipenezko tonuarekin.

Gogorregia izaten ari naiz barakaldarraren filmarekin, badakit; izan ere, belaunaldi oso baten gaitzak diren gaiak tratatzen ditu Esta soledad-ek, eta agerikoa da horren atzean dagoen amorrua eta frustrazioa. Gainera, dutenarekin bizirauten saiatzen ari diren pertsonaiak zaintzen ditu Ginerrek, haien miseriekin espektakulurik egin gabe. Ezin izan dut, ordea, filmak eskaintzen dituen hausnarketa interesgarriez gozatu, behin nire buruak gortina atzeko trikimailuak ikusita ezin izan baitut haratago begiratu.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA