Donostiako 74. Zinemaldia

'La ilusión de un verano sin fin'

'La ilusión de un verano sin fin' filmeko irudi bat.
'La ilusión de un verano sin fin' filmeko irudi bat.
Uxue Arzelus Lasa.
2026ko irailaren 23a
10:11
Entzun 00:00:00 00:00:00

horizontes latinos

25 urtez luzatzen diren lanak

Guillermina eta Belinda, Guille eta Beli, Argentinako landa eremu batean bizi diren bi lehengusina dira. 10 eta 9 urte dituzte, eta bizi oso bat dute aurretik. Belik dantzari eta abeslaria izan nahi du, eta Guillek ez du mutil lagunik izan nahi; beldurra du, pelikuletan beti abandonatzen baitute neska. Lehengusinak baino, ahizpak dirudite. Lagun minak dira, eta egunak elkarrekin igarotzen dituzte etxe ondoko ubidean bainatzen, eta batez ere mozorrotu eta helduen bizitzak antzezten. Geldiezinak dira neskatoak, haurtzaroak ematen duen ausardia horrekin argiz betetzen dute pantaila, eta erraztasun berarekin abestuko dute Pasión de gavilanes telesailaren kanta osoa edo antzeztuko dute Guilleren fikziozko senarraren hileta, Belik apaizaren papera egiten duen bitartean. Baserriko lanak eszenatoki bezala, bi neskak haien mundu propioan bizi dira, barrez, kantuz eta konplizitatez beteriko mundu batean.

Kamera atzean, eta neskatoek behar handirik ez badute ere, zirikatzaile gisa, Alessandra Sanguinetti dago. Argazkilaria da Sanguinetti, eta 1999. urtean ezagutu zituen Guillermina eta Belinda. Argazkiekin hasi, eta bideoa gehitzea erabaki zuen, bi neskatilen energia eta espektakulurako gaitasuna ikusita. 25 urtean zehar jarraitu du bikotea, haurrak zirenetik haiek ere haurrak edukitzeraino, eta ondoren haur horiek hazi eta Guille eta Belik filmaren hasieran zuten adina izan arte. 

Haurrak hazi ahala, Sanguinettiren kontakizuna elipsiz betetzen joango da, amaitzen ez ziren uda horiek helduaroan istant batean igaroko dira, eta Guille eta Belik txikitan zuten argi eta kolore hori, bizitzaren gorabeherak direla eta, apur bat itzaltzen joango da. Atzean gelditu dira txikitako amets eta nahiak, eta errealitateak pisu handiegia du antzerkiz betetzeko. Zinegile argentinarrak, ordea, goxotasun beraz begiratzen ditu emakumeak, bera, kameraren atzean dagoen ikusle bat baino gehiago, konplize bat baita, eta nekazari kontestu batean hezi diren protagonistekiko epairik edo gurasokeriarik gabe erretratatuko ditu bi emakumeak, 25 urte iraun duen esperimentuaren bidelagun bezala. 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA