Donostiako 74. Zinemaldia

'Josephine'

'Josephine' filmaren irudi bat. ZINEMALDIA
'Josephine' filmaren irudi bat. ZINEMALDIA
Uxue Arzelus Lasa.
2026ko irailaren 25a
11:44
Entzun 00:00:00 00:00:00

perlak

Zuzendaria: Beth de Araujo. Gidoia: Beth de Araujo. Antzezleak: Channing Tatum, Gemma Chan, Mason Reeves. Iraupena: 120 min. Herrialdea: AEB.

Zer egin beldurrarekin?

Josephine, 8 urte dituen neskatoa, bere etxeko garajean dago. Kamera bera dira haurraren begiak, eta, beraz, bere arnasa entzuten dugu, gutxinaka asaldatzen doana. Garajeko atea irekita dago eta kanpoan aita dago, haurrari argibideak ematen: atea ixteko barruan dagoen botoiari eman behar dio haurrak, eta ondoren korrika atera, baina ateak sentsore bat duenez, salto egin behar du jaisten doan atearekin kontuz ibiliz, buruan kolperik ez hartzeko. Salto egiten ez badu, ordea, sentsoreak norbait dagoela sumatuko du, eta berriro irekiko du atea. Josephinek arretaz entzungo ditu aitak esandakoak, baina botoiari ematean izoztuta geldituko da, beldurtuta. Aitak beldurrik ez izateko esango dio, izurako lekurik ez dagoela han, eta berriro saiatzeko. Bigarren aldian argibideak jarraituz irtengo da Josephine, aitaren harrotasun begiradapean.

Informazio asko ematen du Beth de Araujoren azken film luzeko lehen eszena honek. Filmaren tonua ezarriko du hasteko: haurrarekin igaroko dugu film guztia, ez gara haren ondotik bananduko, eta arnasari eutsiko dugu, Josephinek bezala beldurra askatu ezinik. Aitaren eta alabaren arteko harremana nolakoa den ere adierazten dizkigute lehen minutu horiek, baita aitak duen gatazkak kudeatzeko era ere. Eta, azkenik, justizia sistemaren paralelotasun bat marraztuko du De Araujok: ateak bezala erraza behar lukeena pauso eta tramite zentzugabeen labirinto bat bilakatzen da.

Josephine bortxaketa baten lekuko izango da. Aitarekin igandero korrika egitera joaten den parkean gertatuko da, baina une hartan haurra bakarrik egongo da, eta ikusten duena guztiz ulertu gabe, izoztuta geldituko da. Haurraren begiradatik ikusiko ditugu orduan gertatutakoaren ondorioak; Josephineren beldurretik eta nahastetik, aitaren emozioak kudeatzeko ezintasunera, baita amak duen haurraren ongizate psikologikoaren gaineko kezka eta ardura ere. Zinemagile estatubatuarrak amildegian jarriko gaitu, edozein unetan eztanda egin dezakeen tentsio konstante batean, eta Josephineren beldurra amorrua eta gizonekiko mesfidantza bilakatzen denean, harekin gaude. Gertatzen diren gauza txarren injustiziaz ikasiko du ulertzeko gazteegia den Josephinek, eta haurraren begiradatik aspaldi ikasia genuenoi, normalizatutako hori birpentsatzeko aukera emango digu De Araujok.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA