Donostiako 74. Zinemaldia

'Markens grode / Grouth of the Soil'

'Markens Grode' filmeko fotografama bat. DONOSTIAKO ZINEMALDIA
'Markens Grode' filmeko fotografama bat. DONOSTIAKO ZINEMALDIA
lander garro
Donostia
2026ko irailaren 24a
04:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

SAIL OFIZIALA

Zuzendaria: Hans Petter Moland. Gidoia: Hans Petter Moland, Gard B. Eidsvold. Argazkia: Oskar Dahlsbakken. Antzezleak: Herbert Nordrum, Asta Kamma August, Gard B. Eidsvold . Iraupena: 155 minutu. Herrialdea: Norvegia, Danimarka, Alemania.

Bere aurreko Our Stealing Horses (2019) filmeko unibertsora garamatza berriz Hans Petter Molandek Markens grode honekin, orduko landa eremura. Honakoan ere apenas mugitzen den (uste dut behin ere ez dela mugitzen) kamera batekin kontatzen zaigu istorioa. Honek esan nahi du, mugimendu bakarrak direla kamera aurrean daudenek egiten dituztenak, bai plano barruan, eta bai planoan sartuz eta handik atereaz. Irudituko zaizue tontakeria tekniko bat, baina ez da, filmatzeko modu horrek sortzen duelako konpromiso aktibo bat ikuslearengan, planoa deskubritzeko eta interpretatzeko etengabeko ariketa. Geldoa da, baina ez duzu atsedenik hartzen, koadro baten aurrean bezala, haren formak eta esanahiak bilatzen zabiltzalako.

Bikote baten sorrera eta biziraupena kontatzen zaizkigu filmean. Baita ere maitasuna, jaiotza, desira, zeloak, leialtasuna. Bizitza den izararen tolesturak eta txatalak, urradurak, orbanak, hari solteak. Kondiziorik aldrebesenetan sortutako maitasunaren parte da ikuslea, haien denbora eta hotza sentitzen dituelako, haien azalean sartzen delako, haien erraietan. Gardens grode-k, literalki, lurraren sormena esan nahi du, haren uztari erreparatuta. Bizitza nagusitu egiten da beti. Berdin du nola eta noiz. Eta bai, bizitza dario film honen fotograma bakoitzari. Izugarri daude aktore guztiak, baina bereziki gustatu zait Herbert Nordrum, eta haren plantak eta indarrak filmari ematen dioten konsistentzia eta sendotasuna. Maskorrerako hautagaia izango da dudarik gabe.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA